Nagore Arzallus y Paul Beitia: «Se despolitiza la cultura»
- Fecha6 de Mayo
- Temática Artes escénicas, Música, Literatura
Kulturaren eta artearen arloak ikuspegi sozialistatik lantzeko egitasmoa da Ekida. 'Manifestua' ikuskizunaren lau emanaldi eskainiko dituzte maiatzean eta ekainean. Lehen editoriala argitaratu dute webgunean.
Eraiki, egin, sortu, fabrikatu adierazteko erabiltzen zen ekidatu aditza XVIII. eta XIX. mendeetan. Ekida izena, berriz, eraikuntza edo sorkuntza esateko, eta baita ere eraikina.
Nagore Arzallus (Errezil, Gipuzkoa, 1993) eta Paul Beitia (Getaria, Gipuzkoa, 1997) kulturaren eta artearen arloak lantzeko Ekida egitasmoa abiatu duten lagunetako bi dira.
Kultura eta artea dira zuen kezkak, ez da hala?
ARZALLUS: Gure kezkak baino gehiago, gure lanerako esparruak dira. Esparru horietaz zer ulertzen den eta horiek zer asmorekin lantzen diren, ordea, oso desberdina izan daiteke ikuspegiaren arabera. Guk ikuspegi sozialistatik landu nahi ditugu. Etengabe despolitizatzen eta desklasatzen dira kultura eta artea, airean eraikita baleude bezala. Guk klaseari estu lotutako kulturaren ulerkera bat erabiltzen dugu. Uste dugu kulturak eta arteak izaera politikoa dutela eta klase borrokak gurutzatzen dituela.
Arteari buruzko azalpen politikoak landuko dituzue?
BEITIA: Gero eta nabarmenagoa da klasearen arabera bizimodu eta mundu ikuskera berezituak ditugula, eta hori arte espresioetan ere ikusten da. Musika, literatura, telesailak... ezin dira jendearen bizimoduetatik eta gizartearen logikatik aparte ulertu; praktika sozialak dira, eta eduki politikoa dute. Kapitalismoak ez du alde ekonomikoan bakarrik eragiten: bizitzaren alderdi guztiak baldintzatzen ditu, kultura barne. Langileok kulturalki ere azpiratuak gaude. Iruditzen zaigu horri aurre egin diezaiokeen politika bakarra sozialismoarena dela, baita kulturaren arloan ere. Langile mugimendu iraultzaileak beti izan ditu kulturari lotutako eginbeharrak. Horregatik sustatu nahi dugu kultura politiko sozialista, eta artearen potentzial iraultzailea berraktibatu.
Manifestu bat aurkeztekotan zaudete.
BEITIA: Hala da. Eman lezake agiri bat dela, baina jendaurreko ikuskizun bat da, Manifestua izendatu duguna. Apropos deitu diogu horrela, ikuskizunak gure asmoez eta arte iraultzaileaz aritu nahi baitu. Martxo erdialdean estreinatu genuen, Herri Unibertsitate Nazionalean, eta orain beste lau emanaldi iragarri ditugu, maiatz bukaeratik uztail hasierara bitarte: Elorrion, Gasteizen, Azkoitian eta Berriozarren.
Zein diziplinatan ariko zarete?
ARZALLUS: Literatura, musika eta eszenografia, oraingoz. Ekidak kultur proiektuak martxan jarriko ditu, borondate politiko sozialista elikatzeko. Manifestua izango da aurrenekoa. Gure funtzionamenduaren adibidetzat har daiteke ikuskizuna. Hiru musikarik, bi narratzailek eta hiru abeslarik parte hartzen dute, baina baita teknikari talde batek, antolakuntzako jendeak eta militanteen sareak ere. Ekida ez da oholtza gainera igoko den artista taldea bakarrik: arte ekoizpen sozialistak eskatzen dituen baliabideak sortu eta antolatzeko egitasmoa da. Proiektuak sustatzea, alderdi formala garatzea, esanahiaren egokitasun politikoa aztertzea, artisten elkarlana bultzatzea, entseguak eta emanaldiak antolatzea... Dena kontuan izatea eskatzen du arteak, eta hori guztia antolatzea da gure asmoa.


