Ingurumen-erantzukizuna
- APLIKAZIO EREMUA
- SALBUESPENAK
- INGURUMEN-KALTEAREN DEFINIZIOA
- OPERADOREEN ERANTZUKIZUNA
- INGURUMEN-KALTEAK PREBENITU ETA SAHISTEA
- INGURUMEN-KALTEAK KONPONTZEA
Ingurumen Erantzukizunaren Legeak ingurumen-kalteen konponketari buruzko administrazio-araubide berri bat ezarri zuen, zeinaren arabera ingurumenean kalteak eragiten dituzten edo eragin ditzaketen operadoreek kalteak gerta daitezen ekiditeko beharrezko neurriak hartu beharko baitituzte edo, kalterik eragin bada, kaltetutako natura baliabideak kaltea gertatu aurretik zeuden egoerara itzularazi beharko baitituzte.
Bestalde, legea ingurumen-kalteei eta kalte horiek gertatzeko berehalako mehatxuei aplikatuko zaie, baldin eta III. eranskinean zerrendatutako jarduera ekonomikoek edo profesionalek eragin badituzte, nahiz eta dolorik, errurik edo axolagabekeriarik ez egon.
Legea ingurumen-kalteei eta kalte horiek gertatzeko hur-hurreko mehatxuei ere aplikatuko zaie, baldin eta III. eranskinean zerrendatutakoez bestelako jarduera ekonomiko edo profesionalek eragindakoak badira, honela:
- Doloa, errua edo zabarkeria tartean denean, prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak eskatu ahal izango dira.
- Dolurik, errurik edo zabarkeriarik ez dagoenean, prebenitzeko eta saihesteko neurriak eskatu ahal izango dira.
Legea ingurumen-kalteei edo kalte horien berehalako mehatxuari soilik aplikatuko zaie, baldin eta kutsadura lauso batek sorrarazten baditu, kalteen eta operadore zehatzen jardueren artean kausazko lotura ezarri ahal denean.
Legea ez zaie aplikatuko ingurumen-kalteei, ez eta kalte horiek gertatzen laguntzen duten berehalako mehatxuei ere, baldin eta honako arrazoi hauetakoren batek sorrarazi baditu:
- Fenomeno natural aparteko bat, saihetsezina eta eutsiezina.
- Helburu nagusitzat defentsa nazionala edo nazioarteko segurtasuna sustatzea duten jarduerak, eta hondamendi naturalen aurka babestea helburu bakarra duten jarduerak.
- 2007ko apirilaren 30a baino lehenago gertatutako emisio, gertaera edo gorabehera batek eragindako kalteak (edo geroago eragindakoak, baina data hori baino lehen amaitutako jarduera espezifiko batetik eratorriak).
- Gatazka armatu, liskar, gerra zibil edo matxinada baten ondoriozkoa den egintza bat.
Legeak ez ditu babesten pertsonei eragindako lesioengatiko akzioak, ez jabetza pribatuari eragindako kalteengatiko akzioak, ez eta galera ekonomikoak ere, eta ez die eragiten mota horretako kalteei buruzko eskubideei edo ingurumen-kalteak ez diren beste ondare-kalte batzuei, nahiz eta ingurumen-erantzukizuna eragiten duten egitate berberen ondorio izan. Ekintza horiek kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiak arautuko ditu.
Ingurumen-erantzukizunari buruzko araudiaren ondorioetarako, hau da INGURUMEN-KALTEA:
- Basa-espezieei eta habitatei egindako kalteak, hau da, habitat edo espezie horiek egoera onean egoteari edo horrela jarraitzeari ondorio kaltegarri nabarmenak eragiten dizkieten kalteak. Ingurumen-kalteak esanguratsuak diren oinarrizko legearekiko ebaluatuko dira, kontuan izanda 26/2007 Legearen I. eranskinean adierazitako irizpideak.
- Uretan eragindako kalteak, hau da, efektu kaltegarri nabarmenak sortzen dituzten kalte guztiak:
- Lurrazaleko zein lurpeko ur-masen egoera ekologiko, kimiko eta kuantitatiboan, eta ur-masa artifizialen eta asko eraldatutakoen ahalmen ekologikoan. Ondorio horietarako, uren inguruko legeek jasotako definizioei egingo zaie kasu.
- Itsas uren egoera ekologikoan, Ingurune Itsastarraren Babeserako abenduaren 29ko 41/2010 Legeak emandako definizioaren arabera; ingurune itsastarraren egoera ekologikoaren zenbait alderdi Uren Legearen testu bategina onestekoa den uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuan jasota egon daitezkeela aintzat harturik.
- Itsasertzari eta itsasadarrei eragindako kalteak, hau da, osotasun fisikoan eta kontserbazio egokian ondorio kaltegarri nabarmenak eragiten dituzten kalteak, bai eta haren kalitate-maila egokia lortzeko edo mantentzeko zailtasuna edo ezintasuna dakarten kalteak ere.
- Lurzoruari eragindako kalteak, hau da, lurzoruan edo lurpean substantziak, prestakinak, organismoak edo mikroorganismoak zuzenean edo zeharka uztearen, isurtzearen edo sartzearen ondorioz giza osasunerako edo ingurumenerako ondorio kaltegarriak izateko arrisku nabarmena dakarten lurzoruaren kutsadura-mota guztiak.
Jarduera ekonomikoen edo profesionalen operadoreek betebehar hauek dituzte:
- Hartu eta bete beharko dituzte ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak; era berean, haien kostuak ordaindu beharko dituzte, edozein dutelarik zenbatekoa, haien erantzuleak direnean. Dagokion prozedura administratibo edo penalean doloa, errua edo zabarkeria zehaztu denean bakarrik eskatu ahal izango da III. eranskinean zerrendatutakoez bestelako jarduera ekonomiko edo profesionalek eragindako ingurumen-kalteak konpontzeko neurriak hartzea.
- Agintari eskudunari berehala jakinaraztea ingurumenean kalteak izan direla edo kalte horiek gertatzeko arriskua dagoela, gertatuak zein gertatu gabeak izan.
- Konponketa-neurriak definitzen eta agintaritza eskudunak hartutakoak betearazten laguntzea.
Ingurumen-erantzukizunaren denbora-eremua hogeita hamar urtekoa da, haiek eragin zituen jaulkipena, gertakaria edo gorabehera gertatu zenetik.
Edozein jarduera ekonomiko edo profesionalek (Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legearen III. eranskinean sartuta egon edo ez) eragindako ingurumen-kalteen berehalako mehatxu baten aurrean, jarduera horren operadoreak prebentzio-neurri egokiak hartu beharko ditu, atzerapenik eta ohartarazpenik gabe, eta errekerimendurik edo administrazio-egintzarik egin beharrik gabe ere.
Era berean, edozein jarduera ekonomiko edo profesionalek eragindako ingurumen-kalteak gertatu direnean, jarduera horren operadoreak neurri egokiak hartu beharko ditu kalte berriak saihesteko, alde batera utzita legean xedatutakoa aplikatuz konponketa-neurriak hartzeko betebeharra duen ala ez.
Kalte berriak prebenitzeko eta saihesteko neurriak zehazteko, ahal den neurrian, Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legearen II. eranskinaren 1.3 puntuan ezarritako irizpideei jarraituko zaie, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek helburu berarekin ezartzen dituzten irizpide gehigarriak.
Operadoreek berehala jakinaraziko dizkiote agintaritza eskudunari ingurumen-kalteei edo kalte horien mehatxuari buruzko alderdi guztiak, bai eta hartutako prebentzio- eta saiheste-neurriak ere.
Kalteak prebenitzeko edo kalte berriak saihesteko neurriak hartu arren kaltearen mehatxua desagertzen ez bada, operadoreak berehala jakinaraziko dio agintaritza eskudunari.
Alde batera utzita dolurik, errurik edo zabarkeriarik egon den, ingurumen-kalteak konpondu behar ditu eragin dituen operadoreak, baldin eta operadorearen jarduera Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legearen III. eranskinean jasota badago. Gainerako jardueretarako, doloa, errua edo zabarkeria tartean denean bakarrik izango da nahitaezkoa konponketa.
Ingurumen-kaltea konpontzearen helburua izango da kaltetutako baliabide naturalak eta baliabide naturalen zerbitzuak haien oinarrizko egoerara itzultzea (hau da, kaltea gertatu izan ez balitz, kaltea jasan zuten unean baliabide naturalak eta baliabide naturalen zerbitzuak aurkituko ziren egoerara, eskuragarri dagoen informazio onenetik abiatuta), eta, horretarako, behar diren konponketa-neurrien mota, kopurua, iraupena eta kokapena identifikatuko dira.
Operadoreak konponketa-proiektu batean zehaztuko du konponketa-neurrien zehaztapena. Proiektu hori agintaritza eskudunari aurkeztuko zaio, onar dezan, eta hark ebazpena emango du.
- Konponketa-proiektuari buruzko Ebazpenak ezarriko du zer baldintzatan gauzatu behar den konponketa.
- Operadoreak konponketa-proiektuaren jarraipena egin beharko du, betetze-maila zehazteko eta egikaritzean sor daitezkeen arazoak eta neurri zuzentzaile posibleak identifikatzeko.
- Proiektua faseka gauzatzen bada, jarraipen-lanetan egiaztatu beharko da fase bakoitzean dagozkion neurriak bete direla.
- Operadoreak konponketa-proiektua gauzatzeari buruzko informazio garrantzitsua eman beharko dio agintaritza eskudunari, jarraipen-programak ezartzen duen aldizkakotasunarekin.
Agintaritza eskudunak interesdunen eta jende guztiaren eskura jarriko du, gutxienez, informazio hau:
- Konponketa-proiektuak zenbateraino bete dituen leheneratze-helburuak.
- Konponketa-proiektuan egindako funtsezko aldaketen justifikazioa.
- Hartutako neurri zuzentzaileak.
- Giza osasunean eta, bereziki, enpresako langileen osasunean arriskurik dagoen edo ez.
Operadoreak amaierako betetze-txostena egin beharko du, eta agintaritza eskudunari bidaliko dio, konponketa-proiektua amaitu ondoren.
Betetze-mailari buruzko azken txostena aztertu ondoren, agintaritza eskudunak konponketa-proiektua gauzatzearekin ados dagoen edo ez adieraziko du, modu arrazoituan. Betetze-mailari buruzko azken txostena eta agintaritza eskudunaren erabakia interesdunen eskura jarriko dira.
- Jakinarazpena: Ingurumen-kalteak konpontzea
Azken aldaketako data: