|
Infografiak, ibilbide birtualak, bideoak, hiru dimentsioetan egindako grafikoak eta isurpenak kalkulatzeko tresna, dira besteak beste, Aldaketa Klimatikoaz Interneten prestatu den Multimedia Berezi interaktiboaren osagaiak. Ostegun honetan, uztailaren 3an aurkeztu da ekimen hau eta irailean, ikasturtearen lehen zatian, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe eta kultur etxeetan egongo da DVD euskarrian.
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailak eta eitb.com-ek elkarlanean egin duten multimedia berezia Bilboko EITBko egoitzan aurkeztu dute Esther Larrañaga sailburuak eta Juan Diego EITBNETeko zuzendariak.
Sailburuak, Multimedia Interaktiboa, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu departamentuaren baitan aldaketa klimatikoaren aurka egiten ari diren ahaleginen artean kokatu du. "Eusko Jaurlaritzaren politikak bi ardatz estrategiko ditu oinarri" esan du Esther Larrañagak "batetik, klima aldaketari aurre egin, eta, esan gabe doa, bere ondorioak pairatzeko prestatu. Eta, bestetik, berrikuntzaren kultura sustatu, euskal ekonomia iraunkor bat ahalbidetzeko.
Klima Aldaketaren aurkako Euskal Plana estrategia horren fruitu dela esan du sailburuak: "Klima aldaketa geldiarazi eta hartara egokitzea xede dituena. 2012 urte bitartean, 120 neurri zehatz aurreikusten dituena, denak ere, klima aldaketarengan eragin zuzena duten hainbat alorretan. Jakin, badakigu, lehen urratsa baizik ez dena. Baina baita bidea egiten ari garen seinale. Euskal Autonomia Erkidegoak gogotik lanean diharduen isla, hain zuzen ere. Nazio Batuek eskatu bezalaxe, hitzak alde batera utzi eta ekintzetara pasa garen froga argi bezain garbia. Euskadin, dagoeneko, ekiteko garaia heldu baita."
Hiritarrak sentsibilizatzea eta ohartaraztea da hain zuzen ere Plan horren programetako bat. Alor horretan kokatzen ditu Larrañaga sailburuak, ikastetxe eta kultur etxeetan DVDn banatuko den Multimedia batetik eta Andoni Aizpuru eta Ana Urrutia protagonista izan dituen kanpaina eta aurretik egin direnak ere. "Lehenengoak arazoa identifikatu eta bere ezaugarriak zehazten ditu eta bigarrenak, berriz, aurre egiteko bidea erakusten du" adierazi zuen.
Bestalde, Juan Diego EITBNETeko zuzendariak, Jaurlaritzaren laguntza eskertzeaz gainera "EITBk euskal gizarteari eskaini nahi dion guztia oso ondo islatzen duela adierazi du: berrikuntza, izaera multimedia, kalitatea eta erantzukizun soziala, komunikabide publiko den heinean. Hori guztia, munduari begira, munduko adituen partehartzea eskatuz eta lau hizkuntzetan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.
Infografiak, ibilbide birtualak, kalkulagailua, hiru dimentsiotako grafikoak…
Multimedia bereziak hiru infografia multimedia eta bi ibilaldi interaktibo birtual ditu osagai. Saharako basamortuan barrena dugu ibilaldietako bat eta Perito Moreno glaziarra ikusteko bestea.
Lehenengo infografiak aldaketa klimatikoaren inguruko azalpen zehatza eskaintzen du: zer den, nola sortzen den, milioika urteetan, haro ezberdinetan nola gertatu den kontatzen du… Bigarrenak, ondorioen gaineko ikuspegia erakutsiko du eta hainbat eszenatoki erakutsiko ditu bilakaera modu batekoa edo bestekoa den kontutan izan da. Hirugarren infografiak, munduan eta Euskadin aldaketa klimatikoa murrizteko zer egiten ari garen azaltzen du. Horrez gain, erabiltzaileen eskura kalkulagailua jarri dute, etxean, autoan edo hegazkinean goazenean egiten ditugun isurpenak kalkulatzeko.
Infografia hauetan guztietan nazioarteko adituen elkarrizketak eta iritziak biltzen dira. Tartean daude, Rajendra Pachauri (Klima Aldaketari buruzko gobernuen arteko Nazio Batuen presidente eta Al Gorerekin batera 2007an Bakearen Nobela izendatutakoa) Anil Markandya (IPCCko kide eta BC3 Basque Centre for Climatic Changeko zuzendari zientifikoa) eta Wangari Maathai (2004. Urtean garapen iraunkorraren, demokraziaren eta bakearen alorrean egindako lanarengatik). Hemengo eta Argentinako zientzialariek Antartidatik egindako ekarpenak ere erantsi dituzte.
Halaber, ibilbide birtual interaktiboei dagokionez, aukera guztiek "abatar"ekin aritzeko komandoak dituzte teklatuek. Abatar hau ibilbidea pertsonalizatzen duen pertsonaia da. Aurrera eta atzera; gora eta behera jo; hurbildu eta urrundu eta ikuspegia 360 gradu itzultzeko aukera eskaintzen du, eskumatik ezkerrera. Abatar hori neska ala mutila izatea ere hautatzerik bada. Posibilitate guztietan nabigatzeko bi modu daude: ibilbide automatikoa edo ibilbide interaktiboa.
Saharako ibilbidean, ingurua duela 8.000 urte nolakoa zen ikus daiteke (ekosistema subtropikala), duela 4.000 urte (basamortutzearen hastapenak) eta gaur egun (munduko basamorturik handiena). Hiru une historiko horietatik zehar ibiltzeko aukera eskaintzen du ibilbideak eta baita batetik bestera jauzi egitekoa ere "klick" batean.
Perito Morenoren ibilbidean berriz, airez bisita automatikoa egiteaz gain, beste modurik ere bada: lurretik edo itsasontzitik bisita automatiko edo birtuala egin daiteke aldaketa klimatikoaren erasoak jasaten dituen Patagoniazko glaziarretik izotza nola askatzen den ikusteko. Munduan bakarra den ikuskizunaz gozatzeko aukera birtuala eskaintzen du.
Infografien diseinu grafikoa eta errealizazioa 90grados enpresak egin du eta ibilbide birtualak berriz, Axiorak.
|