Segurtasun Saila

Azken eguneratzea: 2012/09/20

Irailaren 22an hasiko da 2.778 hautes-mahaiak osatuko dituzten pertsonak izendatzeko zozketa

Legearen arabera, izendatutako hautesle guztiek derrigorrez hartu beharko dute parte hautes-mahaietan

Datorren irailaren 22an (larunbata) hasiko den bost eguneko epean, Udalek datorren urriaren 21eko Hauteskunde Autonomikoetarako 2.778 hautes-mahaiak osatuko dituzten 24.500 kideak eta horien ordezkoak izendatzeko zozketa publikoak egingo dituzte. Legeak xedatzen duenez, mahaikide izatera deitu ahal izango da udalerrian erroldatuta dagoen eta irakurtzen eta idazten dakien 70 urtetik beherako edozein pertsona. Izendapenaren ondoko hiru egunetan interesdunak jakinaren gainean jarriko dira, eta beren eginkizunak azaltzeko Eusko Jaurlaritzak argitaratutako argibide-eskuliburua emango zaie.

Eusko Jaurlaritzaren Hauteskunde Administrazioaren Zuzendaritzak prestatutako egutegiaren arabera, hilak 22tik 26ra (larunbatetik asteazkenera), biak barne, Udalek datorren urriaren 21eko hautes-mahaiak osatuko dituzten pertsonak izendatzeko zozketa publikoak egin beharko dituzte Eremuko Hauteskunde Batzordearen begiradapean.

Mahai bakoitzean udalerrian erroldatutako pertsona guztien artean zozketa bidez izendatutako mahaiburu bat eta bi mahaikide egongo dira. Zozketa berean kide bakoitzarentzako bi ordezko ere izendatuko dira. Izendapena egiten denetik hiru eguneko epean jakinarazi beharko zaie interesdunei. Jakinarazpenarekin batera beren eginkizunei buruzko argibide-eskuliburua ere emango zaie; eskuliburu hori Eusko Jaurlaritzaren Hauteskunde Administrazioaren Zuzendaritzak prestatu du hauteskunde-administrazioaren ikuskaritzapean.

Hauteskunde autonomikootan 2.778 hautes-mahai egongo dira. Araban 427 egongo dira, Bizkaian 1.475 eta Gipuzkoan, aldiz, 876. Mahaiok 737 hauteslekutan banatuta egongo dira: 106 Araban, 344 Bizkaian eta 287 Gipuzkoan.

Hautesle guztientzako derrigorrezkoa

Mahaiburu eta mahaikide karguak eta horien ordezkoenak derrigorrezkoak dira, eta hauteskunde egunean bidezko arrazoirik izan gabe bertaratzen ez badira espetxe-zigorra edo isuna jaso dezakete (360 euroko isuna jarri diote pertsona bati ez zelako agertu 2009ko hauteskunde europarretan, mahaiburuaren bigarren ordezkoa izatekoizendatua zegoen). Hala ere, Hauteskundeei buruzko Legeak zenbait salbuespen xedatzen ditu: “Hauteskunde-mahaietan parte hartzerik ez dutela adierazteko aukera izango dute ospitalean dauden gaixoek eta gainerakoek, baldin eta medikuaren egiaztagiria aurkezten badute, hauteskunde-barrutitik kanpo bizi direnek eta itsasoan direnek edo beste edozeinek, ezina zuritzeko arrazoiren bat badu eta agiri bidez frogatzen badu”.

Gainera, ezingo dira mahaikide izan, ezta ere, Hauteskunde Batzordeetako kideak, hauteskundeetara hautagai gisa aurkeztu direnak, hauteskunde edo izendapen aske bidez aukeratutako kargudun publikoak edo eskubide zibil eta politikoak erabat indarrean ez dituzten pertsonak.

Jakinarazpena jaso ondorengo zazpi egunetan, izendapena jaso dutenek hautes-mahaian ez parte hartzeko izan ditzaketen alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte Eremuko Hauteskunde Batzordearen aurrean.

Hauteskundeotan, pertsona bakoitzarentzako 75 euroko dieta xedatu da mahaiburuarentzat eta mahaikideentzat. Gainera, mahaiko kide guztiek gizarte segurantzaren babesa izango dute beren egitekoak betetzerakoan gerta daitezkeen istripuen aurrean.

Hautes-mahaiaren egitekoak

Hautes-mahaiaren egitekoa bozketaren buru izatea eta botoak hartzea, boto-zenbaketa egitea eta hauteskunde-egunean Hauteskunde Legea betetzen dela egiaztatzea da.

Hauteskunde-egunean, mahaiburuak, mahaikideek eta ordezkariek hauteslekura joan beharko dute goizeko zortzietan hautes-mahaia osatzeko. Ordu horretantxe egiaztatuko da hautesontziaren eta botoa emateko kabinaren egoera eta boto-txartelak, gutun-azalak eta gainerako hauteskunde-inprimakiak badaudela.

Goizeko bederatzietan hauteslekua ireki ondoren, mahaikideak hautesle bakoitza identifikatzeaz eta erroldatuta dagoen egiaztatzeaz arduratuko dira, besteak beste.

Arratsaldeko zortzietan bozketa ixten denean, postaz bidalitako botoak ireki eta hautesontzian sartuko dituzte. Ondoren, ontzia ireki eta botoak zenbatuko dituzte, eta Epaitegian emango dituzte hauteskunde-agiriak.

Interneteko informazioa

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak www.elecciones.net webgunea abiarazi du. Webgune horrek urriaren 21erako aurreikusitako hauteskundeei buruzko deialdiari lotutako informazio osoa jartzen du erabiltzaileen eskura. Webgune horren bidez, Internetetik informazio eta zerbitzuen sorta zabala kontsulta daiteke, aurreko bertsioen aldean erantzuteko gaitasun hobea daukana. Bozkatzeko prozedurei, posta bidezko botoari eta hautesleei sortzen zaizkien zalantza nagusiei protokolo bizidunen eta grafikoen bidez erantzuten zaie, eta horrek ulermena errazten du.

Webgunearen atal aipagarrienen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: prozesuaren egutegia buruzkoak, bozkatzeko prozedura eta posta bidezko botoaren prozedura, Hautesleen gida hauteskunde-mahaietako kideentzako gida, galderak eta erantzunak, elektronikoak. Berritasun nabarmenen artean, honako hauek azpimarratu behar dira: pausoz pauso urratseko gidaliburuak, botoa emateko orduan erabiltzaileari sor dakizkiokeen prozedurazko zalantzak modu atseginean eta grafikoan argitzeko aukera ematen dutenak.

Halaber, webguneak Sailak alde beretik zabaldu duen twiiter kontua (@hauteskundeak) harpidetzeko aukera ematen du. Kontuak hauteskunde-prozesuari lotuta sortzen diren albisteei buruzko komunikazio bidea ematen du ia denbora errealean. Horrez gain, 012 telefono-zenbakia jarri da erabiltzailearen esku, kontsulta pertsonalizatuak egiteko.