Segurtasun Saila

Azken eguneratzea: 2012/07/20

Indarrean sartu da Bingo Elektronikoaren EAEko Araudia

EAEko joko aretoak beste autonomia erkidego batzuetako aretoekin konektatzeko aukera eskainiko du

EHAAn argitaratu da, eta hala, EAEn gaur sartu da indarrean Bingo Joko Elektronikoaren Araudia. Arau berriak bingo tradizionalaren aldaera elektroniko honen funtzionamendua arautuko du; beste abantaila batzuen artean, EAEko joko aretoak beste autonomia erkidego batzuetako aretoekin interkonektatzeko aukera eskainiko du, partidak aldi berean partekatu ahal izateko. Enpresek erabiliko dituzten sistema elektronikoak kontrolatzeko oinarri zorrotzak finkatu ditu araudiak; sistemek denbora errealean Administrazioari konektatuta egon beharko dute.
 
“Bingo elektronikoa” deitutako jokoa bingoaren bertsio bat da, eta bingo tradizionalean oinarritutako apustu mota baten arabera jokatzen da. Aldaera elektronikoa bingo aretoetan ere garatzen da, baina bingo tradizionalean ez bezala, honetan sistema, euskarri eta ekipo informatikoak erabiltzen dira, aldaera klasikoan erabiltzen direnekin loturarik ez dutenak.

Gaur indarrean sartu den araudiak zehaztu duenez, bingo elektronikoan jokalariek, parte hartzeko, kartoi birtualak erosten dituzte haien izeneko kontu bat duten terminal elektronikoetan. Kartoiak aplikazio informatiko batek sortzen ditu, grafikoki, pantaila batean; kartoiek, identifikatzeko, zenbaki, serie, balio eta segurtasun kode bana izan behar dute, bakarrak eta errepikatu ezin direnak. Bolak, bestalde, sistema informatiko batek ateratzen ditu, ausaz.

Kartoi bakoitzak sei euroko prezioa izango du gehienez, eta partida bakoitzean gehienez ere 200 euro jokatu ahalko dira.

Prozesu informatiko guztiak jokoaren segurtasuna eta gardentasuna bermatu behar ditu, eta jokoaren zuzendaritza arduradunak, berriz, erabateko kontrola izan beharko du. Horretarako, egindako eragiketen erregistroari dagokionez beharrezko trazabilitate mekanismoak izan beharko ditu, eta horrez gain, partida bakoitzeko datuak bilduta izan beharko ditu (saldutako kartoi kopurua, salmenten zenbatekoa, ateratako zenbakiak, saritutako kartoiak eta sarien zenbatekoa). Sistema guztiari eusteko, enpresa orok Datuak prozesatzeko unitate nagusia izeneko oinarria izan beharko du; gailu horri esker, jokoa ikuskatzeko eta kontrolatzeko zerbitzuek joko prozesu osoak zuzen funtzionatzen duela ikuskatu ahalko dute, edozein unetan.

Horrez gain, EAEko bingo aretoak estatuko beste toki batzuetako aretoekin interkonektatzeko aukera aurrez ikusi du araudiak; hala, partidak aldi berean partekatu ahalko dituzte, poltsa komun bateko sari handiagoekin. 

Bingo Joko Elektronikoaren Araudia indarrean sartzean beste aurrerapauso bat eman du Eusko Jaurlaritzako Hauteskunde Administrazio, Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak EAEn jokoa erregulatzeko araudia garatzeko bidean; izan ere, gure lurraldean erabat errotuta dagoen joko baten (bingoa) aldaera bat berritzeari ekin dio, teknologia modernoek eskaintzen dituzten aukerez baliatu ahal izateko, zabalkundearen hedapenari, aldakortasunari eta azkartasunari dagokienez. Hartara, betiere, herritarren eskubideak bermatu eta babestuko dituen araudi zorrotza baliatu du.