Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Informazio orokorra-oinordetzak



Oinordetza

Konstituzioak jaraunspenerako eskubidea onartzen du 33. artikuluan. Heriotza halabeharrezkoa denez, pertsona fisikoak, bera hil ondorengorako, adierazita utz ditzake bere ondasun edo eskubideei eman nahi dien erabilerari buruzko nahiak edo borondateak. Halako adierazpenak izatearen edo ez izatearen arabera, bi oinordetza-mota daude:

  • Testamentu bidezko oinordetza: Gizakiak testamentuan adierazitako borondatearen arabera ematen da oinordetza. TESTAMENTUA EGITEN DENEAN.
  • Testamentu gabeko oinordetza: Hiru kasutan izaten da:
    • Testamenturik egin gabe hiltzen denean
    • Testamentua izanda, bertan testamentugilearen ondasun guztiak barne hartuta ez daudenean
    • Jaraunsle izendatutakoa oinordetzarako ezgai denean

Testamentuaren bidezko oinordetzan, testamentugilearen borondatea nahiko mugatuta dago, honek ahaide hurkoak edo ezkontidea duenean; izan ere, Legeak xedapen jakin batzuk betetzera behartzen du testamentugilea.

Senipartea testamentugileak baliatu ezin duen ondasunen zatia da, legeak jaraunsle jakin batzuentzat -nahitaezko jaraunsleak, hain zuzen ere- bideratuta duelako; nahitaezko jaraunsleak hauek dira (ondoko ordenan):

  1. seme-alabak eta ondorengoak
  2. gurasoal eta arbasoak
  3. alarguna/tsa

Senipartearen usufruktua izaten du beti ezkontide alargunduak, eta seniparte hau desberdina izaten da ezkontidearekin batera oinordetzan parte hartzen duten pertsonen arabera:

  1. Seme-alaba komunekin batera hartzen badu parte, bere senipartea hobekuntzarako herena izango da.
  2. Kausatzailearen arbasoekin batera hartzen badu parte, bere senipartea jaraunspenean utzitako ondasunen erdia izango da.
  3. Ez badu parte hartzen ez arbasoekin ez ondorengoekin, jaraunspenean utzitako ondasunen bi herenen usufrukturako eskubidea izango du.

Testamentu gabeko oinordetzan, Legeak zehazten du nor edo nortzuk izango diren oinordekoak, ordena honi jarraiki:

  1. ahaideak (ondorengoak, arbasoak eta zehar-ahaideak -ordena honetan-)
  2. ezkontide alargundua
  3. Estatua

Kasu honetan, arbasorik eta ondorengorik ez badago, bizirik dagoen ezkontidea izango da ondasun guztien oinordekoa, zehar-ahaideekiko lehentasunez.

Orain arte, oinordetza Kode Zibilak ezartzen duen moduan aipatu dugu. Araudi hau, ordea, ez da erkidegokoa, estatukoa baizik; beraz, ezin dira baliokidetu ezkontza eta izatezko bikotea, izatezko bikoteak arautzen dituen 2/2003 Legea, maiatzaren 7koa, autonomia-mailakoa da-eta. Honen ondorioz, Kode Zibilaren arabera oinordetzei buruzko zuzenbidean ezkontide alargunduari dagokion guztia ez dagokio zenduaren izatezko bikotekideari; beraz, lehenik eta behin (sortzen diren kasu zehatzak alde batera utzita), nahitaezko jaraunslerik edo senipartedunik izanez gero, pertsona zenduaren bikotekideak ez du jaraunspenaren heren bat baino jasotzeko eskubiderik izango, "baliatze libreko" herena, hain zuzen ere, nahitaezko jaraunslea edo seniparteduna ez den pertsonaren alde balia daitekeen heren bakarra baita (eta hau, jakina, zenduak espresuki xedatua bazuen testamentuan). Ez da ahaztu behar Kode Zibilaren arabera izatezko bikotekideak ezkongabeak direla, eta beraz, arrotzak direla aipatutako araudiari dagokionez.

Foru-eremuko oinordetzari buruzko zuzenbidea, ordea, desberdina da. Horri dagokionez, Izatezko Bikoteen Legearen 9. artikuluak Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Legea aldatu du eta ezarri du "izatezko bikoteak ezkondutako bikoteen parekotzat hartuko dira"

Honela, izatezko bikoteek Foru Zuzenbidearen arabera ezkonduta egongo balira bezala testamentua egiteko aukera ezartzen du lege honek; aukera hau oso interesgarria da, are gehiago zendutako pertsonaren bikotekideari dagokionez, foru-araudiak estatuko araudiak (Kode Zibila) baino gehiago babesten baitu ezkontide alargundua (hildakoaren izatezko bikotekidea).

Oinordetza-zuzenbidearen laburpena, estatuko araudiaren (Kode zibila) arabera

Testamenturik gabe

  • Izatezko bikoteetan, alargunak ez du ezer jaraunsten. Ezkontzei dagokienez, ezkontide alargunak/tsak portzentaje bat jaraunsten du -ondasunen heren baten eta %50aren artekoa-, beste jaraunsle senipartedunik izatearen edo ez izatearen arabera. (hildakoaren seme-alabak edo gurasoak, esate baterako)
  • SEME-ALABAK DITUZTENAK: izatezko bikoteetan, seme-alabek jaraunspenaren %100 jaraunsten dute. Ezkontzetan, seme-alabek jaraunspenaren %100 jaraunsten dute, jaraunspenaren heren baten usufruktua izan ezik, hau ezkontide alargunduarentzat baita.
  • SEME-ALABARIK GABEAK: izatezko bikoteetan, seme-alabarik ez baino gurasoak edo arbasoak badituzte, gurasoek ondasunen %100 jaraunsten dute. Ohiko etxebizitza bikotearen jabego komunekoa bada, zenduaren gurasoek etxebizitzaren jabegoaren %50 jaraunsten dute. Etxebizitza zenduaren berariazko jabegokoa denean, horren jabegoa zenduaren gurasoek hartzen dute. Ezkontzetan, ordea, seme-alabarik ez baina guraso edo arbasorik badute, gurasoek jaraunsten dute, betiere ezkontide alargunduak ondasunen erdiaren usufrukturako duen eskubidea errespetatuz.
  • ONDORENGORIK ETA ARBASORIK ez badute, izatezko bikoteetan anai-arrebek eta ilobek jaraunsten dute; ezkontzetan, ordea, ezkontideak jaraunsten du %100.

Testamentua dutenak

  • SEME-ALABAK DITUZTENAK: izatezko bikoteetan, seme-alabarik edo bilobarik (azken hauek aurrez zendutako seme-alaba baten ordez) badute, bizikideak ondasun guztien heren bat jarauntsi ahal izango du, testamentuan hala jasota badago. Gainerako 2/3ak legez seme-alabei dagozkie (beraz, horiek ezin dira erabili beste pertsona baten alde). Ezkontzetan, seme-alabarik izanez gero (edo bilobarik, aurrez zendutako seme-alaba baten ordez), ezkontideak ondasun guztien heren bat jarauntsi ahal izango du -testamentuan hala jasota badago-, gehi beste heren baten usufruktua. Gainerakoa seme-alabei dagokie Legez.
  • SEME-ALABARIK GABEAK: Zendutakoaren gurasoek ondasunen erdia jaraunsteko eskubidea dute; eskubide hori errespetatu beharrekoa da testamentua egina izanda ere. Beste erdia baliatze librekoa da eta bizikideak jarauntsi ahal izango du (betiere, jakina, testamentuan zati hori berarentzat dela jasota badago). Ezkontzetan, gurasoak badituzte baina seme-alabarik ez badute, gurasoek jaraunspenaren heren baterako eskubidea dute. Ezkontidea gainerako 2/3en jaraunsle izendatu ahal izango dute.
  • ONDORENGORIK ETA ARBASORIK EZ BADAGO, izatezko bikoteetan, testamentugilea libre izango da bere izatezko bikotekidea bere ondasun guztien jaraunsle izendatzeko (baina ez ondorengorik, ezta arbasorik ere ez badago bakarrik, aitona-amonak barne). Ezkontzetan, ondorengorik eta arbasorik ez dagoenean (aitona-amonak barne), testamentugilea libre izango da bere ezkontidea bere ondasun guztien jaraunsle izendatzeko.

    IZATEZKO BIKOTEETAKO KIDEENTZAT KOMENIGARRIA DA TESTAMENTUA EGITEA. BESTE AUKERA BAT DA DOHAINTZA BIZIRIK DAGOENEAN EGITEA, JARAUNSLE SENIPARTEDUNEN ETA HARTZEKODUNEN ESKUBIDEAK ERRESPETATUZ.


Testamentu-motak, bizkaiko foru-zuzenbidearen arabera


Foru-zuzenbidea Araban


Gipuzkoako foru-zuzenbide zibila

Azken eguneratzea: 2010/06/15