Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Klima-aldaketaren aurreikusitako inpaktuak Euskadin

Gutxieneko tenperaturen igoera neguan, eta gehieneko tenperaturen igoera udan

XXI. mendearen amaierarako, espero da muturreko gutxieneko tenperaturak 1ºC eta 3ºC bitartean igotzea neguko hilabeteetan. 1978-2000 garaian, muturreko gutxieneko tenperaturen batez bestekoa -2,35ºC izen zen; 2070-2100 garairako, berriz, espero da batez bestekoa -1,84ºC izatea. Hau da, tenperatura horiek 0,51ºC-ko batez besteko igoera erakusten dute.

Izoztutako egunen kopurua % 50 jaitsiko da. “Hotz-boladen” fenomenoa (7 eta 19 egun bitarteko episodioak) desagertu egingo da 2020tik aurrera.

XXI. mendearen amaierarako, muturreko gehieneko tenperaturak 3ºC igoko dira udako hilabeteetan. Aldaketa horien ondorioz, bero-bolada luzeagoak espero dira, eta espero da, halaber, haien maiztasuna apur bat igotzea. 1978-2000 garaian, udako egunen % 10 soilik sartzen zen bero-boladatzat hartzen diren aldietan. 2020 eta 2050 urteen bitartean, ordea, bero-boladak udako egunen % 30 izatera iritsi daitezke, eta mendearen amaieran % 50era.

Euriak % 15 eta % 20 bitartean murriztuko dira mendearen amaierarako

Aurreikusten da prezipitazioak % 15 eta % 20 bitartean jaitsiko direla mende honen amaierarako. Prezipitazioak % 5 eta % 20 bitartean areagotuko dira neguko hilabeteetan, baina udako hilabeteetan % 30 eta % 50 bitartean murriztuko dira. Euri moderatuko egunen maiztasuna jaitsiko da, eta gora egingo du zaparrada handiko egunen kopurua.

Itsasoko uraren tenperaturaren berokuntza eta itsas mailaren igoera

XXI. mendearen amaierarako, itsasoko tenperatura 1,5ºC eta 2,05ºC bitartean igoko da euskal kostaldean, sakoneraren lehenengo 100 metroetan. Itsasoaren maila 19 eta 49 cm bitartean igoko da. Bizkaiko Golkoari dagokionez, proiekzioak aurreikusten du itsasoko uraren pH-a 7,85 ingurukoa izango dela, eta CO2–aren presio partziala 700 ppm.

Baliabide hidrikoak: Ur ekarpen txikiagoa eta uholdeak jasan ditzakeen eremuaren hazkundea

Aurreikusitako eszenarioen arabera, ur ekarpena % 6 eta % 13 bitartean murriztuko da neguan eta udaberrian. Egoera horrek hornidura-sistemen bermea murriztuko du. Hornidura gehienek urrakortasun ertaina eta urrakortasun oso handia bitartekoa dute ekarpen hidrikoen aldaketen aurrean.

Erregimen hidrikoaren aldakortasuna handitu egingo da, eta horrek inpaktu erantsia izango du ibai-ekosistemen osasunean.

Ibaien muturreko emaria % 20 handituko da, eta horrekin batera uholde arriskua duen eremua ere (% 3); horren eraginez, uholdeek eragindako galera ekonomikoak % 15 haziko dira 2050 urterako. Nerbioi ibaiaren arroan, gehieneko prezipitazioak % 15 haziko dira 2001-2050 garairako, eta horrek igoaraziko ditu bai muturreko emaria eta bai uholde arriskuan dagoen eremua. Hiri-eremuak izango dira urrakorrenak uholdeen aurrean.

Muturreko prezipitazioen igoerak, uholdeak sortzeaz gain, lur-irristaketa eta lurjausi handiak gertatzeko arriskua handituko du.

Hiri-eremuak: Gehieneko eta gutxieneko tenperaturek gora egingo dute hirietan

2071-2100 garairako, gehieneko tenperaturak 4ºC eta 5ºC bitartean igoko dira, eta gutxieneko tenperaturak 3ºC eta 4ºC bitartean, hiru euskal hiriburuetan. 35ºC-tik gorako tenperatura duten egunen kopuruak gora egingo du hiru hiriburuetan; hala, egun horiek 10 izango dira urtean, gutxi gorabehera. Bero-boladak luzeagoak eta beroagoak izango dira.

2071-2100 garairako, Donostia eta Gasteizko gutxieneko tenperaturak 2,9ºC igoko dira, eta Bilbokoa 3,6ºC. Bestalde, 0ºC-tik beherako tenperaturak dituzten egunak gutxiago izango dira: Gasteizen, oraingo 30 egunetatik 8,5 egunetara pasatuko da; Donostian eta Bilbon, berriz, oraingo 8-9 egunetatik egun bat edo 2 izatera pasatuko da. “Hotz-bolada” gutxiago egongo dira, baina horien iraupena luzeagoa izango da.

EAEko berrogei udalerrik –biztanleriaren ia % 80 biltzen dutenek- muturreko klima-gertaerak jasango dituzte: uholdeak, itsas mailaren igoera eta bero-boladak. Zortzi udalerrik hiru inpaktu horiek jasan ditzakete: Bilbo, Donostia, Getxo, Santurtzi, Erandio, Bermeo, Errenteria eta Zarautzek –udalerri horietan, EAEko biztanleen % 34 biltzen da-. 

Kostaldea: Inpaktu nagusiak itsasoaren batez besteko maila igotzearen eraginez gertatuko dira

Euskal kostaldearentzat egindako proiekzioaren arabera, itsas maila 49 cm igoko da mende honen amaierarako. Igoera horrek uholde arriskua areagotuko du kostaldeko eta portuen inguruko hiri-eremuetan. Kostaldeko akuiferoak, kostaldeko herrien hornidurarako batzuetan erabiltzen direnak, ur gaziaz kutsatu litezke. Gipuzkoan, itsasoaren batez besteko mailaren igoerak 110 hektarea inguru ukituko lituzke, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserban 12 hektarea.

Ondarroa, Deba eta Zumaiako portuek –beste batzuen artean- 30 cm-ko baino gutxiagoko altuera dute mende amaierarako aurreikusten den itsasgoraren mailatik. Horrenbestez, urak erraz gainditu ahal izango lituzke portu horiek. 

Hondartzak eta hareatzak oso sentiberak dira itsas mailaren igoeraren aurrean; hala, igoera horrek % 25 eta % 40 bitartean murriztuko du haien zabalera. Zarautzeko eta Gaztetapeko (Getaria) hondartzek inpaktu handia jasango lukete beren erabilera turistikoan; izan ere, gaur egun duten harea lehorreko zatia –gaur egun bada txikia- galduko lukete itsasgoraren orduetan. Azpimarratzekoa da Laidako hondartzan (Urdaibaiko Erreserba) egongo litzatekeen inpaktua, zeren hondartza horrek 47 metro egin bailezake atzera.  

Itsas ekosistemak eta baliabideak: Itsasoko uraren tenperatura 2ºC eta 3ºC bitartean igotzea

Itsasoko uraren tenperatura funtsezko aldagaia da biodibertsitate, ekosistema eta itsas baliabideentzat, zeren espezieak tenperatura-tarte espezifikoetara egokituta egon ohi baitira. Euskal kostaldeko flora eta faunak hegoalde-izaera nabariagoa dute gure inguruko beste eskualde atlantiko batzuek baino, eta, hortaz, tenperaturaren igoerak ondorio larriagoak izan ditzake berton. Mende honen amaierarako, espero da itsasoko uraren tenperatura 2,1ºC eta 3ºC bitartean igotzea euskal estuarioetan, udako hilabeteetan.

Oraingo hezegune eta paduren azaleraren % 6,5ek itsas mailaren igoeraren eragina jasan lezakete. Horren ondorioz, hezeguneak, padurak eta beste marearteko komunitate batzuk –belardi fanerogramak, adibidez- barnealderantz mugitu litezke modu naturalean, nahiz eta, kasu askotan, barrera artifizial eta naturalek migrazio hori eragotziko luketen.

Itsasoaren azidifikazio gero eta handiagoak muturreraino murriztuko du ornogabe batzuen hazkundea, alegia, maskorra –muskuilua eta lapak- edo oskola –itsas trikuak eta ezkurrak- daramaten ornogabeen hazkundea.  

Lehorreko ekosistemak: Flora aloktono edo inbaditzailearen hazkundea, batez ere Bilbo Handian

Aurreikustekoa da flora aloktonoak bere presentzia handituko duela Euskadin, tenperaturen hezkundeak bultzatuta. Beste alde batetik, udako prezipitazioen jaitsierak handituko luke udako lehorteak pairatzen dituzten eremuen azalera; horrek eragotziko luke oraingo espezie aloktono asko berton finkatzea eta hedatzea, baina, beste alde batetik, jatorri mediterraneoko espezieak erakar litzake.

Bilbo Handia eskualdea da inbasio maila handiena duena; nolanahi ere, tenperaturaren igoerak (batez ere neguan) espezie batzuk beste eskualde batzuetara hedatzera bultza lezake.

Estuario-ekosistemetan, inbaditze-ahalmen handiena duen espezie aloktonoa Baccharis halimifolia da. Haren presentzia murriztuko litzateke gazitasun eta istiltze gradua igotzearen eraginez, baina etorkizunean baldintzatuta egon liteke prezipitazioen kantitate eta banaketaren aldaketagatik.

Lehorreko ekosistemek karbono-isurbide gisa jokatzen duten rola kinka larrian gera daiteke datozen hamarkadetan.  

Baliabide edafikoak: Lurzorua degradatzeko prozesuak azkartzea

Lurzoruetan zenbait degradazio prozesu gertatzen dira (naturalak eta antropikoak), hala nola, higadura, materia organikoaren galera, kutsadura, gazitzea, biodibertsitatearen galera, lurjausiak, eta abar. Bada, prozesu horiek azkartu egin litezke klima-aldaketaren eraginez; izan ere, tenperaturak, prezipitazioek eta atmosferaren propietate kimikoek zuzeneko eragina dute lurzoruarekin zerikusia duten prozesuetan.

Nekazaritzako baliabideak: Klima-aldaketak efektu kontrajarriak izango ditu, labore motaren arabera

Airearen tenperaturaren igoerak, CO2-aren kontzentrazioak, eskura dagoen ur kantitatearen murrizketak –prezipitazio gutxiago egotearen ondorioz- eta airearen eta lurzoruaren tenperaturaren aldaketek efektu kontrajarriak izango dituzte; hala,  onuragarriak edo kaltegarriak izango dira, nekazaritza-sistemaren arabera.

Aldaketak aurreikusten dira laboreen ekoizpen-zikloetan, zeren fruituen loratze eta heltze garaiak aldatuko baitira.

Labore batzuen errendimenduak gora egingo du; adibidez: neguko gariarena eta mahatsondoarena. Mahatsondoaren kasuan, tenperatuaren igoerak osoko azidotasuna murriztuko du, eta horrek ondorio negatiboak izango ditu ardoen kalitatean. Ardoek alkohol-gradu handiagoa izango dute, pH handiarekin, osoko azidotasun txikiagoarekin eta aroma gutxiagorekin.

Aurreikusten da mendiko larreen karga-kapazitatea jaitsi egingo dela: larreek belar gutxiago eskainiko dute, baina kalitate hobearekin eta aprobetxamendu handiagoarekin ardi-aziendaren aldetik. Beste alde batetik, baina, belar kantitatearen murrizketa behi-aziendarentzat izango da bereziki kaltegarria. 

Baso-baliabideak: Euskal baso-ekosistemen "mediterranizazioa"

Prezipitazioentzat aurreikusten den aldaketak eta igoera termikoak Euskadiko baso-ekosistemen “mediterranizazioa” sor lezakete, a priori, eta horrek aldaketak ekarriko lizkioke haien konposizio espezifikoari.

Iragarpenek inpaktu esanguratsua erakusten dute euskal baso-masen hiru espezie bereizgarritan: haritz arrunta (Quercus robur), pago arrunta (Fagus sylvatica) eta intsinis pinua (Pinus radiata). Espero da horien nitxo ia guztiak desagertuko direla 2080 urterako, eta mende honetan gero eta neurri handiagoan mugituko direla Europako iparralderantz.

 Muturreko episodioen ugalketak (ekaitzak, haizeteak, ziklogenesi leherkorrak, eta abar) nabarmen handituko du nahasmendu naturalen eraginez urtean hondatzen den zuraren bolumena.

Intsektu-izurriteen eta euren etsai naturalen arteko orekak ere inpaktua jasango du. Orokorrean, tenperaturaren igoerak intsektuen garapena bultzatuko du, eta neguan bizirik irauten lagunduko die.

Baso-masek funtsezko rola jokatzen dute karbono-isurbide gisa, lurzoruaren iragazkortasuna erregulatzeaz batera. Horrenbestez, baso-politikek kontuan hartu beharko lituzkete etorkizun hurbilaren ingurumen-baldintzak, basoek jarraitu dezaten  CO2-isurbide handiak izaten eta euriko ura biltzen lagundu dezaten.

Osasuna: Bero-boladak eta arnasketa arazoak

Tenperaturen igoerak okerrera eramango du airearen kalitatea, batez ere udako hilabeteetan, eta horrek ondorio negatiboa izango du osasunean. Bero-boladek eragindako morbilitateak gora egingo du, eta arnas episodio akutuak areagotuko dira, batez ere alergiak. Gainera, biztanleriaren zahartzeak are larriago bihurtuko ditu bi arazo horiek.

Osasunaren gaineko inpaktuak inpaktu ekonomikoa ere dakar berekin; izan ere, mendetasunari aurre egiteko inbertsioak igo beharko dira, eta medikuntzara eta ospitaleetara zuzendu beharko den gastua ere handituko da.

Azken aldaketako data: