PARTE HARTZE ESPAZIOAK

PARTE HARTZE ESPAZIOAK: ARDURAK BANATZEA, BATZORDEEN ERRELEBOA ERRAZTEKO
Gizarte-zentroetako parte hartzeari buruz hitz egiten dugunean, askotan zuzendaritza batzordeko kide izatea etortzen zaigu zuzenean burura. Gizarte-zentro askotan, batzordeak hartzen ditu bere gain egiteko gehienak:
> Jarduerak antolatzea.
> Dirulaguntzak eta kontuak kudeatzea.
> Ile apaindegia, podologia edo kafetegia bezalako zerbitzuak koordinatzea.
> Bazkideen kontsultei erantzutea.
> Udalarekin harremanak izatea.
> Eguneroko arazoei irtenbidea ematea.
Horrek lan karga handia eragin dezake. Gainera, zentro batzuetan pertsona berak urte luzez egoten dira batzordean, erreleboa aurkitzeko zailtasunak direla eta.
Pertsonen interesekin bat datozen eta haien denborara egokitzen diren parte hartze gune desberdinak irekitzea izan daiteke irtenbide bat; izan ere, pertsona bakoitzak interes, gaitasun, denbora eta inplikatzeko modu desberdinak ditu.
Konponbidea ez da pertsona guztiak batzordean sartzea. Zenbait zentrotako esperientziek erakusten dute gakoa parte hartzeko aukera gehiago sortzean eta ardurak pertsona gehiagoren artean banatzean dagoela. Horrela, pertsona bakoitzak bere interesen eta aukeren arabera ekarpena egin dezake, eta, aldi berean, batzordeen erreleboa errazten da.
Badira honako hauek egin ditzaketen pertsonak:
> Hilean ordu batzuk eskaintzea.
> Txango bat antolatzen laguntzea.
> Pertsona berrien harreran laguntzea.
> Kartelak diseinatzea.
> Sare sozialak kudeatzea.
> Batzorde jakin batean parte hartzea.
> Tailer bat ematea.
> Beste pertsona batzuekin bere ezagutzak partekatzea.
Hori guztia ere parte hartzea da.

PARTE HARTZEKO AUKERAK IREKITZEAK ONURAK EKARTZEN DIZKIO ZENTROARI... ETA BAITA PERTSONEI ERE
Zenbat eta pertsona gehiagok aurkitu parte hartzeko modu bat, orduan eta txikiagoa izango da zuzendaritza batzordearen gainkarga.
Baina horrez gain, aukera berriak sortzen dira adineko pertsonek ekarpenak egiten jarrai dezaten, beren ezagutzak parteka ditzaten, interes berriak gara ditzaten, beste pertsona batzuekin harremanak sendotu ditzaten eta baliagarri eta beharrezko sentitzeko espazioak aurki ditzaten.
Pertsonek beren interesekin, ezagutzekin edo bizipenarekin bat datorren ekarpen egiteko modu bat aurkitzen dutenean, errazago sentitzen dira baliagarri, aitortu eta proiektu komunaren parte. Azken batean, parte hartzea zentzua eta ongizatea ematen dituen iturri izan daiteke, baita bizitza bete eta esanguratsu bat eraikitzen jarraitzeko modu bat ere.
Horregatik, parte hartzeko espazioak irekitzea ez da soilik zereginak banatzea. Pertsona bakoitzak zentroari eta komunitateari ekarpena egiteko bere modua aurkitzeko aukerak sortzea ere bada.

ERANTZUKIZUNAK BANATZEKO MODU BATZUK
Batzar orokorra eta zuzendaritza batzordea
Zentroko parte hartze eta ordezkaritza gune tradizionalak dira.
Batzar orokorrak bazkide guztiak biltzen ditu, eta zuzendaritza batzordeak kudeaketa eta koordinazio lanak bere gain hartzen ditu.
Lan batzordeak
Helburu zehatz baten inguruan antolatzen diren talde txikiak dira:
> Txangoak.
> Komunikazioa.
> Kultur jarduerak.
> Osasuna.
> Komunitatearekiko harremanak.
Konpromiso malguago batekin parte hartzeko aukera ematen dute, eta zereginak zein erantzukizunak banatzen laguntzen dute.
Boluntariotza eta lankidetza
Pertsona askok beren ezagutzak, trebetasunak edo denbora partekatuz hartzen dute parte, eta kasu batzuetan une jakin batzuetan soilik.
Zenbait zentrok ordu poltsa ere badute; bertan, pertsona bakoitzak erabakitzen du zenbat denbora eskaini nahi duen eta zein zereginetan lagundu nahi duen. Formula honek parte hartzea errazten du, bakoitzak bere aukera eta erabilgarritasunaren arabera parte hartu ahal izan dezan.
Espazio berriak sortzea
Ez dago parte hartzeko modu bakar bat.
Zentro bakoitzak bere errealitateari erantzuten dioten espazioak irudikatu eta sor ditzake:
> Aldi baterako taldeak.
> Proiektu zehatzetarako lantaldeak.
> Kontsulta guneak.
> Ordu-poltsak.
> Batzorde berriak.
> Zentroko kide diren pertsonetara egokitutako beste formula batzuk.
Garrantzitsuena ez da espazio horien izena, baizik eta gero eta pertsona gehiagok ekarpena egiteko modu bat aurkitzea.

HASTEKO GALDERA BATZUK
Pentsatu zuen zentroan:
> Gaur egun, zer parte hartze modu daude?
> Beti pertsona berberek hartzen al dute parte?
> Zer beste lankidetza modu eskaini genitzake?
Batzuetan, parte hartzeko espazio txikiek atea ireki diezaiekete pertsona berriei.
|
INFORMAZIO GEHIAGO NAHI DUZU? “Parte hartzea eta Gobernantza prozesua” gida kontsulta dezakezu: "Parte hartzea eta Gobernantza" gida Zalantzarik baduzu, gurekin harremanetan jar zaitezke helduakzabaltzen@euskadi.eus helbidean edo telefonoz 629 852 492 zenbakian. |
<< Albisteak
Azken aldaketako data:
