Hasiera | Expo Zaragoza | Euskadi Expo Zaragozan | Euskadiko pabiloia | Euskadiren eguna | Kudeaketa jasangarria
Kudeaketa jasangarria baliabide urri batentzat
Euskal erakundeentzat, urarekin lotutako gaiak lehentasunezkoak dira.
Baina, zergatik, ur arazoak ez dituen herri batean bizi bagara?
Lehenik eta behin, oroimen txarra dugu eta ahaztu egin dugu dagoeneko joan den martxoan Euskadik lehorte epe bat pairatu zuela, nahiz eta ez zen 1989 eta 1991 urteen bitartean jazotakoa bezain gogorra izan. Urte hauetan, ura itsasontzietan garraiatzea ere pentsatu zen. Eta hau nolabaiteko maiztasunarekin gertatu izan da azken urteotan. Hortaz, ura, une puntualetan salbu, baliabide urria da dagoeneko Euskadin ere eta, kontziente izan behar dugu. bere kontsumo arduratsua egiteko beharraz.
Prezipitazio erregimena aldatu egin da eta seguruenik, aldaketa klimatikoaren efektuagatik, Euskadik euri gutxiko epeak bizi ditu, intentsitate handiko prezipitazioez jarraituta. Hilabete honetan, ekainean, 83ko zoritxarreko uholdeak eta 25 urte beranduago Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat eremuk euri-jasa indartsuak jasan dituzte galera esanguratsuak eraginez, txanda honetan ezbehar pertsonalak izan ez badira ere.
Euskal geografia kilometro gutxitan mila metrotik gorako garaieretatik itsas-mailara igarotzen da, eta hori dela medio, ibaiek malda handiak dituzte uholdeak larriagotuz. Gainera, hamarkada askotan zehar arroetako ertzetan, edota gainean, eraiki izan dugu. Ibaiak 'enbarazu' egiten zuen tokian estali egiten ziren. Honek guztiak areagotu egiten du hondamendi arriskua.
Hortaz, uholde-arriskua murriztea lehentasuna da bai Eusko Jaurlaritzarentzat eta baita gainerako erakundeentzat. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak obra garrantzitsuak burutu ditu azken urteetan uholdeen eraginak gutxitzeko, posible den tokietan, estaldurak altxatuz, arroan oinarritzen diren eta presa eragina duten zubiak ezabatuz edota garbiagoak diren beste zubi batzuengatik ordezkatuz. Eta, gainera, uholde-lautadak sortu dira, ura bere arrotik irteten denean iragan daitekeen espazio askeak.
Iraganeko akatsak ez errepikatzea
Ez da lan erraza, izan ere, ibaien hazkunde bortitzek eraginda herri eta hiriak urpean geratuko ez direla ziurtatzeko zenbaitetan beharrezkoa baita bere garaian ibaiaren alboan edota gainean eraiki ziren industrialde edota etxebizitzak behera botatzea. Hiritar-zirugia horrek, berekin daramatzan inplikazioengatik, jarduera ekonomiko edo bizitegi jarduera horiek tokiz aldatzeko alternatibak bilatzea eskatzen du.
Beharrezkoa da, ondorioz, iraganeko akatsak ez errepikatzea eta herri eta hirietako hiri-antolamenduek uholde-arriskua duten eremuak kontutan izatea. Eta ildo honetan lana aurrera eramaten ari da udalen eskutik.
Euskadirentzat, baita ere, lehentasunezkoa da gure ibai eta erreketako saneamendua modu eraginkor batean kudeatzea. Hamarkadetan zehar arroetara isuri izan dira industrietako hondakinak, horietako asko arriskutsuak, eta baita gure etxeetan erabilitako urak. Aurrerapauso handiak eman dira eremu honetan erakunde guztien kolaborazioarekin: Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udalak, euren partzuergo eta mankomunitateen bidez. Ur hauek jasoko dituzten kolektoreen eta araztegien eraikuntzari esker ibai eta erreketako kalitate ekologikoa hobetu da. Azpiegitura hauen gehiengoa dagoeneko martxan dago, edo eraikuntzan, eta datozen urteotan helburua lortutzat eman ahal izango da. Datu bat, Euskadin 2000 urtean ur garbi edo kutsatu gabeko uren portzentaia %17an kokatzen bazen, 2006an %47ra igo zen.
Hirugarren munduarekin kolaboratuz
Hala ere, beharrezkoa da aurrera egiten jarraitzea. Ez da nahikoa urak araztu eta itsasora garbi iritsi dadin lortzearekin. Nahitaezkoa da, baita ere, ibai eta errekei itxura naturala bueltatzea. Beraz, buelta diezaiogun Naturari lapurtzen egon gatzaion baliabide hori interesekin. Horretarako arroak begetazioz hornitzea da xedea, hormigoiz eginiko bideratzeak ezabatuz eta ingurumenarekin errespetagarriagoak diren beste teknika batzuengatik ordezkatuz. Horrela, gure bailarak eta paisaiak osatu dituzten eta denbora luzez estalita egon diren gure erreken eta ibaien joan askea begiztatzeko aukera berreskuratuko dugu.
Bukatzeko, Euskadik badu kanpoan gauzatzeko lan bat ere uraren inguruan. Euskaldunon ezaugarria da garapen bidean dauden herrialdeekiko dugun elkartasuna eta ezinbestekoa da alor honetan ere aurrera eramatea, kalitatezko ura eta saneamendua eduki dezaten bitarteko materialak eta teknikoak behar dituztenei eskura jartzeko lan eginez.
Beraz, erronka garrantzitsua dugu parez pare. Ura hain beharrezko duten herrialde hauei laguntzea eta, aldi berean, gure etxean, baliabide hau kudeatzeko politikak egitea, baliabide urria dela eta naturarekiko errespetagarriak izan behar dutela kontutan izan beharko duten politikak.
|