Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Azken eguneratzea: 2011/03/29

PAPRESA SAk saihestu du 4.500 tona inguru CO2 sortzea, eta lortu du ur-kontsumoa 141.000 m3 murriztea, 2009ko ingurumen-adierazpenean jasotako eta AENOR-ek egiaztatutako datuen arabera

Produkzioaren eraginkortasuna hobetzeko martxan jarri dituen neurriei esker, urtero 305.500 pinuk xurgatuko luketen CO2-ren kantitate baliokidea murriztu du berotegi-efektuko gasen emisioa, eta lau kideko 600 familiek urtero kontsumituko luketen ur-kontsumoa aurreztu du.

PAPRESA S.Ak, 1868tik Errenterian bere lan jarduera finkaturik duela, 2011an ingurumen jasangarritasunaren alde duen konpromisoa berretsi du eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordearen aldetik Ingurumena Kudeatzeko eta Ikuskatzeko Europako Batasuneko Sisteman (EMASen) duen inskripzioa berrizten duen ebazpena eman zaio.

PAPRESA SAk, zeina aitzindari baita prentsarako papera egiten gaikako bilketaren bidezko papera erabilita, jasangarritasunaren aldeko apustu estrategiko sendoa egin du, epe luzera lehiakor izatea lortzeko. Hala, PAPRESA SAk ingurumen-kudeaketaren alde hartutako konpromisoari esker, 2008an EMAS erregistroan sartzea lortu zuen eta 2011ko otsailaren amaieran berritzea lortu du.

Jasangarritasunarekiko konpromiso hori aspalditik dator. Hor daude, esate baterako, produkzio-prozesu eraginkorragoak lortzeko inbertsioak, batez ere ur-kontsumoa murrizteko eta efluenteak tratatzeko egindakoak, eskura dauden teknologiarik onenak erabiliz. Alderdi sozialari dagokionez, berriz, lanpostu egonkorrak eta kualifikatuak sortzen saiatu da PAPRESA SAk.

2009an ingurumen-hobekuntzan lortutako emaitzak:

  • Berotegi-efektuko gasen emisioa (CO2) 4.553 t murriztea, energia elektrikoaren eta erregaien kontsumo-murrizketari esker.
  • Ur-kontsumoa 140.835 m3 murriztea, kontsumo-desbideraketa txikiagoari eta —kontsumoa hobeto kontrolatuz— uraren erabilera hobeari esker.
  • Energia elektrikoaren kontsumoa 854 MWh murriztea, energia-kontsumoa hobetzeari eta enpresak berak sortutako energia-kantitatea handitzeari esker. Izan ere, lurruna aprobetxatu du enpresak energia sortzeko, lurrun hori turbina batetik pasatu eta presio altua baxu bihurtuz.
  • Gas naturalaren kontsumoa 27.531 GJ murriztea, galdaren mantentze-lanak egiteko geldiuneak eraginkorrago bihurtuz.
  • Produktu kimikoen kontsumoa 544 t murriztea, tinta kentzeko instalazioa geldituz; horri esker, ehunak eta feltroak gutxiagotan garbitu behar dira disolbatzaileekin. 
  • 143 t hondakin arriskutsu gutxiago sortzea, produkzio-prozesuan aplikatutako jardunbide egokiei esker.

PAPRESA SAk helburu hauek ditu aurrera begira, enpresaren ingurumen-portaera hobetzeko: gasoil-kontsumoa murriztea, material poluitua gutxitzea, enpresan arazketa biologikoa ezartzeko aukera aztertzea, baterako sorkuntzarako instalazioa prestatzea, eta eskura dauden teknologiarik onenak aplikatzea etengabe, produkzio-prozesuko sail guztietan.