Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Azken eguneratzea: 2012/06/15

Integrazioa eta bizikidetza izan behar ditu orain ardatz etorkinekin egiten den ahalegin sozial eta instituzionalak

Immigrazioarekin loturiko arazo asko egitate objektiboekin baino egitate horiei buruz egiten den interpretazioarekin zerikusi handigoa dutela sinetsita, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Legebiltzarrean defendatu du gaur Immigrazioren aldeko Itun Sozialaren garapena, etorkinak integratzeko ereduaren oinarri izan nahi duen dokumentua, herritarren eskubideak, kultura arteko bizikidetza eta Euskadiren gizarte-kohesioa bermatuta betiere. Sailburuaren ustez, “etorkinen harrerari emandako fasea gaindituta, integrazioa eta bizikidetza izan behar ditu orain ardatz ahalegin sozial eta instituzionalak”

Testu hori aurkeztu du gaur sailburuak Legebiltzarraren Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordean, diziplina anitzeko adituen batzorde baten partaidetzarekin landuriko testua, "bakoitzak errespetatu beharreko marra gorriak ezartzen dituen itun eratzaile gisa, betiere bakoitzaren erantzukizunaren eta jardueraren esparruan, horretarako konpromisoa hartuta immigrazioaren fenomenoa aztertzerakoan”.

Gaur egun, 144.500 atzerritar dauden erroldatuta Euskadin, hau da, EAEko biztanle guztien % 6,6 osatzen dute. Estatuan, aldiz, % 12,2 dira. EAEn bizi diren atzerriko etorkinei buruzko inkestaren arabera, beste 35.000 atzerritarrek lortu dute nazionalitate espainiarra azken urteotan. Horren ondorioz, EAEko biztanleriaren % 8,2k etorkin-jatorria du (atzerritarra), eta gehientsuenak Latinoamerikatik (% 42,4) eta EBtik (% 24,9) datoz. Jatorrizko herrialde nagusia Errumania da (% 11,2), eta, haren atzetik, Maroko (% 10,08) eta Kolonbia (% 8,4). Atzetik hasita, Moldavia, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Ginea ditugu (hiru herrialde horietako etorkinak Euskadiko etorkinen % 0,3 dira). Sexua kontuan hartuta, % 51,4 gizonak dira, eta % 48,6 emakumeak.

Azken urteotan, gure gizartea osatzen duten nazionalitateen mosaikoa hazi egin da eta horrekin batera kultura, hizkuntza, ohitura eta erlijio berriak agertu dira. Gaur egun, 165 nazionalitatek osatzen dute biztanleria atzerritarra autonomia-erkidegoan. Zifra horren arabera, Nazio Batuen Erakundea (NBE) osatzen duten 193 herrialdeen % 85 daude ordezkatuta Euskadin.

Itunaren azpian dagoen ideia zera da, gizarteen homogeneotasuna iraganeko kontua dela eta aniztasuna betirako ezarri dela gure gizarteetan. Testuinguru horretan, pluralismoa balio bihurtzen da bere dimentsio guztietan, eta hori kudeatzen jakin behar dugu. “Euskal gua gu konplexua da, askotarikoa, gu inklusiboa izan behar duena, bereizketarik gabekoa”, Gizarte Gaietako sailburuak adierazi duenez.

Sailburuaren ustez, zenbait gai —hala nola, hezkuntza, emakumea eta euskara— modu positiboan aztertu badira ere, “badira oraindik beste arazo batzuk immigrazioarekin lotuta”. Handicap horiek etxebizitza eskuratzearekin, titulazioen eta lanbide-gaitasunen onespenarekin edo baliozkotzearekin, lan-baldintzekin edo boto-eskubidearekin daude lotuta.

Itunak ezartzen duenaren arabera, immigrazioak kultura dakar, banakoa eta kolektiboa, eta horrenbestez, gure artean egokitu beharra. “Immigrazioaren fenomenoari buruzko pedagogia bat egin behar dugu, egian oinarriturikoa, immigrazioak enpleguari, BPGaren hazkundeari eta euskal gizartearen gaztetzeari egiten dion ekarpena adierazten duten datuetara hurbildu behar dugu, etorkinei esker baita askotarikoagoa eta heterogeneoagoa gure gizartea”, Zabaletak azpimarratu duenez.

Euskadiko etorkinen kolektiboak baliatzen duen urteko 1.240 milioi € gordineko kopuruaren % 80 inguru, hau da, 975 milioi euro, baliabide propioetatik dator, lanarekin loturikoetatik. “Horrenbestez, lan-aukerak dira, eta ez gizarte-laguntzak, gure herrialdera emigratzeko erabakia azaltzen duen arrazoi nagusia", Zabaleta sailburuak azpimarratu duenez. Etorkinen % 7,1ek baino ez ditu aipatzen gizarte-laguntzak emigratzeko erabakia hartzeko arrazoien artean.

ITUNA EGITEKO PROZESUARI BURUZKO ZENBAIT DATU 

  • 2011ko uztaila-iraila

Aditu independenteen batzordea eratu zen, eta Innobasqueri agindu zitzaion prozesua dinamizatzea.

  •  Urria - Abendua

Batzordeak "Immigrazioaren aldeko Itun Soziala Euskadin" testuaren lehen bertsioa idatzi zuen.

  • 2011ko abenduan eta 2012ko ekainean honako eztabaida hauek izan ziren:

- abenduaren 14a: aurkezpena eta eztabaida Bilbon

- otsailaren 16a: aurkezpena eta eztabaida Donostian

- maiatzaren 9an: aurkezpena eta eztabaida Gasteizen

Hiriburuetan izandako hiru aurkezpen-saioetan 260 lagunek baino gehiagok parte hartu dute, guztiak ere gizarte-erakundeen, administrazio-erakundeen, alderdi politikoen, sindikatuen, enpresa-erakundeen eta abarren ordezkariak. Gainera, Harresiak Apurtuz sareak, immigrazioaren inguruko erakundeen sare nagusiak, idazki bidezko ekarpena egin du ordezkatzen dituen 60tik gora erakundeak ordezkatuz, hiru lurraldeetan Ituna lantzeari buruzko hiru tailer egin ondoren.

Era berean, Ermuko udalerrian eztabaidatu dute dokumentua, 50 inguru auzokorekin, eta laster eztabaidatuko dute beste zenbait udalerritan, hala nola Berrizen eta Eibarren, baita Munduko Jendeen Federazioaren Batzarrean ere, etorkinen 50 elkarte baino gehiago Bilbon biltzen dituen ekimenean. Apirilean Bilbon izandako Migrazioei buruzko Estatuko Biltzarrean ere aurkeztu zuten dokumentua. Bilkura horien ekarpen eta ondorio guztiak web-orrian daude.