Oier Araolaza Arrieta: «Nos han hecho creer que hombres y mujeres tenemos que representar los bailes de manera diferente»

  • Oier Araolaza Arrieta: «Nos han hecho creer que hombres y mujeres tenemos que representar los bailes de manera diferente»
naiz.eus

  • Fecha1 de Marzo
  • Temática Artes escénicas

Oier Araolaza Arrieta dantzaria, kazetaria, dantza-ikertzailea eta dantza-dibulgatzailea da. Kazetaritzan eta Antropologian egin zituen ikasketak eta Euskal Herriko Unibertsitatean Mikel Laboa Katedran egin du doktoretza. Generoa eta euskal dantzak jorratu ditu bere tesian.

Dantzak ba al du generorik? Zergatik dantzatu izan dute gizonek aurreskua eta ez emakumeek? Oier Araolaza dantza ikertzaileak honen inguruko tesia bukatu berri du.

Tesia egiten hasi zinenean aurkitutakoa espero zenuen?

Pentsatzen nuen banekizkiela galderen erantzunak, eta niretzat politena izan da, hain zuzen ere, ikerketaren ibilbide horretan ikasi eta neuretzat behintzat argitu dudala zer izan den hor gertatu dena. Aldez aurretik pentsatzen nuenarekin zerikusi gutxi dauka.

Zerk harritu zaitu gehien?

Harritu nauena da batez ere betidanikotzat ditugun kontu hauek zein berriak diren. Emakumeek ez zutela aurreskua dantzatzen sinesten genuen, eta nik banekien emakumeek aurreskua dantzatu zutela. Ez nekiena zen zein berandu arte dantzatu duten emakumeek aurreskua eta, gainera, zein modu azkarrean, ikaragarrian, ez bakarrik emakumeek aurreskua dantzatzeari utzi, baizik eta gure buruari kontatu diogun gezur handi hori. Sinetsi eta guk geuk gure ondorengoei transmititu diegu.

Elgoibartarra zara eta bertan hasi zinen 18 urterekin Haritz taldean dantzari. Eibarko dantza taldeko arduraduna eta dantzaria zara. Gainera, dantza.eus koordinatzen duzu. Dantzariz inguratua bizi zara. Zure tesiaren ondorioak nola jaso dira? Egon da kontra egin duenik?

Ez, ez da kontrako handirik izan. Hain zuzen ere, nire inguru horrentzat egindako lana da. Umetatik aritu naiz dantzan, bai Eibarren, bai Elgoibarren, bai Donostian aritzen naiz hainbat dantza taldetan eta gure artean kezka hori sortzen zitzaigun: dantza hau neskek egin dezakete? Edo mutilena da bakarrik? Aldatu daitezke kontu hauek? Noiztik ditugu dantzak nesken eta mutilen dantza bezala bereizita? Galdera horien erantzunak eskatzen zizkidaten nire dantza lagunek, eta nire buruarentzat eta beraientzat egindako ikerketa bat da.

Nolakoa izan da informazio bilaketa? Non zegoen, oso ezkutuan, oso agerian?

Aitortu behar dut kontu hau orain 20 bat urte abiatu zela, eta gainera ez nuen nik abiatu, baizik eta izan dira beste ikertzaile batzuk. Horietan aitzindaria nire lagun handi bat, tolosarra, Fernando Rojo, Udaberri dantza taldeko dantzari izandakoa eta gaur egun Lizartzara inguratua. Fernandok idatzi zuen artikulu bat emakumeen eta dantzaren inguruan. Nik harriduraz irakurri nuen. Ondoren beste hainbat ikertzailek bide hori jorratu dute. Testigantzak azaleratzen joan dira. Hasieran bitxikeriak iruditzen zitzaizkigun, salbuespenak, eta salbuespen horiek pilatuz-pilatuz pentsatu nuen ordura arte ikertuta zegoena bildu eta ahal balitz barnerago joateko asmoarekin ikerketa abiatzea. Sekulako zortea izan dut nire tesi zuzendariekin, Nerea Aresti eta Leire Ituarterekin. Uste dut tesiaren parte handi bat beraiei zor diedala. Baita egunotan liburua argitaratu duen Bakarne Altonagari ere. Horiei esker ulertu egin dut zer gertatu den.

 

Leer información completa en el sitio web de la fuente