Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lautadatik Arabako haranetara: Topaketarako lekuak

Gesaltza-Añana (Añana)

Gatzagak

Erdi Aroko hiribildua da. Horren herrigune gotortuak aldaketa handiak izan ditu hasierako egituran eta antolamenduan. Haran deitutako muino txikiaren gainean ezarritako antzinako herrigune honek egungo Cerca Alta, Cerca Baja, Calle del Arco eta Calle de la Nevera kaleak barne hartuko lituzke. Mendebaldeko muturrean gaur egun desagertutako San Kristobal tenplua zegoen, harresien babesa indartzeko. Eraikinak hegoaldeko erdian biltzen ziren. Etxe horiek landa-bizimodua islatzen dute eta Erdi Arotik datozen eredu sinple eta praktikoak errepikatzen dituzte.

Antzinako herrigune gotortuaren ondoan Merkatuko plaza dago, eremu publiko nagusia Erdi Aroan zehar. Barrokoak aztarna nabaria utzi du hiribilduko egitura ugaritan: Migel Diaz de Tuesta plaza, Karrera kalea eta Ozpinas plaza. Multzo horiek osatzen dituzten etxeek kalitate handiagoko eraikuntza-materialak dituzte eta bertako hirigintza-egiturek baino handitasun-kutsu nabarmenagoa dute. Gainerakoan, bertako eraikinak elkarri atxikiak dira eta eraikuntza-materialei dagokienez harri-horma nagusitzen da.

Herriari izena ematen dioten bertako gesaltzen inguruan garatu zen ekonomia- eta gizarte-jarduera. Idazle batzuek diotenez, X. mendean ere bazeuden. Izan ere, gesaltzen forua izan zen Arabako lehen toki-foru ezaguna. Alfontso VII.ak eman zion foru hori 1140an, Gesaltza-Añana populatu zuenean Alfontso I.ak emandako antzinako foruak baieztatuz. Gaztelako erregeek gero eta pribilegio eta mesede gehiago eman zizkieten hiribilduko bizilagunei, berori hustea saihesteko. Izan ere, gesaltzaren eta merkataritzaren etengabeko jarduerak errenta oparoak ziurtatzen zizkieten.

Galeria fotografikoa: