Eusko Jaurlaritza

Bide-segurtasunerako kanpaina: 'mugikortasun-planak, beharrezkoak zure enpresan'

 

      

 

Osalaneko zuzendari nagusi Alberto Alonsok, Asepeyoko Iparraldeko lurralde-zuzendari Unai Acharekin batera, parte hartu du mutualitate horrek abian jarri duen kanpainaren aurkezpenean. Kanpainaren helburua da haren enpresa mutualistak sentsibilizatzea bide-segurtasuneko planak ezartzearen inguruan, eta, horrela, trafiko-istripuek sorrarazten dituzten ezbeharren kopurua murriztea.

Osalaneko zuzendariak adierazi duenez: “ekimen hau bereziki egokia iruditzen zait; izan ere, 2016ko gure datuen arabera, trafiko-istripuak lan-istripuen % 8,2 dira, baina laneko heriotza-istripu guztien % 20: iaz, izandako laneko 40 heriotza-istripuetatik 8 trafiko-istripuak izan ziren”.

 “Hori da 2016ko egoera gure erkidegoan, eta horrek erakusten du bide luzea dugula egiteko, besteak beste, “in itinere” trafiko-istripuen kopurua murrizteko, jaitsiera minimoa izan baitute” nabarmendu du Alonsok. Gogorarazi du, gainera, Osalanen Kudeaketa Planean berariazko jardun-esparru bat jasota dagoela (10.1); honako hau, hain zuzen: “laguntzea enpresen eta prebentzio-zerbitzuen alorrean laneko bide-istripuetan”.

Adierazi du, era berean, Osalanek Laneko bide-segurtasunaren gidaliburu praktikoa landu duela. Berori prebentzio-zerbitzuentzat eskuragarri jarri du, enpresen prebentzio-planetan laneko bide-segurtasuna gehitu dezaten errazteko.

Bestalde, Unai Achak nabarmendu du zein garrantzitsua den laneko arriskuen prebentzioari aplikatutako teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatzea. “Gidatze-simulagailuekin esperientzia bizitzeak lagundu egiten du, zalantzarik gabe, parte-hartzaileek barnera ditzaten langileek dituzten arriskuak autoz egiten dituzten joan-etorrietan” esan du Achak.

Kanpainak oinarri hartzen du murgiltze handiko gidatze-simulagailuekin praktikatzea. Ekipo horiek aukera ematen dute mota orotako egoerak birsortzeko eta gidarien trebetasunak ebaluatzeko. Hortaz, parte-hartzaileek sentitu ahal izan dute zer den hainbat agertokitan gidatzea, egoera meteorologiko gogorretan eta, are, hordituta egonda, benetan inolako arriskuren mende egon gabe.

2017ko irailaren 13an Osalan-ek egindako prentsa-oharra (pdf, 561 KB)