Segurtasun Saila

Azken eguneratzea: 2012/10/04

Gauerdi honetan hasiko da Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde kanpaina

EAEko gastu muga 1.540.745,15 eurokoa da hautagaitza bakoitzeko

Gauerdi honetan, hamabietan puntu-puntuan, datorren urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde-kanpaina hasiko da. Datorren 19ko gaueko hamabietara arte alderdiek herritarren botoa erakartzeko jarduerak egin ahalko dituzte publizitatea, propaganda, mitinak eta bestelako jarduerak erabiliz. Hiru lurraldeetan aurkezten diren hautagaitzek Herrizaingo Sailak 1.540.745,15 eurotan finkatutako hauteskunde gasturako muga dute. Alderdiek kartelak eta bestelako propaganda kendu beharko dute hauteskundeak egin eta hurrengo hamabost egunetan.

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legeak “botoa erakartzeko helburua duten legezko jarduera multzo” gisa definitzen du hauteskunde-kanpaina. Legezko testu horrek berak azaltzen du jarduerak hautagaiek, alderdiek, federazioek, koalizioek edo hautesle-taldeek bakarrik garatu ahalko dituztela. Kanpaina honetarako alderdiek Herrizaingo Sailak ezarritako gastu muga dute: 340.669,95 euro Araban; 505.719,88 Gipuzkoan eta 694.355,32 euro Bizkaian. Hiru lurraldeetan parte hartuko duten alderdiek ezingo dute 1.541.197,37 euroko muga gainditu.

Hauteskunde-kanpainan zehar, hautagaitzek titulartasun pribatuko egunkarietan eta irrati-etxeetan publizitatea kontratatu dezakete. Hala eta guztiz ere, kontzeptu horrekin egindako gastuek ezingo dute aurreikusitako gastu mugaren % 20 gainditu. Bestalde, alderdi politikoek helburu horretarako dohainik gordetako eta erabilera publikora irekitako lokal ofizialetan egin beharko dituzte euren hauteskunde-ekintzak.  Udalek esparru katalogoak burutzeko eta eguneratzeko erantzukizuna dute, baita horien erakunde titularren aurrean behar bezalako kudeaketak egiteko ere erabilera laga diezaieten.

Propaganda kokatzeko eremuak

Era berean, udalen erantzukizuna da doako propaganda grafikoa kokatzeko berariazko lekuak, hala nola, zutoinak, kale-argiak eta kabinak, zehaztea.

Legeak debekatzen du helburu horretarako esleitutako leku eta eremuetatik kanpo egindako edozein pintada mota. Halaber, ezin dira kokatu banderatxoak, zintak edo antzeko elementuak, pegatinak trafiko seinaleetan edo hiriko beste edozein seinaleztapen gunetan, propaganda grafikoa udalek ez zehaztutako lekuetan, lurrean jarritako tripodeak, banderak ezta pankartak ere. Era berean, bide publikoan panfletoak botatzea debekatuta dago.

Baimendutako eremuen banaketa Zonaldeko Hauteskunde Batzordeei dagokie, hautagaitza guztiek azalera bera izan dezaten eta antzeko erabilerarekin eskura dauden leku bakoitzean.

Arestian aipatutako doako propaganda grafikoa kokatzeko gordetako lekuez gain, alderdiek kartelak eta hauteskunde-propagandarako bestelako elementuak udalek baimendutako eremu komertzialetan koka ditzakete. Publizitate mota horretan izandako hautagaitza gastuek ezin dute hauteskundeetako gastu mugaren % 25 gainditu.

Hauteskunde Legeak xedatzen du baimenik gabeko lekuetan propaganda grafikoa kokatzea edo inprimatzeak egitea isunekin zigortu daitekeela.

Propaganda kentzeko hamabost egun

Alderdi politikoak legez derrigortuta daude propaganda grafikoa kokatu zuten lekuetatik kentzeko. Hauteskundeak egin eta hurrengo hamabost egunetan egin beharko dute. Hala ez balitz, udalek kenduko dituzte kartel horiek, baina lan horrek sortutako gastuak hautagaitza arau-hausleei kenduko zaizkie dagozkien hauteskunde diru-laguntzetatik.

Bestalde, hauteskunde-kanpainan zehar, hauteskundeetan parte hartzen duten alderdi politikoek Euskal Autonomia Erkidegoaren mendeko eta erkidegoaren lurralde eremura mugatutako estatuko titulartasuneko komunikabide publikoetan eremuak dohainik erabiltzeko eskubidea izango dute. Eremu horien banaketa alderdi bakoitzak aurreko hauteskunde autonomikoetan lortutako boto kopuruaren arabera egiten da.

Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak (AEHB) eskumena dauka hauteskunde-propagandako doako eremu horiek banatzeko. Haren zuzendaritzapean Irrati eta Telebista Batzordea dago, banaketaren proposamena egiten duena. Bertan, hauteskunde hauetan parte hartuko duten eta aurreko Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza zuten alderdien ordezkariak daude.

Titulartasun publikoko komunikabideen antolamenduak informazio neutraltasuna eta komunikabide horien aniztasun politiko eta sozialarekiko errespetua bermatuko du informazio eremu guztietan, informaziorako askatasunarekiko dagokion errespetuaren kaltetan izan gabe.