Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

17. Pasaiko portuko bokalea (Pasaia)

1. ETAPA: HONDARRIBIA • DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN

Baldintza geografikoak eta ondarearen garapena

Oiartzun ibaiak antzina ebakia ireki zuen kostaldeko kate tertziarioan. Eraketa geologiko hori kostarekiko paralelo doa Hondarribitik Zumaiaraino, eta Pasaiako badiari ezaugarri estrategikoa ematen dio ainguraleku seguru gisa. Itxura geografikoak, beraz, asko baldintzatu du leku horren historia. Pasaiaren itsas-bokazio handiak (kanalean kokaturiko aldeek, batik bat) itsas-ondare garrantzitsua utzi du. Leku honetan, eraketa geologikoak eta giza jardueraren aztarnak armonia berezia erakusten dute.

Erdi Aroaren amaiera aldera, Pasaiako badia zela-eta Hondarribia, Errenteria eta Donostiaren arteko jurisdikzio-liskarrek ekarri zuten sententziaren ondorioz, badia hori Donostiaren esku geratuko zen XIX. mendea aski aurreratua izan arte. XV. mendeaz gero, Donostiak hirian bertan zegoen portuko itsas-jarduerei itzal egingo zien portu-jarduera oro eragotzi zuen Pasaian. Hala, merkataritzako eta salerosketako ekintza guztiak debekatu zituzten badian, ez bazen bertako biztanleak jatekoz hornitzeko eta Oiartzungo bailarako burdinola ugarietan landutako burdina esportatzeko. Pasaia babes eta negurako portu bilakatu zen batez ere Donostiako merkatari eta armadore handien jabegoko ziren merkataritza-ontzi, baleontzi eta bakailao-ontzi handientzat, bai eta Lapurdiko baleontzi-flotarentzat ere. Egoera horren beste adibide bat zen: ontzi horiek espedizioetarako sagardoa erosi behar zutenean, soilik Donostiako harresi barruan bizi ziren ekoizleei erosteko baimena zutela. Hiribilduak dorre bat zuen badiaren bokalaren hegoaldean, eta handik obligazio horiek guztiak betearazten zituen, eta beharrezkoa bazen, manu militari galarazten zituen baimenik gabeko jarduerak.

Badiako beste jarduera garrantzitsu bat galeoi handien eta gerra-ontzien eraikuntza izan zen, erregearentzat zein partikularrentzat. XVI. mendearen bigarren erditik aurrera espezializatu zen alor horretan, eta, hala, errege-ontziola bat ezarri zuten Sableo zeritzan tokian, San Pedron, eta instalazioak zituen halaber Bordalabordan, Donibanen. 1728tik aurrera azpiegitura horiek Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiaren esku geratu ziren. 1784 ezkero Filipinetako Errege Konpainia izan zen haren oinordeko, eta Donibanen ontziola handi bat sortu zuen, 1844 ezkero badiako lehen industria-konpainiaren (Pasaiako ontzi-eraikuntzarako enpresa: Empresa de Construcción Naval de Pasajes) sorrerarako oinarriak jarri zituena.

Ondare-kanala

Pasaiako badiako bokalea porturako sarbidea ematen duen kanal estu bat da. Badiaren beste aldeetan, itsasertzean, urbanizatze-, industria- eta okupazio-garapen handiak gertatu dira; kanalean, ordea, ontzien joan-etorriek prozesu horiek eragotzi dituzte. Hori dela eta, badiaren ezaugarri naturalak mantendu ahal izan dira bertan, bai eta badiako beste leku batzuetan galdu diren hainbat ondare-elementu interesgarri ere, portuaren historia luzean zehar sortuak. Ondare-multzo interesgarri hori kanalaren ahoan bertan hasten da: mendebaldeko harkaitzean Platako itsasargia (1855) altxatzen da; ekialdeko harkaitzean, aldiz, Donibaneko talaia zaharraren oinarriak ikusten dira oraindik. Antzina, handik ohartarazten zuten kortsario etsaiak, baleak edota portura atoian eramatea behar zuten barkuak ageri baziren.

Kanalean barrena, senadiak daude albo banatan: Senokozulua mendebaldean eta Alabortza ekialdean. Lehenaren gainean beste itsasargi bat dago, eta bigarrenean, errota zahar baten hondarrak ageri dira. Aurrerago, Kodemaste edo Ondartxo senadia dago, XX. mende erdialdeko Aizkorreta ontziolaren kokalekua. Gaur egun Albaola Itsas Faktoria dago bertan, non San Juan baleontziaren erreplika egiten ari baitira (Pasaiatik abiatu ondoren Kanadan 1565ean hondoratu zen baleontzia). Arrapaletako batean Jaizkibel draga dago, 1933an Bilboko Euskalduna ontziolan eraikitako ontzia.

Bestaldeko itsasertzean Santa Isabel gazteluko hormak eta bastioiak ikus daitezke, XVII. mende hasieran eraikia, itsasotik irits zitezkeen erasoetatik babesteko. Kanalaren alde banatan zehar, antzina amarratzeetan baliatutako hainbat elementu ageri dira: burdinazko uztaiak, harkaitz zulatuak eta mutiloi gisa erabilitako kanoiak; guztiak, joan diren mendeetako galeoi handiak, baleontziak eta bakailao-ontziak amarratzeko.

Partekatu

unesco