Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Karbono-aurrekontua

Xehetasunak

Ekonomia batek edo horren zati batek denboraldi jakin batean isuri dezakeen karbono-kopurua da karbono-aurrekontua, eta horretarako, murrizketa-helburuak betetzea ziurtatuko duten mekanismo egokiak sartzen dira.

Karbono-aurrekontuak igo egiten du isurketak murrizteko helburuen politika-soslaia, eta gobernuaren maila gorenari esleitzen dizkio erantzukizunak; horretarako, epe luzera murrizketa argiko ibilbide bat eskaintzen du, klima-aldaketaren politika-neurrietan trinkotasun handiagoa sortzeko.

Isurketak murrizteko helburuak finkatzeko egun dauden sistemekin alderatuta, karbono-aurrekontua ez da oso desberdina, nahiz eta “baimendutako gehieneko kopuruaz” hitz egiten den eta ez “isurketak murrizteko helburuez”. Horrek argiago erakusten du berotegi-efektuko gasen isurketak hertsiki mugatuta daudela eta ezin direla gainditu.

Karbono-aurrekontuak epe luzea hartzen du aintzat, eta denboran zehar kontrolatu behar den bilakaera duten guztirako isurien ibilbidea. Horrela, finkatutako denbora-tartean guztirako isuriak gehiago eta hobeto kontrolatzea ahalbidetzen da. Garrantzitsua da, epe luzera murrizketa-helburua lortzea ez ezik, baita helburua lortzeko modua eta ateratzen den isurketen ibilbidea ere. Azken buruan, horrek zehazten du ekonomia baten isuri guztien zenbatekoa eta ingurumenean duen eragina.

Hori dela eta, garrantzitsua da aldian behingo helburuak eta segimendu-mekanismoak finkatzea; adibidez, urterokoak izan daitezke. Era horretan, murrizketa aurrekontu-aldietan egituratzen da, eta urteen arteko gorabeherak orekatzeko erabili ahal izango den malgutasun-maila handiagoa ahalbidetzen da.

Karbono-aurrekontu bat garatzeko, lehenbizi erabaki argi bat hartu behar da denboraldi jakin batean atmosferara isuri ahal izango den gehieneko CO2 kopuruaren gainean (aurrekontu orokorra). Bi eratara kalkula daiteke hori: sektore bakoitzak isuriak murrizteko duen potentzial teknikoaren balioespenen arabera edo ekonomia oro har aintzat hartuta.

Aurrekontu orokorraren banaketa hainbat mailatan egin daiteke, lehenbizi ekonomia-sektore handien artean bereiziz eta modurik xeheenean azken erabiltzailearen mailaraino irits daitekeelarik (banakoak, enpresak edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuk).

Karbono-aurrekontuaren helburu nagusietako bat berotegi-efektuko gasak murrizteko helburuen politika-soslaia goratzea da, eta zerikusia duten sektoreen erantzukizuna eta konpromisoa handitzea. Beraz, karbono-aurrekontuaren segimendu eta kontrolaren azken erantzulea tokian tokiko gobernuaren arduradun politiko gorena izatea da logikoa, nahiz eta paper garrantzitsua eduki beharko duten, orobat, berotegi-efektuko gasak isurtzen dituzten sektoreen jardueraren eskumena duten herri-administrazioen arduradunek.