Ogasun eta Finantza Saila

Impact Week-ek Europako gizartean eta iraunkortasunean eragina duen inbertsioen sektorea hartuko du Bilbon azaroaren 25etik 29ra, Impact Europe sarearen koordinaziopean, eta Europako Batzordearen foro aitzindari bat barne, Europako Inbertsio Banku eta Funtsarekin

Argitalpen-data: 

Bizkaia nazioarteko topagunea izango da azaroaren 25etik 29ra bitartean ekonomia jasangarria garatzeko kapitala mobilizatzen duten Europako eragile ekonomiko nagusientzat. Goranzko merkatu hori, Impact Europe-k (inbertsio-mota hori bultzatzeko erreferentziazko Europako sareak) argitaratutako azken txostenaren arabera, 80.000 milioi eurora iritsi zen 2022an, Europan bakarrik.

Gainera, Europako Inbertsio Funtsak, Europako Batzordeak eta Europako Inbertsio Bankuak inpaktu-ekitateari buruzko lehen foroa egingo dute aste horretan: "Making It Count. Impact Equity Forum". Azaroaren 26an izango da Euskalduna Jauregian.

Impact Equity azken hitz horren zentzu bikoitza erabiltzen duen esamoldea da, inpaktua egiteko gai den kapitala edo ondarea zein ekitatean edo justizia sozialean eragina izatea aipatzen duena.

Impact Europek 35 herrialdetako 300 erakunde baino gehiago biltzen ditu, barne direla fundazioak, inpaktu-funtsak, inpaktu-eragile korporatiboak, finantza-erakundeak, finantzatzaile publikoak, unibertsitateak, eta enpresa eta startup-en inkubagailu eta azeleratzaileak, eta horien artean dago Seed Capital Bizkaia, kongresuaren hogeigarren edizioaren anfitrioi gisa eginkizun nabaria izango duen sozietatea.

Impact Europe, lehen European Venture Philanthropy Association (EVPA), Bruselan egoitza duen irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, eta Europan inpaktu-inbertsioa sustatzea du helburu. Nazioarteko sare bat da, 35 herrialdetako 300 erakunde baino gehiago biltzen dituena (fundazioak, inpaktu-funtsak, inpaktu-eragile korporatiboak, finantza-erakundeak, finantzatzaile publikoak, unibertsitateak, inkubagailuak eta azeleratzaileak). Aurten 20. urteurrena ospatzen du. Inpaktu-inbertsioa izenekoan dihardu. Kontzeptu horrek arriskuko inbertsio-printzipio eta -jardunbideak aplikatzen ditu gizarte- eta ingurumen-esparruan, ikuspegi estrategiko, neurgarri eta berritzailearekin, gizarte-inpaktu nabarmena eta jasangarria lortzeko.

Ikus informazio osoa (Iturria: Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunea)

EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea