Euskal herritarrek giza tragedien aurrean erakutsi izan duten elkartasun berbera agerian geratu da, berriro ere, Haitiko tragediaren kasuan.
Lurrikararen berri izan bezain laster, euskal boluntario eta era guztietako herritar ugari mobilizatu ziren atzo, eta harremanetan jarri ziren GGKEekin eta Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzarekin haien lankidetza eskaintzeko (dirua eskainiz GGKEen kasuan, erakunde horiek larrialdiko banku-kontuak ireki baitituzte). Patxi López lehendakariak gaur goizean bere Kabineteko kargu guztiei egin dien harreran esker oneko hitzak erabili ditu haien borondatez Haitiko herriari laguntza eman nahi dioten pertsona eta erakunde guztiei.
Lurrikarak sortutako hondamendi ikaragarria oztopo izaten ari da kaltetuentzako nazioarteko laguntza kudeaketzerakoan, eta logistika-arazo larriak sortzen ari dira, “hori dela eta, krisiak iraungo duela pentsatu behar dugu”, adierazi du Marta Aresek, Garapen Lankidetzarako zuzendariak.
Zailtasun horiek gora-behera, azkenean Ertzaintzako 8 agente abiatuko dira gaur arratsaldean Barajaseko aireportutik Haitirako bidean, Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak pleitatutako Hércules hegazkin batean. Multzo elektrogeno bat, kanpainako ekipo bat eta pertsonak erreskatatzeko material berezia eramango dituzte. Era berean, DYA elkarteak bat egin du espedizioarekin, eta mediku bat eta anestesista bat bidali ditu, kanpainako ospitale batekin batera.
Hasiera batean Haitira joatea aurreikusita zeukaten Ertzaintzako gainerako boluntarioak datozen egunetan abiatzeko zain gelditu dira, beharrezkoa balitz ere.
Lankidetzaren beharrak luze jo lezakeelakoan, Eusko Jaurlaritzak erreserbako taldeen kudeaketa aurreikusi du, gaur Haitira bidali diren laguntzak ordezkatu edo osatu ditzaten. Horretarako, Jaurlaritzak Osakidetzako langile espezializatuak, Nekazaritza Saileko teknikariak —edateko uren araztegiak jartzeko— eta lankidetzako langileak dauzka.
Bestalde, Euskadin ordezkaritzak dituzten nazioarteko GGKE espezializatuak larrialdiko bost proiektu prestatzen ari dira, eta laster Eusko Jaurlaritzara helaraziko dituzte, Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzako teknikariek haien bideragarritasuna eta finantzazioa aztertu ditzaten