Azken eguneratzea: 2013/02/26
Itsas eolikoak aukera handiak eskaintzen dizkie Euskadiko energia alorrari eta itsasontzigintzari
Bilbao Marine Energy Week Kongresuan jardunaldi monografiko bat izango da gai horretaz
- Euskadin bimep izeneko itsas ikerketa azpiegitura izateaz gain, TECNALIA teknologia propioa garatzen ari da ahalmen handiko itsas aerosorgailu arinak ekoizteko, kostuak murriztea ahalbidetuko dutenak.
- 2020. urtera begira, aurreikuspenen arabera, 150.000 milioi euroko inbertsioak egingo dira itsas parke eolikoetan eta 10.000 enplegu sortuko dira Europa osoan.
- Bilbao Marine Energy Week (BMEW) Kongresua apirilaren 15etik 19ra egingo da, eta bertan jardunaldi tekniko eta erakusketa profesionalekin batera, energia instalazioetara bisita teknikoak eta negozioen inguruko bilerak egiteko aukera izango da.
Bilbao Marine Energy Week Kongresuko hitzaldien bigarren egunean itsas energia eolikoa izango da gai nagusia. Bilbon, apirilaren 15etik 19ra, itsas energia berriztagarrien inguruko astearen harira, 500 ordezkari eta aditu baino gehiago bilduko dira energia iturri horretaz mintzatzeko.
Energiaren Euskal Erakundeak (Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia), TECNALIAk eta BECek lankidetzan antolatutako kongresuan itsas energiei lotutako gai ugari jorratuko dira aste batez. Hala, babesle nagusia IBERDROLA duen nazioarteko bilgune horretan itsas energiari buruzko jardunaldiaren bosgarren edizioa egingo da, olatuen energiaren garapenean arreta berezia jarriz. Horrekin batera, goraxeago aipatutako itsas eolikoaren inguruko jardunaldia ere izango da kongresuan. Gainera, SINAVAL esparruaren barruan, azoka profesional bat eta APPA Energia Berriztagarrien Ekoizleen Elkartearen batzar nagusia hartuko ditu kongresuak, itsasontzigintzan diharduten teknikari eta profesionalen parte hartzea izango dutenak.
Itsas eolikoari buruzko jardunaldian nazioarteko enpresa nagusietako ordezkariak izango dira, eta alor horretan ematen ari diren azken aurrerapenen berri emango dute. Hala, Gamesa, Alstom, Areva eta Statoil enpresetako ordezkariak izango dira, besteak beste. Era berean, gaur egun Europan parke eolikoen ezarpenean punta-puntako enpresetako ordezkariek ere haurtuko dute parte, hala nola Iberdrola, Dong eta Vattenfal-ekoek. Europako iparraldean hazkunde-gune duten enpresa horietako adituek beren esperientzia aitzindariak azalduko dituzte kongresuan. Jardunaldiari amaiera emateko, euskal enpresetako arduradunek itsas energia berriztagarriez izango den eztabaida saio batean parte hartuko dute, itsas eolikoaren alorraren balio-katea osoan produktuak ekaini eta zerbitzuak eman ditzaketen euskal enpresak, hain zuzen ere.
Ikerkuntza eolikoa Euskadin
Euskadik ikerketa sare oparo du alor horretan, itsas eolikoa garatzeko zenbait bide jorratzen ari diren zentro teknologikoez eta enpresez osatua. Horren erakusle da, besteak beste, bimep (Biscay Marine Energy Platform). Energiaren Euskal Erakundeak sustatutako itsas azpiegitura hori instalazio fasean dago gaur egun, eta behin amaitutakoan, itsaso zabalean gailuak probatzeko eremu bat izango du, Armintzako portuaren aurrean, eta bertan ekoitziko den energia lehorrera bideratuko da urpeko kable batzuen bidez. Hartara, energia sortuko duten gailu eta tresnak probatzeko eta ikertzeko parada izango dute enpresek. Horrezaz gain, itsas aerosorgailuetarako plataforma flotagarriak probatzeko ere aukera izango da bimepen instalazioetan. Ildo beretik, 2020. urtera begira eratutako Euskadiko Energia Estrategiaren aurreikuspenen arabera, 50 MW-eko potentzia instalatua izango duen erakuste proiektu bat garatuko da itsas eoliko flotagarriaren alorrean.
Itsasoaren sakontasuna da Europako hegoaldean itsas eolikoa gehiago ez garatzeko oztopo nagusienetako bat, instalazioetan egin beharreko inbertsioak nabarmen garestitzen baitu. Iparraldeko itsasoan ez bezala, bertan plataforma kontinentala itsasoren barna hedatzen da zenbait kilometro, Iberiar Penintsulan eta Mediterraneoan kostaldetik kilometro gutxira sakontasun handiko guneak daude. Horren ondorioz, aerosorgailuak ainguratzeko arazoak sortzen dira eta horrelako itsas parke eolikoen kostuak izugarri garestitzen dira. Hori horrela, ainguratze edo finkatze konplexuak eskatzen ez dituzten turbina flotagarrien inguruko ikerkuntza funtsezkoa izango da itsas eolikoa behar bezala garatzeko.
Alde horretatik, TECNALIAren zuzendaritzapean, Astilleros Murueta, Tamoin, Velatia eta Vicinay enpresek osatzen duten partzuergoa plataforma flotagarri bat garatzen ari da offshore eolikorako. Erdi urperatuta egongo den plataforma bat izango da, plataforma kontinentalik ezean, zimenduak jartzean oinarritzen diren irtenbideak bideragarriak ez diren kasuetarako egokitua. Plataforma horren diseinuan datza abantaila nagusia; izan ere, hura ontziola konbentzionaletan fabrika daiteke, aerosorgailua kaian muntatzeko aukera ematen du eta garraioa eta instalazioa ontzi normalekin egin daitezke. Gainera, partzuergoa irtenbide berritzaileak ematen ari da ainguratze eta konexio elektriko sistemen arazoei aurre egiteko. Egungo diseinua 5 MW-eko aerosorgailuak jartzeko prestatu da, 10 MW-ekoak jartzeko aukera izanik. Diseinu hori 2014an probatuko da eskalan, eta merkaturatzeko moduko unitateak ekoiztea espero da 2016. urtetik aurrera. Merkaturatze horrek eragin handia izango du bertako industrian, 100 lanpostu sortuko baititu jardueraren lehen bost urtean.
Bestetik, TECNALIA Europako partzuergo bat gidatzen ari da itsas aerosorgailuak garatze aldera, potentzia handiago eta arinagoak izango diren aerosorgailuak lortzeari begira. Horien berrikuntza teknologikoa, funtsean, material batzuen superkonduktibitatean oinarritzen da, trinkoago, fidagarriago, arinago eta potentzia handiagoko sorgailu elektrikoak garatzea ahalbidetuko duena. Proiektu horren asmoa da berehalako transferentzia egitea industria alorrari , kostu lehiakorrekin aplikatu ahal izateko.
Itsas eolikoaren perspektibak
Itsas energia eolikoak bilakaera edo hazkunde ikusgarria izango du datozen urtetan, Euskadiko enpresei eragin positiboa ekar diezaiekeena. Energia iturri horrek lurreko eolikoak baino hobeto aprobetxatzen du haizea; hala ere, inbertsio handiagoak eskatzen ditu teknologian eta logistikan instalatzeko. Aurreikuspenen arabera, 2020. urterako, energia eolikoak Europa osoan 150.000 milioi euroko inbertsioa eta 10.000 enplegu kualifikatu eragin ditzake. Hori guztia negoziorako aukera handia da Euskadiko enpresa ehunarentzat, itsas eta portu azpiegitura espezializatuak eta energia alorrean punta-puntako enpresa teknologikoak dituen euskal enpresa ehunarentzat, hain zuzen ere.
Itsas parke eolikoetan aurreikusten diren garapen eta inbertsio bolumen horiek eskatuko dute, zalantzarik gabe, tamaina handiko aerosorgailuak ainguratzea ahalbidetuko duten ontziola eta itsas instalazioen ekarpena, baita aerosorgailuak itsaso zabalera eramateko eta instalatzeko ontzi handi eta txikien eraikuntza ere. Halaber, garapen teknologikoko enpresek eta aerosorgailuak fabrikatzen dituztenek ere negozioa egiteko bide berri bat dute itsas energian, lehorreko parte eolikoen eraikuntzaren gelditzearen aurrean. Gainera, turbina handi horiek itsasoan instalatzeko profesional oso espezializatuak beharko direnez gero, lan horietan aritzeko parada izan dezakete espezialista ugarik. Horrekin guztiarekin batera, korrosioaren aurkako material arinen ikerkuntzak eta turbinen eraginkortasuna hobetzeko azterlanek lan-ildo berriak ekarriko dizkiete enpresa teknologikoei eta ikerketa zentroei.
Euskadin kualifikazio handiko enpresa ehuna eta ikerketa sarea daude eoliko alorrean. Horrekin batera, goi mailako portu eta kai instalazioak dituen itsas arlo garatua dago. Beraz, hazten ari den itsas energiaren alorraren aukera berriak aprobetxatzeko moduan dago Euskadi.
Informazio gehigarria
Webgune ofiziala: www.sinaval-bmew.eu
Facebook BMEW
Twitter BMEW