Arantxa Urretabizkaia: «Hago literatura en los resquicios que me deja la vida»
Iragan ekainaren 8an, 111 Akademiaren Saria jaso zuen Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947), Amasako Hika txakolindegian eginiko ekitaldian. Azken etxea (Pamiela, 2022) eleberriarengatik eman diote saria akademiako kide diren literaturazaleek. Izenburuak iradokitzen duen moduan, bizitzaren azken urteak pasatzeko etxe baten bila dabil liburuko protagonista. Hendaia aldeko etxe bat begiz jo du, eta hura lortzen tematuko da. «Egileak hasieratik aurkeztu dizkio irakurleari oinarrizko pertsonaiak eta protagonista: azken etxea erostea erabaki duen emakumea. Baina, narrazioak aurrera egin ahala, idazleak zenbait errezel, bata bestearen ondotik, biltzen ditu ezusteko ikuspena agerian utziz, irakurlearen jakin-mina pizturik eustea erdietsiz, protagonistaren inguruan misterio gandu bat hedatuz eta haren jomuga azalduz. Elkarrizketarik gabeko kontakizuna osatu du idazleak, baina horrek ez dio irakurleari trabarik egingo narrazioaz gozatzeko, egilearen maisutasunari esker», nabarmendu dute akademiako kideek.
Zer izan da zuretzat 111 Akademiaren Saria irabaztea?
Sariak pozgarriak dira beti. Norberari ematen dizkiotenean, beti daude ondo emanak, baina saritua beste norbait bada, ez hainbeste, kar, kar, kar! Saria jasotzeko ekitaldian nabarmendu nuen bezala, niretzat sariketa honen ezaugarri garrantzitsuena da irakurleek emandakoa dela. Eta niretzat, irakurleak sakratuak dira.
Beti dute arrazoia.
Hori da. Oso bitxia da: askotan, zure liburu bati buruz irakurleek egiten duten interpretazioa ez da zuk zeuk egingo zenukeena. Baina arrazoia dute, halere. Ni sinetsita nago idazle batek ez dakiela zer egin duen. Badaki zer egin nahi zuen, baina egin duena, emaitza... hori irakurleak daki hobekien.
Askotan gertatu zaizu zure interpretazioa eta irakurleena bat ez etortzea?
Bai. Irakurleak ez badu liburua arinki irakurtzen, inplikazioz irakurtzen badu, bere egiten du testua, eta nahi duen zentzua eman diezaioke. Liburu hori berea da, ez egilearena.
Idazle diziplinatua zara? Nola heltzen diozu idazketa prozesuari?
Zentzu batean, agian bai, diziplinatua naiz, baina ez da lan bat niretzat. Nik literatura egiten dut bizitzak uzten dizkidan zirrikituetan. Badut lan profesionala eta horrek hartzen dit denboraren zati handi bat, baina horrez gain, gustatzen zait inguruan ditudanak zaintzea. Ez dut irudikatzen nire bizitza lan eta lan goizetik gauera, asteko zazpi egunetan. Beste gauza batzuk ere egin nahi ditut: paseo bat eman, nire landareak zaindu, pelikula bat ikusi... Eta eguneroko bizitzak uzten dizkidan zirrikitu horietan, idazten dut. Dena den, proiektu bat eskuartean dudanean, ahalegintzen naiz neure burua antolatzen eta diziplinatzen.


