Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Lan-munduan sartzea

Europar Batasuneko herrialdea ez den beste herrialde bateko atzerritar jatorrikoek Espainian lan egin dezakete besteren kontura (enplegu-emaile batek kontratatuta) edo beren kontura zenbait baldintzatan. Horretarako, Bizileku eta Lan Baimena izan beharko dute beti. Baimen hori atzerritarraren jatorrizko herrialdean lortzen da, salbu eta atzerritar hori Bizileku Baimenen baten titular bada. Espainian arauz kontrako moduan egoteak eragozten du Bizileku eta Lan Baimenaren eskabidea izapidetzeko aukera onartzea.

Lan egin ahal izateko beharrezkoa da 18 urtetik gora izatea, nahiz eta 16 urtetik aurrera lan egin daitekeen guraso edo tutoreen baimenarekin.

Bizileku eta Lan Baimenik ez duten atzerriko langileak ez daude arauzko egoeran, baina lan-eskubideak dituzte. Arauz kanpokotzat hartzen den zirkunstantzia oro (hala nola gehiegizko ordutegiak, soldata-diskriminazioak, zenbatekoen erreklamazioa, istripu-arriskuak edo kaleratze bidegabeak) erakunde sindikalei jakinarazi ahal izango zaie.

Bizileku- eta lan-baimena duten atzerritarrek enplegua eska dezakete, eta, horretarako, Enpleguaren Euskal Zerbitzuan, Lanbiden, eman dezakete izena. Erakunde horretan izena emateak ahalbidetzen du, halaber, lan-prestakuntzako ikastaroak egitea.

Langabe-egoera Enpleguaren Euskal Zerbitzuan, Lanbiden, egiaztatzen da, eta pertsona hori kontratatzen duen enplegu-emailearentzat oso baliagarria izan daiteke kontratuan hobariak lortzeko.

Lanbiderako prestakuntzaren alderdi zehatzetarako, aipatutako erakundeetara ez ezik Hobetuz erakundera edo lanbide-heziketako ikastegietara jo daiteke.

NON?

Lana bilatzea

Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bitartez, enplegua modu aktiboan bilatzen ari diren pertsona guztiei laguntzen die, bai lana lortzeko, bai beren enpresa propioa abian jartzeko.

Informazio gehiago

Lanbide

Azken eguneratzea: 2012/02/16