Azken eguneratzea: 2012/11/16
Orain arte, 2012. urtean zehar, EJ. 334 komunikazio eman eta 320.000 posta elektroniko bidali ditu meteorologiari buruzko abisu eta alertekin loturik
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak muturreko meteorologiarekin loturiko abisu-, alerta- eta alarma-sistemari buruzko azalpen-fitxa bat zabaldu du.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak muturreko meteorologiarekin loturiko abisu, alerta eta alarmei buruzko azalpen-fitxa bat prestatu du. Fitxa horren bidez jasotzen duten erakunde publiko zein pribatu guztiei informazio laburbildua bidali die.
Sistemaren 954 erabiltzaileei (horietatik 171 komunikabideetako profesionalak dira) zuzenduta dagoen ekimen honen bidez, labur adierazita argitu nahi da Eusko Jaurlaritzaren egungo semaforizazio-protokoloa (abisu horia, alerta laranja eta alarma gorria); hain zuzen ere, gorabehera bakoitzari dagozkion prebentzio- eta informazio-neurriak aplikatzerakoan interpretatzeko zalantzarik egon ez dadin.
Era berean, fitxak modu errazean eta eskematikoan laburtzen ditu koloreetatik ondorioztatzen diren egoerak eta arriskugarritasun-maila. Horrez gain, datu osagarriak eskaintzen ditu kalkulatutako itzulera-aldiei, informazio-ekintzei edo larrialdi-planen aktibazioari.
Herrizaingoko jarduneko sailburuorde Raúl Fernández de Arroiaberen ustez, “bidaltzen ditugun mezuen kopuru handia batzuek kritikatzen duten arren, ekimen honen bitartez benetan nahi duguna da abisu horiak ikustean arriskurik ez dakarten ohiko egoerak direla pentsaraztea; beren lanbide- edo aisialdi-jarduera dela-eta, fenomeno atmosferiko jakin horrek sortutako ondorioek gehiago eragin diezaieketen pertsona edo sektoreentzat izan ezik”.
“Abisu horia -azpimarratu du Herrizaingoko sailburuordeak- ohiko fenomeno bati buruzko abisua baino ez da; baina arreta-neurri batzuk hartu behar diren arren, inola ere ez dute alarmarik sortu behar. Izotzaldien adibidea argigarria da: tenperatuta zero gradutik behera jaisten denean, neguan ohikoa baita, abisu horia ematen dugu jendeak kontuan har dezan, baina horrek ez du esan nahi alerta-egoeran gaudela”.
Alde horretatik, Fernández de Arroiabek azpimarratu du guztiontzat benetan arriskua dakarten egoerak alerta laranjen aldietan gertatzen direla, bereziki alarma gorria dagoenean. Dena den, beren kopuruari begira, noizbehinkako egoerak dira, kasu bakoitzaren larritasunarekin bat datozen prebentzio-neurri espezifiko garrantzitsuak abian jartzea eskatzen dutenak.
DATUAK
Nahiz eta 2012. urtean zehar, oraingoz, alarma gorririk ez den gertatu, EAEn orain arte 164 abisu hori eta 15 alerta laranja izan ditugu; hain zuzen, 143 egunetan banatuta, eta berorietan gutxienez maila horietako bat egon da aktibo.
Egoera horiek guztiak Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak jakinarazi zituen 954 erabiltzaileri zuzendutako 334 komunikazio zabalduz. Horrek esan nahi du gutxi gorabehera 320.000 posta elektroniko bidali zirela.
Emandako abisu hori guztien artean (164), 68 izotzagatik izan ziren, 29 olatuengatik, 23 elurragatik, 14 tenperatura altuengatik, 9 euri-jasagatik edo euria atertu gabe egiteagatik, 8 haizeagatik, 7 ekaitzagatik eta kazkabarragatik eta 6 enbatengatik.
Aurten erregistratutako 15 alerta laranjei dagokienez, 6 tenperatura altuekin loturik egon ziren, 4 elurrarekin, 2 hotzarekin, 2 olatuekin eta 1 haizearekin
Ohiko komunikazio eta posta elektronikoez gain, alerta laranja edo alarma gorria egonez gero ematen diren berariazko prentsa-oharrez eta Euskalmeten web-orrialdearen bitartez (www.euskalmet.euskadi.net) zabaldutako unean uneko informazioaz gain, Euskal Meteorologia Agentziak 10.000 jarraitzaile dituen Twitter kontua du (@euskalmet). Horren bidez ere, uneko abisuak, alertak eta alarmak zabaltzen ditu eta denbora errealean informazio zehatza ematen du muturreko fenomeno meteorologikoen inguruan eta beroriek geografia-eremuen arabera duten eboluzioari buruz.
