|

- Kanpaina lorezaintzako profesionalei eta apainketarako landareak erabiltzen dituztenei zuzenduta dago espezifikoki.
- Internet bidez kanpaina original bat ere egingo da herritarrak, oro har, eta gazteak, bereziki, kontzientziatzeko
Ingurune naturaleko ekosistemetan landare exotiko inbaditzaileen kopurua areagotzea da planetako dibertsitate biologikoaren galera eragiten duen arrazoi nagusietako bat. Nazioartean onartutako egiaztapen zientifiko hori baieztatu egin du 2008-2015 Biodibertsitate Euskal Estrategiarako egiten ari den diagnostikoak ere.
Euskadiko biodibertsitate egoerari buruzko diagnostikoaren lehen ondorioen arabera, beste habitat batzuetatik ekarritako landareen artean 46 espezie inbaditzaile katalogatu dira, horietatik 21 gure ekosistementzat oso kaltegarriak.
Gehiegitasun hori amaitzeko, gobernuen eta administrazio publikoen beharrezko esku-hartzeaz gain, herritarren elkarlana eta partaidetza ere ezinbestekoak dira. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak EAE osoan egingo den sentsibilizazio kanpaina bat jarriko du abian Biodibertsitatearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Kanpainaren helburua «landare inbaditzaileen erasoari» aurre egitea izango da.
Kanpainak bi alderdi ezberdin baina osagarri izango ditu. Alde batetik, florarekin harreman zuzenagoa duten gizataldeengana heltzen saiatuko da; hau da, lorezaintzako profesionaletara eta bizilekuetan landareak apaingarri bezala erabiltzen dituzten herritarrengana. Kanpainaren xedea landare kaltegarrien inguruko informazio zehatza ematea da, baita beren hedapenari aurre egiteko jarraibideak eskaintzea ere. Landare hauek dituzten arriskuez ohartarazteaz gain, kanpainak gure habitat naturalak berreskuratzeko onuragarriak diren espezie autoktonoen erabilpena sustatu nahi du; horretarako, «onak» diren landareen haziak banatuko dira.
Bestetik, ekimenak Internet bidez egingo den kanpaina original bat izango du oinarri; ohiko komunikabideetan ere egingo den kanpaina horrek herritarrak oro har eta gazteak bereziki izango ditu jomuga. Kanpainak suspense ukitua izango du; hala, landare inbaditzaile nagusiak 50eko hamarkadako B serieko beldurrezko eta zientzia fikziozko film bateko protagonista bihurtuko dira. Filma «benetako gertaeretan» oinarrituta izango da;hau da, gaur egun gure ingurune naturaletako ekosistemen oreka arrisku bizian jartzen ari diren gertaeretan. Horrenbestez, filmaren irteera-kanpainak Interneten abian jarriko diren hainbat ekimen abiaraziko ditu erabiltzaileen partaidetza eta elkarlana sustatuz; horiei esker, landare exotikoen hedapenak gure natur ingurunean eragiten duen sekulako kaltea ezagutu ahal izango dute. Horiek horrela, ukitu didaktikoa eta ludikoa uztartuz, komikiaren eta zinemaren elementuak dituen estetika erabiliz, eta Internetek gazteen artean duen komunikazio gaitasun itzela baliatuz, landare inbaditzaileek eragiten dituzten kalteei buruzko mezu garbiak helaraziko zaizkie gazteei, kontzientziazio arduratsua eta konpromisoa sustatzeko asmoz.
Kanpaina berehala ipiniko dute abian profesionalen zein bizilekuetan landareak erabiltzen dituzten herritarren artean. Lehendabizi, identifikatutako EAEko lorezaintza enpresa eta haztegi guztiei helaraziko zaie informazioa, baita beren bizilekuetan lurzoruak dituzten aukeratutako hainbat herritarri ere. Azken kasu horretan, lehenik eta behin fase pilotu bat egingo da Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako inguru jakin batzuetan. Jarraian, kanpaina poliki-poliki lorategiak dituzten bizileku guztietara hedatuko da.
Interneteko kanpaina, berriz, hurrengo hilabeteetan joango dira progresiboki garatzen, eta erabiltzaileen artean izandako erantzunak baldintzatuko du indarrean noiz arte egongo den.
|