Asun Garikano: «Tenemos que poner al alcance de las personas jóvenes los productos culturales en euskera»

  • Asun Garikano: «Tenemos que poner al alcance de las personas jóvenes los productos culturales en euskera»

  • 2023ko irailaren 29an, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Asun Garikano. Gaur, hizkuntzalariak sarrera-hitzaldia irakurri du Gasteizko Goiuri jauregian. Andres Alberdi euskaltzain osoak erantzuna eman dio
  • Bere hitzaldian, Euskaltzaindiak aste honetan abian jarri duen Noeren ontzia egitasmoaren azalpenak eman ditu; «euskal kulturan barrena nabigatzeko aukera emango duen» egitasmoa dela esan du eta horri buruz mintzatu da

Euskaltzaindiak 2023ko irailaren 29an izendatu zuen euskaltzain oso Asun Garikano. Eta gaur, hizkuntzalariak sarrera-hitzaldia irakurri du Gasteizko Goiuri jauregian. Andres Alberdi euskaltzain osoak erantzuna eman dio.

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Maider Etxebarria Gasteizko alkate andreak ongietorria egin diete bertaratutakoei eta, jarraian, Asun Garikanok sarrera-hitzaldia (Mendi-zelaiak estali baino lehen) irakurri du. Hitzaldiaren muina, Euskaltzaindiak aste honetan online argitaratu duen Noeren ontzia egitasmoa izan da; hain zuzen, «euskal kulturan barrena nabigatzeko aukera emango duen» proiektua dela esan du Garikanok eta horren nondik norakoak zehaztu ditu. Euskaltzaindiak, gazteen artean den euskal kultura-ondarearen gaineko ezagutza urriaz eta haien irakurmenaren gainbeheraz kezkatuta, eta, ildo beretik joanda, euskal kultura lantzeko material didaktiko adostu baten hutsunea zegoela ikusirik, Noeren ontzia proiektua mamitu eta plazaratu du asteon. Esan bezala, euskal kulturaren «itsasoan» zehar ibiltzeko tresna digitala da, eta Euskaltzaindiaren webgunean denon eskura dago jada.

Asun Garikanok kezka horiek guztiak aipatu ditu sarrera-hitzaldian, eta ondoren goitik behera aletu ditu proiektu berriaren nondik norakoak, tartean, Noeren ontziaren helburuak: «Irautea eta zabaltzea merezi duten testuak ari gara jasotzen Noeren ontzian», esan du Asun Garikano euskaltzain oso eta egitasmoaren koordinatzaileak, «gero eta beharrezkoagoa baita euskarazko kultura-produktuak erakusleihoetara eramatea, eta, bereziki, gazteen eskuetara. Gure literatura-ondarea, eta kultura-ondarea oro har, hurrengo belaunaldiei pasatu nahi badiegu, beharrezkoak diren baliabide guztiak jarri beharko dira hezkuntza-komunitatearen eskura». Hortaz, Noeren ontziaren helburuak argi daude: «Lehenengo helburua gure aurrekoen ondarea jasotzea da. Ez bakarrik euskaraz dagoelako, baizik eta, Koldo Mitxelenaren hitzak aipatuz, “sakonagoko zerbait” adierazten duelako».

Jarraitu irakurtzen


  • Fecha29 de Junio
  • Temática Literatura