Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Eskola programa didaktikoa

Ingurumen Hezkuntza eta Sentsibilizaziorako Eskola Programa Didaktikoa, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen-Estrategia 2002-2020 barnean kokatua, Euskadiko Biodibertsitate Zentroaren ingurumen-hezkuntza elementu nagusietako bat da, eta ingurumena behatzeko, aztertzeko, gozatzeko eta hobetzeko hainbat jardueratan oinarrituta dago.

2014-2015 Eskola Programa Didaktikoa, 2014ko urriaren 6tik 2015eko ekainaren 19ra bitartean garatuko da, eta honako helburu hauek bilduko ditu:

  • Biodibertsitateari buruz sentikortzea eta ezagutzak hartzea, biodibertsitate orokorrekoak zein lan eremuan oinarritutakoak.
  • Gizakiok ingurunean dugun eragina ulertzea.
  • Ingurumenaren eta Garapen Iraunkorraren garrantzia gure gain hartzea, eta baita horien kudeaketari buruzko problematika ere.
  • Biodibertsitateak ematen dizkigun onurak eta bere kontserbazioak gizakiontzat daukan garrantzia ezagutzea.
  • Eskola-eremutik kanpoko harreman pertsonalak erraztea, aisialdiaz gozatzeko modu eta berriak aurkitzea.

Hezkuntza-ziklo bakoitzerako proposatutako jardueren edukiek lotura handia dute eskola-curriculumean bildutako helburuekin.

Lanaldia 10.00etatik 16.00etara izango da, 4 zati ezberdin edukiko ditu eta zati horien artean bi atsedenaldi egongo dira, bat gosaltzeko eta bestea bazkaltzeko. Haur Hezkuntzaren kasuan, ordutegia 10.00etatik 15.00etara izango da eta Batxilergoko taldeena 10.00etatik 14.30etara. “Espezie inbaditzaileen” unitatearen kasuan, ordutegia 10.00etatik 13.00etara izango da. “Zientzia eta itsasoa esperimentatu” unitatearen kasuan ordutegia 10.00etatik 14.00etara izango da.

Parte hartzen duen ikastetxe bakoitzari “Irakaslearen materiala“ deritzon agiria bidaliko zaio helbide elektroniko bidez, ikastetxean bertan aurretiko eta ondorengo lanak lantzeko, programa ez baita zentroko egonaldira mugatzen.

 

 

Biodibertsitatearen hastapenak

Helburuak

  • Bizidunak eta bizigabeak bereiztea landare eta animalien kontserbazioaren garrantzia balioesteko. 
  • Planetako zonalde ezberdinetan espezie ezberdinak bizi direla ulertzea Euskadin bizi diren espezieak ezagutzeko.
  • Jolasen bidez biodibertsitateaz gozatzea bere kontserbazioa sustatzeko. 

Ekintzak

Ibilbidea: biodibertsitatearen txokoak

Ordu eta erdi inguruko iraupena duen ibilbidea da Madariaga Dorretxeko inguruetan. Ikasleek biodibertsitatea eta Urdaibaiko ekosistemak aztertuko dituzte jolas ezberdinen bitartez.

Erakusketa

Erakusketa iraunkorraren edukiak erabiliko dituzte izaki bizidunak ezagutzeko, euren bizilekuak, euren beharak, gizakiontzat duten garrantzia...

Behatokia

Ekosistema ezberdinen behaketa burutuko dute ekosistema bakoitzaren ezaugarriak eta bertan bizi diren animalia eta landareak ezagutzeko.

 

 

  • Prezioa: 1€ ikasleko.
  • Zentroak bazkaltzeko egokituta dagoen gela du.
  • Ibilbidea, Euskadiko Biodibertsitate Zentroaren inguruan burutuko da.

Biodibertsitatea: kostalde harritsua eta hondartzak

Helburuak

  • Kostalde harritsuaren eta hondartzaren arteko ezberdintasunak aztertzea ekosistema bakoitzean bizi diren espezieak ezagutzeko eta izaki bizidunen moldaerak ulertzeko. 
  • Kostaldeko biodibertsitatearen kontzeptua eta Biosferaren Erreserbaren kontzeptua (LHko 3. ziklotik aurrera) ulertzea bere garrantziaz ohartzeko eta zaintzen ikasteko. 
  • Kostaldearen erabilerak eta kostaldeak ematen dizkigun onurakezagutzea inpaktuak ekiditzeko.

Ekintzak

Ibilbidea

1h 30' inguruko ibilbidea. Txatxarramendiko irlan (Sukarrietan) hasiko da, eta bertan, itsasbeheran harri artean agertzen diren putzuak, bertako fauna eta landaredia, eta ekosistemaren ezaugarriak aztertuko dituzte. Ondoren, hondartza eta dunekin lotutako jarduerak burutuko dituzte. 

Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 1. zikoaren kasuan, ibilbidea Mundakako hondartzan egingo dute. Hondartza eta zonalde harritsua ezagutzeko jarduerak eta jolasak burutuko dituzte.

Esperimentu gela

Esperimentazio jarduerak egingo dira bertan, beti ere adin ezberdinetara egokituak.

Erakusketa

Erakusketa iraunkorrean itsas ingurunearekin erlazionaturik dauden edukiak erabiliko dituzte zenbait jarduera burutzeko, hezkuntza zikloaren arabera ezberdinak izango direnak.

Behatokia

Kostaldeko paisaiaren analista, dorretxetik ikusten diren itsas-ekosistema desberdinak eta hauen eraldaketak landuko dira jarduera desberdinen bitartez.

  • Prezioa: 1€ ikasle bakoitzeko.
  • Kostaldeko irteera marea baxuan egingo da, honek jardunaldiaren aurretiko ordutegia alda dezakelarik.
  • Zentroak bazkaltzeko egokituta dagoen gela du.
  • Arropa erosoa, zira eta oinetako egokiak janztea gomendatzen da.

Biodibertsitatea: Padura

Helburuak

  • Padurak oso ingurune hauskorrak direla eta Urdaibaikoa babesturik dagoela ulertzea paduretako kontserbazioaren alde sentikortzeko. 
  • Biodibertsitatearen kontzeptua ulertzea bere garrantziaz ohartzeko eta zaintzen ikasteko.
  • Paduran bizi diren espezieak ezagutzea hauek dauzkaten ingurunearekiko moldaerak uler ditzaten.
  • Paduretan burutzen diren giza jarduerak eta padurek ematen dizkiguten onurak ezagutzea ekosistema hauek balioesteko eta inpaktuak ekiditeko.

Ekintzak

Ibilbidea

1h 30' inguruko iraupena duen ibilbidea San Kristobaleko paduran zehar. Bertan jarduera desberdinak garatuko dituzte, adin ezberdinei egokituak.

Esperimentu gela

Esperimentazio jarduerak egingo dira bertan, beti ere adin ezberdinetara egokituak.

Erakusketa

Erakusketa iraunkorraren edukiak erabiliko dituzte zenbait jarduera burutzeko, hezkuntza zikloaren arabera ezberdinak izango direnak.

Behatokia

Paisaiaren analisia, dorretxetik ikusten diren ekosistema desberdinak eta hauen eraldaketak landuko dira jarduera ezberdinen bitartez.

  • Prezioa: 1€ ikasleko.
  • Zentroak bazkaltzeko egokituta dagoen gela du.
  • Arropa erosoa, zira eta oinetako egokiak janztea gomendatzen da.

Biodiberstitatea: denboran zeharreko bidaia

Helburuak

  • Zergatik garai ezberdinetan espezie ezberdinak bizi ziren ulertzea, espezieak inguruko baldintzetara moldatzen direla ikas dezaten.
  • Espezieen desagerpenen eragileak ezagutzea, egungo errealitatearekin alderatzeko. 
  • Garai ezberdinetan izan diren biodibertsitatearen erabilpen ezberdinakezagutzea bere garrantziaz ohartzeko eta zaintzen ikasteko.

Ekintzak

Ibilbidea

Ordu eta erdiko iraupena duen bisita Santimamiñeko multzo arkeologikoan zehar, non ikasleek garai ezberdinetan Euskadin izan den biodibertsitatearen ideia jasoko duten eta gizakiak biodibertsitatearekin izan duen erlazioa ulertuko duten.

Esperimentu gela

Tailer baten bidez, ikasleek goi paleolitikoko bizimodua simulatuko dute. Horrela, biodibertsitatearen elementuak erabiliz, herramintak, jantziak, etab. sortuko dituzte.

Erakusketa

Erakusketa iraunkorrean dauden edukiak erabiliko dituzte zenbait espezieren moldaerak eta eboluzioa ulertzeko.

Behatokia

Egungo paisaiarekin alderatuz, denboran zeharreko bidai bat egingo dugu iraganeko paisaiak, landaredia eta fauna imaginatuz.

  • Prezioa: 2€ ikasleko.
  • Unitate didaktiko hau garatu ahal izateko, taldea autobus pribatuan etortzea ezinbestekoa da.
  • Zentroak bazkaltzeko egokituta dagoen gela du.
  • Arropa erosoa, zira eta oinetako egokiak janztea gomendatzen da.
  • Unitate Didaktiko hau garatzeko, gutxienez 4 ordu beharko dira (bazkalordua kontutan hartu gabe).

Urdaibaiko natura-aberastasuna

Helburuak

  • Inguru natural hurbilarekin kontaktuan jartzea, Urdaibaiko Biosfera Erreserbak barne hartzen duen paisaia eta espezie aniztasuna ezagutzera emateko.
  • Urdaibaiko Biosfera Erreserban eman diren erabilera tradizionalak ezagutzea, gizakia eta bere ingurunearen arteko elkarrekintzaren interpretazioa burutzeko eta honek paisaian eduki duen eragina ezagutzeko.
  • Biodibertsitatearen garrantziaz jabetzea, ingurunearen erabilera zentzudun eta jasangarriaren aldeko jarrera bultzatzeko.
  • Urdaibaiko Biosfera Erreserban dauden eremu babestu ezberdinen ezaugarriak ezagutzera ematea, hauek betetzen dituzten funtzioetaz jabetzeko.

Ekintzak

Ibilbidea

2 ordu inguruko iraupena duen ibilbidea izango da Busturiko San Bartolome auzoko artadi kantauriar eta landazabal atlantikoan zehar. Ikaskuntza aktiboa sustatzen duen metodologia berri baten bidez, Urdaibaiko paisaia ezberdinak aztertuko dira eta baita gizakiak paisaia hauekin izan duen
bizikidetzaren inguruan hausnartu ere.

Erakusketa

"Zer da Biodibertsitatea?" erakusketa iraunkorreko ikus-entzunezko edukiak erabiliz, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako biodibertsitateari buruzko ezagutza indartuko da.

Behatokia

Eskaintzen duen ikuspegi zabalari esker, paisaiaren interpretazioan sakonduko da.

  • Prezioa: 1€ ikasleko.
  • Unitate Didaktiko hau garatzeko, gutxienez 4 ordu beharko dira (bazkalordua kontutan hartu gabe).
  • Egunean zehar ez dugu autobusa erabiliko beraz ez da beharrezkoa autobusa egun guztian zehar gurekin egotea.
  • Landa eremu eta basotik egingo den ibilaldirako arropa eta oinetako egokiak beharrezkoak dira. Egun euritsuetarako bereziki, aldatzeko oinetakoak eta zira ekartzea gomendagarria da.Gainera jardunaldiaren zati handi batean kanpoan egongo gara.
  • Erabiliko den metodologia berrian ikasleen parte-hartzea oso garrantzitsua izango da eta jardueren arrakasta honen araberakoa izango da.

Espezie inbaditzaileak eta biodibertsitate galera: Baccharis halimifolia

Helburuak

  • Espezie inbaditzaile bat zer den ulertzea, gaur egun biodibertsitate galeraren eragile nagusietako bat bihurtu den problematikarekin sentikortzeko.
  • Konkretuki Urdaibaiko Biosfera Erreserban Baccharis halimifolia landare inbaditzailea eragiten ari den ondorio kaltegarriak identifikatzea,habitat autoktonoen balioa eta hauek kontserbatu beharra ulertzeko.
  • Baccharis halimifolia espezie inbaditzailearen erradikazioan diharduen LIFE proiektua ezagutzea,biodibertsitatearen babes eta berreskurapenerako tresna gisa duen balioa ulertzeko.

Ekintzak

Ibilbidea

Ordu eta erdiko iraupena duen ibilbidea Baccharis halimifolia landare inbaditzailea hedatzen ari deneko eremutik, honen ondorioz kaltetuak izaten ari diren habitat autoktonoak (ihitokiak, lezkadiak, etab.) ere ezagutuko dituztelarik. Era berean, ikasleek LIFE proiektuan egiten ari diren ekintzak in situ ikusiko dituzte eta Baccharis landare gazteen erradikazioan ere parte hartuko dute.

Bisita gidatua Euskadiko Biodibertsitate Zentrora

Euskadiko Biodibertsitate Zentrora egingo den bisita gidatuan, biodibertsitatearen balioa eta honen galeraren ondorioen inguruko hausnarketan sakondu ahal izango dute.

  • Prezioa: 1€ ikasleko.
  • Zentroak bazkaltzeko egokituta dagoen gela du.
  • Arropa erosoa, zira eta oinetako egokiak janztea gomendatzen da.
  • Euskadiko Biodibertsitate Zentroan, Baccharis halimifoliarekin erlazionatutako erakusketa-modulua erabiliko da.

Zientzia eta itsasoa esperimentatu

Helburuak

  • Itsas-zientzien alorrean ekintza teoriko-praktikoa burutzea, ikasleak zientziara hurbidu eta ikerketaren inguruko interesa sustatzeko.
  • Ikasleak egun batez zientzialari bihurtzea, biodibertsitatearenganako errespetuaren oinarriak eta arrantza jasangarriarenak zabaltzeko.

Ekintzak

Laborategiko jarduera

AZTI-Tecnaliaren bidez, ikasleek arrantza mailan interesa duten espezieen laginketa-tailer batean parte hartuko dute. Modu entretenigarri eta dibertigarrian bere kudeaketa itsas-ekosistemarako zein garrantzitsua den ezagutu ahal izango dute. Horretarako material biologikoa (artisau arrantzatik ateratako arrain eta ornogabe aleak) eta laborategikoa (iktiometroa, identifikazio taxonomikorako gakoa, pintzak, labaina, espageti markak, etab.) erabiliko ditugu.

Esperimentazio gela

  • Biodibertsitatea: Espezie nagusiak sailkatu eta identifikatu, arrantza sareetan jaus daitezkeen espezie kopuru nabarmena behatuz.
  • Laginketa biologikoak: Populazioaren ezaugarriak ikertu, aleen sexua, pisua, eta neurria hartuz. Otolitoa ere aztertuko dugu adina zehazteko.

Bisita gidatua Euskadiko Biodibertsitate Zentrora

Itsas ikerkuntzak arrantzak ustiatutako populazioen alde biologiko eta kuantitatiboak ikertzen ditu. Ikasleek itsas biodibertsitatearen egungo egoera ezagutuko dute, laborategian burututako laginketa biologikoen emaitzak aztertuz.

  • Prezioa: 1€ ikasleko.
  • Hezkuntza modulu hau azaroa, otsaila eta maiatzean zehar garatuko da. Plaza mugatuak.
  • Zentroak bazkaltzeko egokituta dagoen gela du.
  • Arropa erosoa, zira eta oinetako egokiak janztea gomendatzen da.
Azken aldaketako data:  2014/09/16