Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Ekodiseinua

Produktu eta zerbitzu guztiei egotz dakizkie ingurumen-inpaktuak, bai produkzioan, bai erabileran, bai deuseztatzen direnean. Inpaktu horien nolakotasuna zehaztea zaila da eta nekez adieraz daiteke zenbaki bidez, baina sor ditzaketen arazoen garrantzia begi-bistakoa da. Gainera, hazkunde ekonomikoaren eta oparotasunaren iraunkortasuna produktuen ekoizpen eta kontsumoaren mende dago neurri handi batean.

Hasieran, produktuei lotutako ingurumen-jarduerak kutsadura-iturri zehatzetan kontzentratu ziren, hala nola, industrien isurietan edota hondakinen kudeaketarekin lotutako alderdietan. Dena dela, gaur egun gero eta agerikoagoa da horiek guztiak produktuaren bizi-ziklo osoa, erabilera-aldia barne, aintzat hartuko duen ikuspegiarekin osatu behar direla. Hala, bizi-zikloan zeharreko ingurumen-inpaktu guztiei tratamendu bateratua ematen zaiela bermatuko litzateke; ez direla, besterik gabe, bizi-zikloaren fase batetik bestera igarotzen.

Ekodiseinua produktu industrialak diseinatzeko unean ingurumena aintzat hartzen duen metodologia da, eta irizpide hori beti aintzat hartu izan diren beste faktore batzuei gehitzen zaie (kostua, kalitatea...).

Ekodiseinuaren azken helburua produktuek bizi ziklo osoan ingurumenean duten etekina hobetzea da (lehengaiak hautatu eta erabili; fabrikatu; bildu, garraiatu eta banatu; instalakuntza eta mantentze-lana; erabilera; eta bizitza amaiera), produktua diseinatzeko hasierako etapan ingurumenaren arazoak sistematikoki integratuz.

Azken aldaketako data: