Euskaltzaindia presenta Euskararen Erreferentzia Corpusa
- Euskararen egunean eguneko erabileraren berri izateko eta hizkuntza-teknologiek ekartzen dizkiguten erronkei aurre egiteko, corpus handiago eta orekatuago baten beharraz jabetuta zegoen Euskaltzaindia. Hutsune hori betetzeko, Euskararen Erreferentzia Corpusa (EEC) egitasmoa jarri zuen abian orain dela lau urte. Proiektu horren lehen emaitza aurkeztu da gaur Bilbon eta erabiltzaileen esku dago jada, HEMEN
- EEC, hizkuntza-, literatura- edo ikerketa-helburuetarako corpus estandar edo erreferente gisa erabilia izan dadin sortu da
- Andres Urrutia (euskaltzainburua): «Erreferentzia-corpusa da, irekia eta kolektiboa, Euskaltzaindiak Euskal Herriko 68 erakunde pribatu eta publikoekin batera egin duelako, hedabide nagusiekin eta gizarte-eragile askorekin batera»
Euskaltzaindiak Euskararen Erreferentzia Corpusa (EEC) aurkeztu du gaur Bilbon. Akademiaren egoitzan egin den agerpenean izan dira, besteak beste, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Andres Urrutia euskaltzainburua, Miriam Urkia euskaltzain oso eta Euskaltzaindiaren Hiztegia egitasmoko arduraduna eta Aitor Maritxalar Akademiaren aholkulari-teknologikoa.
Andres Urrutiak hasiera-hasieratik azaldu ditu corpus berriaren ezaugarri nagusiak; erreferentzia-corpusa dela esan du, irekia eta kolektiboa: «Erreferentzia-corpusa da, alegia, oreka baten bila doana, hizkuntzaren nondik norako zehatzak eta orekatuak bildu nahi dituena, arlo desberdinetako laginak bilduz, egungo euskararen isla emanez. Irekia ere bada, orain arteko materialak bildu dituena eta geroago garrenean ere zabaltzen joango dena, eragile eta material berriekin. Eta, nola ez, kolektiboa da, Euskaltzaindiak Euskal Herriko 68 erakunde pribatu eta publikoekin batera egin duelako, hedabide nagusiekin eta gizarte-eragile askorekin batera». Ostean, eskerrak eman die guztiei, aurrerantzean Akademiaren «giltzarri eta oinarri» izango den corpusarekin bat egiteagatik.
Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskaltzaindiak hizkuntzari «prestigioa» ematen diola esan du bere berbaldian. «Euskaltzaindiatik landu eta eskaintzen ari zareten euskararen corpus hau gure historiaren zati bat da eta, aldi berean, gure herriaren etorkizuna gidatuko duen erreferentziazko tresna ere bada», zehaztu du.


