Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Eusko Jaurlaritzak Bruselan gizalegezko tratua defendatu du iheslarientzat

2016.eko apirilak 09

Europako Behatokia sortzea iradoki du, asilo-eskatzaileei tratu duina emango zaiela bermatzeko.

Jaurlaritzak isuriak murrizteko irizpenentzako zuzenketak proposatu ditu.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Marian Elorzak, Eskualdeetako Lantaldearen osoko bilkuran parte hartu du Bruselan; bertan, eskualde nahiz hiriek Europako etorkizuneko legeen gainean agertu duten jarrera eztabaidatu dute, eta Eusko Jaurlaritzak hemeretzi zuzenketa proposatu ditu.

Hala, iheslariak sorburuan edo eskualde mugakideetan babesteari buruzko irizpenari hamabost zuzenketa egitea proposatu du. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak jatorrizko testuaren arreta-gunea aldatzea proposatu du, eta pertsona horien autonomiaren aldeko ekimenak sustatzeari arreta eskaintzea. Beraz, kontra egiten dio Irizpenari eta harrerak ingurune hurbilenean eragin ditzakeen zailtasunen mehatxuari.

Halaber, Jaurlaritzak Europako Behatokia sortzea iradoki du, asilo-eskatzaileei tratu duina emango zaiela bermatzeko.

Gainera, helmugako eskualdeek eta udalerriek zeregin garrantzitsua izan dezaketela uste du, Europa-mailako akordioen eta betekizunen aplikazioan lagundu dezaketenez.

Era berean, ACNURen eta iheslariei arreta ematen dieten GKEen eta Europako eskualde- eta toki-administrazioen arteko lankidetza areagotzeko deia egin du; izan ere, azken horiek herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak dira.

Eusko Jaurlaritzak orain gutxi onartu zuen adierazpen instituzionalean, lehendakariak, EBn babesa eskatzen duten pertsonak jasaten ari diren egoera bidegabea dela eta, erantzun bizkor, eraginkor eta gizatiarra ematea aldarrikatzen zuen, giza eskubideak eta pertsonen duintasuna bermatzeko.

Europa-mailako ingurumen-araudiari loturiko jakinarazpenari eta betearazpenari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak berretsi du funtsezkoa dela informazio oso eta ahalik eta eguneratuena eskuratzea Estatu-, eskualde- eta toki-mailan, Europako Zuzentarauetan ezarritako alerta goiztiarreko sistemak eraginkortasun handiagoz aplikatu ahal izateko eta, ondorioz, kudeaketa eraginkorragoa izateko.

 Isurien murrizketei eta karbono gutxiko teknologien arloan egindako inbertsioei dagokienez, Jaurlaritzak Europa-mailako konpentsazio-mekanismo homogeneo bat ezartzea proposatzen du karbono-isuriak jasan ditzaketen sektoreetan, baldin eta isurion kostua zeharkakoa bada eta elektrizitatearen prezioan eragiten badu. Horrela, Estatu kideen araudiak desberdinak izateak Europako enpresen arteko lehian eragiten dituen distortsioak ez gertatzea lortu nahi da.

Eskualdeetako Lantaldearen osoko bilkuran hartu dute parte Europako Inbertsio Bankuko presidenteorde László Baranyay eta Europako Parlamentuko bi diputatu garrantzitsu: Lambert van Nistelrooij eta Ian Duncan.