Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Azken eguneratzea: 2012/02/15

Galdakao-Usansolo ospitalea (GUO), Euskadin EMAS ziurtagiria eskuratu duen lehen osasun zentroa

Ingurumenaren arloan egindako hobekuntzen artean, uraren kontsumoa % 16 murriztea lortu du Galdakao-Usansolo Ospitaleak.

Ingurumen esparruan egindako ibilbideari esker, Europako EMAS ziurtagiria eskuratu du. Osasun zentroak Bizkaiko barnealdea eta Arabako Lurralde Historikoko Aiarako eskualdea artatzen ditu. Osakidetza sarea osatzen duten osasun erakundeen artean, lehenengoa izan da aipatutako ziurtagiria lortzen.

Europako EMAS Araudian erregistratua egoteak adierazten du erakundearen ingurumen kudeaketa modernoa, gardena eta parte-hartzailea dela, eta, hortaz, ingurumen bikaintasunaren maila gorenean dagoela. Horrenbestez, ingurumenaren arloko hainbat emaitza lortu ditu ospitaleak; horien artean, ondoko hauek:

  • Ur kontsumoa % 16 murriztu du, honako ekintza hauen bidez: kontsumoa segmentatzeko kontagailuak ezarrita, zurrusta-haustekoak ezarrita txorrota eta dutxetan, sute-aho hornituaren eraztuna egokituta, eta kontsumorako uraren presioa jaitsita.
  • Energia eraginkortasuna hobetu du, hozteko energia % 24,09 eta gas naturalaren kontsumoa % 7,80 murriztuz.
  • II. taldeko hondakin sanitarioak % 13,57 murriztu ditu, eta sortutako hondakinen % 37 birziklatu ditu.

Galdakao-Usansolo ospitaleak 2004an ekin zion ingurumen kudeaketari , eta orduan izan zen  ingurumen hobekuntzarako bere lehen plana ezarri zuenean; honi esker 2005ean Ekoscan ziurtagiria lortu zuen. Ordutik aurrera, eta azken zazpi urteotatik hona, erakundeak hobekuntza nabarmena egin du ingurumenaren esparruan: ISO 14001 Arauaren araberako ingurumen kudeaketarako sistemaren ziurtagiria lortu du, eta, egun,EMAS araudia inplementatu eta ziurtatu du.

Galdakao-Usansolo Ospitaleak ingurumenarekiko hartu duen konpromisoaren adierazle dira, era berean, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aurrera eramandako ekimen ugariak; hala nola Stop CO2 Euskadi programan izandako parte-hartzea eta Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan 2010-2014 Programan.  Gainera, barne neurriak ere hartu ditu; adibidez, Erosketa Publiko Berdearen irizpideak txertatu ditu, arropa garbitzeko xaboiak ordeztuz eta auto hibrido bat erosiz, eta Ingurumenaren Postontzia sortu du, ospitaleko langileek aktiboki har dezaten parte erabakiak hartzeko prozesuan.

Estekak: