Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Azken eguneratzea: 2012/06/25

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailari nazioarteko saria eman diote familia eta lan bizitza uztartzeari buruz gauzatutako politikak direla medio

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari Alares 2012 Lehen Sari Nazionala, Familia eta Lan Bizitza Uztartzeari buruzkoa, eman diote, erakundeen atalean. Eusko Jaurlaritzari era horretan aitortu zaio eremu horretan egin duen lana, legealdi honetan sailaren ardatz estrategikoetako bat izan den eremuan, alegia.

 

Fátima Báñez Lan eta Gizarte Segurantzako ministroa izan da Alares 2012 Sari Nazionalen VI. Galaren buru, gaur goizean Madrilen gauzatu den ekitaldian.

Atal horri dagokionez, sariaren helburua familia- eta lan-bizitza uztartzeko erakunde-politikak, egungo gizarte-egituren premia berriei eta gizarte-babesari erantzun egokia ematen dietenak, aitortzea da, betiere hiritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko ikuspegitik begiratuta.

Aurreko edizioetan, Alares Fundazioaren Sariak erreferentziazko sariak izan dira Uztartzearen, Bizi Kalitatearen eta Enpresa Lehiakortasunaren alorrean Espainian.

Ikertzeko, premiak atzemateko eta XXI. mendeko enpresei eta langileei bide berriak irekitzeko (enpresa horiek lehiakorragoak izan daitezen) Euskadin garatu diren gobernu-politikak saritu ditu Alares Fundazioak edizio honetan. Hori guztia gizartearekiko konpromisoa handiagoa izan dadin.

Saria emateko ekitaldian, Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak nabarmendu du familia- eta lan-bizitza uztartzeko politika publikoek laguntzen dutela “langileen eta horien familien bizi-kalitatea hobetzen, eta, era berean, gure enpresen lehiakortasuna handitzen dute gogobetetzea eta lan-motibazioa handiagoa delako. Motibazio horrek bultzatzen gaitu etorkizunera begira”.

 

Neurriak

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila 2015era bitarte indarrean egongo den Euskal Autonomia Erkidegoko Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko III. Planean biltzen diren hainbat neurri garatzen ari da.

Jaurlaritzaren Plan hori familiei laguntzen dieten eta familien autonomia bultzatzen duten zerbitzuak, neurriak eta uztartze-politikak sustatzera zuzenduta dago.

Hona hemen zenbait:

 

  • Familia- eta lan-bizitza uztartzeko laguntzei buruzko dekretuei eustea.

 

  • euskadi.net/concilia+. Webgunea garatzea. Bateratu+ aplikazioak hainbat formula eskaintzen ditu langile eta enpresen premietara egokitutako lanaldia finkatzeko, betiere bi aldeen mesedetan. Hona hemen zenbait formula: ordutegi malgua, otorduetarako denbora murriztea, lanaldi konprimitua, lanaldi trinkoa udan, job sharing edo lanaldi partekatua eta ordu-poltsa.

 

  • Espainiako ordutegiak arrazionalizatzeko VI. Biltzar Nazionala antolatzea; bertan argi geratu zen aurrerabideko gizarte-eredu bat eraikitzeko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa, eredu horretan gizonak eta emakumeak berdinak izango dira, eta protagonismoa emango zaie lanaren ikuskera jakin bat duten enpresei, uztartze-politiketan zutabe garrantzitsuenetako bat duen ikuskera dutenei.

 

  • Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritzako eta ostalaritzako ordutegi-malgutasunari buruzko azterlana, ordutegi-aldaketek euskal enpresa-sarearen eremu horretan duten eraginari buruzkoa.

 

  • Lan-ordutegiaren eredu berri bat Euskal Autonomia Erkidegoko 4 enpresatan ezartzeko metodologia aplikatzeari buruzko programa pilotu bat. Plan horren emaitzarik positiboena da parte hartu duten lau enpresek etengabe txertatu dutela ordutegi malgu berria.

 

  • Ordutegiak arrazionalizatzeko neurriak ezartzeko metodologia bat garatzea enpresetan.