Trantsizio Energetikoko eta Aldaketa Klimatikoko Euskal Bulegoa: Partaidetza
Trantsizio energetiko eta klimatikoa proiektu partekatua izatea nahi dugu. Horregatik, herritarrek iritzia eman dezaketen espazioak bultzatzen ditugu:
- Itun Soziala: Erakundeen, enpresen, gizarte-eragileen eta herritarren arteko akordio bat, etorkizun jasangarri baterantz elkarrekin aurrera egiteko.
- Herritarren Batzarra: Zenbat energia berriztagarri garatu eta non kokatu, hori eztabaidatuko du. Egungo testuinguru geopolitikoan energia-autonomia behar estrategikoa da Europarentzat eta Euskadirentzat. Euskadik autonomia energetikoan aurrera egin behar du, berezko elektrizitate berriztagarria sortzeko gaitasuna handituz.
Hala ere, gaur egun, lurraldeko ekoizpen elektriko berriztagarria elektrizitatearen kontsumo osoaren % 7,9 baino ez da, eta Europako batez bestekoaren % 46,9koa. Autonomia energetiko handia lortzeko bidean aurrera egin asmoz, sorkuntza berriztagarria nola areagotu eta garapen hori lurraldearen babesarekin nola uztartu erabaki behar da.
Autonomia energetikoa ez da erronka energetiko eta klimatiko hutsa; aukera bat da Euskadi lehiakorragoa, erresilienteagoa eta ahalmen handiagokoa eraikitzeko, hau da, egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat industria, kalitateko enplegua eta ongizatea sortzeko.
Eusko Jaurlaritzak, Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Bulegoaren bitartez, herritarren batzarraren proiektu pilotu bat jarri du abian. Euskadiren etorkizunerako garrantzi handiko gai batean finkatuko du eztabaida: zenbat handitu beharko litzatekeen energia berriztagarrien ekoizpena, eta zer irizpide erabili beharko liratekeen hori lortzeko behar diren instalazio berriak non kokatu erabakitzeko.
Herritarren Batzarrak euskal gizartearen begirada bateratuko du eztabaida horretan, erakundeen ezagutza teknikoa eta ekintza osatzeko. Parte-hartzaileek aukera izango dute informazioa jaso, jarrera desberdinak entzun, argudioak kontrajarri eta Eusko Jaurlaritzari helaraziko dizkioten gomendio posibleei buruzko akordioak lortzeko. Gobernuak energiaren arloan duen plangintza aztertzeko, diseinatzeko eta garatzeko balioko dute gomendio horiek.
- Zozketa zibikoa Euskadiko aniztasuna erakusteko
Prozesuari hasiera emateko, 20.000 gonbidapen-gutun bidaliko dizkiete Euskadin bizi diren herritarrei. Pertsona horiek Eustat-Euskal Estatistika Erakundearekin lankidetzan egindako laginketa zibikoaren bidez hautatu dira. Gutuna jaso eta izen-ematea borondatez formalizatzen dutenen artean bigarren zozketa bat egingo da, azkenean herritarren batzarra osatuko duten 32 kideak hautatzeko.
Adin, lurralde eta profil soziokultural ezberdinetako pertsonen ordezkaritza orekatua bermatuko du hautaketak, euskal gizartearen aniztasuna erakusteko helburuarekin. Euskadiko etorkizun energetikoari buruzko eztabaidan esperientzia eta ikuspuntu desberdinak eman ditzakeen pertsona-talde anitza biltzea da helburua.
Ez da beharrezkoa izango aldez aurreko ezagutza teknikorik izatea parte hartzeko. Prozesua diseinatzerakoan kontutan izan da gaiak edonork uler ditzan, iritzi desberdinak entzun eta norberaren esperientziarekin eta irizpidearekin uztartu dezan.
- Bost saio informatzeko, eztabaidatzeko eta proposamenak egiteko
Herritarren batzarra 2026ko azarotik 2027ko otsailera arte egingo da, aurrez-aurreko bost saiotan. Aditu-batzorde batek prozesuari lagunduko dio, eta ikuspegi desberdinak emango ditu trantsizio energetikoari, klima-aldaketari, industriari, ekonomiari eta lurraldeari buruz. Batzarraren prozesua amaitzeko, azken txostena 2027ko ekainean plazaratuko da.
- Gobernantza deliberatiboa
ELGAk elkarlaneko gobernantzari buruz emandako ildoei jarraituz diseinatu da herritarren batzarra, eta Europako hainbat herrialdetan (Irlanda, Frantzia, Alemania, Eskozia eta Austrian, besteak beste) egniko prozesuetan oinarritzen da. Horrelako ekimenei esker, hautatutako pertsonek gai publiko bat sakon ezagutu dezakete, jarrera desberdinak entzun ditzakete eta taldeko gomendioak egin ditzakete.
Ekimen horren bidez, Eusko Jaurlaritzak bere gobernantza-ereduari entzuteko, eztabaidatzeko eta partekatutako erantzukizuneko gune bat bateratu dio, lankidetzazko-gobernantzan aurrera eginez. Herritarren batzarrak ez ditu erakundeen lana edo parte-hartzeko ohiko bideak ordezkatzen; osatu egiten ditu, herritarren parte-hartze informatu, plural eta egituratu baten bidez. Eztabaidaguneak sustatzeko modu bat da, Euskadik aurrean dituen erronka handietarako (autonomia energetikoa, adibidez) eta irtenbide partekatuen eraikuntzan herritarren ahotsa txertatzeko aukera ematen du.
- Zozketa zibikoa Euskadiko aniztasuna erakusteko
- Inkestak eta tailerrak: Iritziak jasotzeko eta jendearen errealitatetik hurbilago dauden politikak diseinatzeko tresnak.
Azken aldaketako data: