Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

ITUNDUTAKO ARAUBIDEKO FIDANTZAK

Fidantza errentariak/maizterrak errentatzaileari ematen dion bermea da, eta errentamendu-kontratuan hitzartutako baldintzak betetzen direla bermatzea du helburu.

Fidantza gordailutzeko betebeharra kontratuan errentatzaile moduan agertzen den pertsonak edo entitateak du, hau da, higiezina errentan lagatzen duenak.

Nahitaezkoa da honako hauen fidantza gordailutzea:

  • 2015eko irailaren 26tik aurrera sinatutako kontratu hauek:
    • Ohiko etxebizitzaren errentamendua (LAU* legearen 2. art.).
    • Etxebizitza-erabileraz besteko errentamendua (LAU* legearen 3. art.).
  • 2015eko irailaren 26tik aurrera egindako kontratuen berrikuspenak, baldin kontratuak data hori baino lehenago sinatu baziren.

* 29/1994 Legea, azaroaren 24koa, Hiri Errentamenduena (leiho berri batean irekitzen da).

Ez da nahitaezkoa honako hauen fidantza gordailutzea:

  • Gela, trasteleku, garaje edo idustriaren errentamendu-kontratuak.
  • Errentamendu-kontratuak non errentatzaileak errentariari bere negozioaren ustiapena lagatzen dion.
  • Azpierrentamendu-kontratuak.

Nor atxiki daiteke Itundutako Araubide Berezira?

Itundutako Araubide Berezira atxiki ahal izango dira 10 hiri-finka edo gehiago errentatzen dituzten errentatzaileak, edo, bestela, gordailutu beharreko fidantza gutxienez 30.000 eurokoa denean.

Zer epe dago Itundutako Araubide Berezira atxikitzeko?

Ez dago epe zehatzik itundutako araubidera atxikitzeko. Beraz, edozein unetan aurkeztu ahal izango da araubide horretara atxikitzeko eskabidea.

Zer kopuru gordailutu behar dut fidantza gisa?

Ituna formalizatu duten eta onartu zaien errentatzaileek fidantzen %90a gordailutuko dute, eta gainerako %10a erreserbatu egingo dute, banaka eskatzen zaizkienak itzultzeko eta dituzten erantzukizunak likidatzeko.

  • Hilabeteko errenta, ohiko etxebizitzen errentamendu-kontratuetan.
  • Bi hilabeteko errenta, etxebizitza-erabileraz besteko bat duten errentamendu-kontratuetan (adibidez, sasoiko etxebizitzak edo lokalak). Urtebete baino gutxiago irauten duten kontratuetan, kontratuaren iraupenaren proportzioan ezarriko da fidantza, betiere bi hilekoren oinarria hartuta.

Zer egin behar dut Araubide Bereziko Itunera atxikitzeko?

Araubide Bereziko Itunera atxikitzeko, eskaria egingo zaio etxebizitza-arloko planifikazioaren eta prozesu operatiboen gaietan eskumena duen zuzendaritzari.

Eskaria egiteko Itunduriko araubide fidantza gordailutzeko eskaria aurkeztu behar da (PDF, 1 MB) (leiho berri batean irekitzen da), honako agiri hauekin batera:

  • Kitapen-inprimaki ofiziala (PDF, 1 MB) (leiho berri batean irekitzen da), behar bezala beteta.
  • Hirugarrenaren alta (leiho berri batean irekitzen da).
  • Hala badagokio, sozietate errentatzailearen eraketa-eskritura.
  • Hala dagokionean, enpresa errentatzailearen IFZa.
  • Aurretik fidantzarik gordailutu bada, haien zerrenda bat.
  • Hala dagokionean, ordezkaritza-ahalordeak.
  • Higiezinen titulartasuna egiaztatzen duten eskritura edo agiriak.
  • Higiezinaren titulartasuna aldatu dela egiaztatzen duen agiri publikoa, baldin eta aldaketarik gertatu bada.

Eskabide-ereduan azaldu egin behar da eskatutako izapideak ukitzen dituen kontratuen zerrenda; zehazki, honako hauen berri eman behar da:

  • noiz egin diren kontratuak
  • zer higiezin errentatu diren
  • zein diren errentariak
  • zenbatean errentatu diren
  • zein diren fidantzen kopuruak

Ituna noiz azkentzen da?

Pertsona edo enpresa errentatzaileak eskatuta edo hark itunera atxikitzeko eskaturiko betekizunak betetzeari uzten dionean.

Ebazpena jakinarazi, eta hilabeteko epean -jakinarazpenaren biharamunetik kontaturik–errentatzaileak azken likidazioa aurkeztu beharko du, zeinean fidantza-mugimendu guztiak agertuko diren, aurre-aurreko likidazio arrunta edo apartekoa egin denetik aurrera gertatutakoak.

Etxebizitza-arloko eskumenak dituen sailak itzuliko du gordailututako fidantza, azken likidazioa aurkeztu eta hiru hileko epean gehienez ere.

Epe hori igaro, eta artean ez bada fidantza itzuli eskatzaileari egotzi ezin zaion kausaren batengatik, diruaren legezko interesak ordaindu beharko dira, fidantza itzultzeko epe-muga igarotzen denetik fidantza egiaz itzultzen den artekoak.

 

Noiz gordailutu behar dut fidantzen zenbatekoa?

Behin jakinarazi ondoren itunera atxikia izan dela adierazten duen ebazpena, hilabeteko epean gehienez ere.

Noiz aurkeztu behar dut urteko likidazioa?

Urte bakoitzeko urtarrilaren 31a baino lehen aurkeztu behar duzu, eredu ofizialean (PDF, 1 MB) (leiho berri batean irekitzen da), aurreko urtean eratutako, eguneratutako eta itzulitako fidantzen autolikidazioa.

Autolikidazioarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

  • Aurreko urteko abenduaren 31 arte indarrean zeuden fidantza guztien zerrenda aurkeztu behar da, espresuki zehazturik, hala badagokio, urte horretan eratutakoak, eguneratutakoak eta itzulitakoak.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroan inskribatutako kontratu berrien inskripzio-ziurtagiriak eta azkendutako kontratuen inskripzioen ezereztapen-ziurtagiriak.

Zergaren bat ordaindu behar dut fidantza gordailutzeagatik?

Ez. Doakoa da.

Fidantza gordailutzeak interesik sortzen du?

Ez. Fidantza gordailutzeak ez du inongo interesik sortzen gordailugilearentzat.

Zer gertatzen da fidantza ez badut epe barruan gordailutzen?

Aurretiko errekerimendu espresurik gabe fidantza epez kanpo gordailutuz gero, fidantzari % 2ko gainkarga ezarriko zaio, gehi berandutze-interes legala.

Baina aurretiko errekerimendu espresu bat badago, fidantzari %10eko gainkarga ezarriko zaio; horretaz gain, ez gordailutzea arau-hauste arintzat jo, eta zehapen administratiboa ezar daiteke.

Eta zer gertatzen da baldin epez kanpo ere ez badut fidantzarik gordailutzen?

Epez kanpo egiteagatik ezar litezkeen gainkargak eragotzi gabe, arau-hauste arintzat joko da, baldin hiri-finkak errentatzen dituzten pertsona edo entitateei errekerimendua egin ostean haiek ez badute fidantza gordailutzeko betebeharra betetzen, bat etorriz Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 85.j artikuluarekin.

Lege horren arabera, 300etik 3.000 eurora arteko isuna jarri ahal izango da (legearen 90.3 artikulua). Edozein kasutan, isuna ez da izango jarri beharreko fidantzaren halako bi baino gutxiago.

Hiri-finken errentamenduan, ondasunen transmisioen gaineko zerga aplikatzen da. Errentari/maizterrak nahi eta nahi ez ordaindu beharko du zerga hori dagokion foru-ogasunean. 

Errentatzaileak eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria (balioduna eta indarrean dagoena) eman behar dio errentari/maizterrari. Ziurtagiriak, gainera, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan erregistratuta egon behar du.

Azken aldaketako data: