Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Klima aldaketa: inpaktua eta egokitzea Euskal Autonomia Erkidegoan

Xehetasunak

K-Egokitzen «Klima aldaketa: inpaktua eta egokitzea» hiru urte irauten duen proiektu bat da. Tecnalia Research and Innovationeko Ingurumen Unitateak koordinatzen du, eta Tecnalia Korporazioko beste bi zentrok hartzen dute parte proiektuan: AZTI-Tecnaliako Itsas Ikerkuntzarako Unitateak eta Neiker-Tecnaliako Ingurumenerako eta Baliabide Naturaletarako Unitateak. Orobat, Euskal Herriko Unibertsitateko 12 ikertzaile-taldek ere hartzen dute parte, eta BC3 Basque Center for Climate Change erakundeak laguntza ematen du. Proiektuaren helburu nagusia da gizartea (pertsonak, erkidegoak, etab.) eta sistema naturalak egokitzeko estrategiak diseinatzea, Euskal Autonomia Erkidegoan klima-aldaketaren ondorioz aurrez ikusten ditugun egoerei aurre egiteko eta, hartara, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta sortzen diren aukerak baliatzeko.

Lanaren helburua da identifikatzea eta ebaluatzea zer ondorio izan ditzakeen klima-aldaketak baliabide hidrikoetan, kostaldean, hiriguneetan, itsas ekosistemetan, lehorreko ekosistema naturaletan eta nekazaritzaren ondorioz sortutako lehorreko ekosistemetan. Azterlan honen bidez, sistemen funtzioan sakonduko dugu eta, horri esker, egokitze-neurrien diseinuaren eraginkortasuna neurtuko dugu.

Klima-aldaketaren eta klima-aldaketak Euskal Autonomia Erkidegoan (aurrerantzean EAE) sistemetan izan ditzakeen ondorioen frogen ezagueran oinarrituz, giza sistemak eta sistema naturalak egokitzeko eta sor daitezkeen egoerei aurre egiteko estrategiak diseinatuko ditugu.

K-Egokitzen ikerketa bideratua egiteko proiektu bat da, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak finantzatzen dute; SPRI Industriaren Sustapenerako eta Birmoldaketarako Sozietatearen ETORTEK programaren bidez finantzatzen du Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, 2010eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Euskal Planaren esparruan.