Harkaitz Cano: "Recuerdo el cierre de 'Egunkaria' como si me hubieran cortado las cuerdas vocales"
- Fecha28 de Enero
- Temática Literatura
Gaurtik larunbatera arte, Harkaitz Canok 'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxieraren inguruan idatzitako antzezlana eskainiko da Victoria Eugenia antzokia
Harkaitz Canok idatzitako eta Fernando Bernuesek zuzendutako Sisiforen paperak antzezlana eskainiko da gaurtik larunbatera arte Victoria Eugenia antzokian. Gaur eta biharko emanaldiek euskara eta gaztelania uztartuko dute; larunbatekoa, aldiz, gaztelania hutsean izango da.
Berriro ere, gure historiaren pasarte esanguratsu bat fikzionatu duzu. Hori bai, prosa idatzi beharrean, dramaturgian murgildu zara. Nola iritsi zitzaizun proiektua?
–Fernando Bernues zuzendariaren ideia izan zen, 2015ean hasi ginen kontuari bueltaka. Berehala onartu nuen, baina kronika hertsitik aldentzeko baldintzarekin, beti ere.
Nolakoa izan da hartu-emana Fernando Bernuesekin ?
–Aspaldi ezagutzen dugu elkar eta gozamena izan da. Eszenarako sena itzela dauka eta elkarrekin egin dugu luzeegia zen obraren kimatzea.
Zaila egin zaizu proiektua?
–Lorea Agirrek Gezurra ari du bikainean kontatu zuena baino hobeto egiterik ez zegoenez, pentsatu nuen, egunkari zehatz baten kasuan oinarritu arren, paperezko kazetaritza idatziari omenaldi bat egiteko aukera egokia ere bazela. Gainera, Euskaldunon Egunkaria ez da izan, zoritxarrez, gure artean itxiarazi den bakarra. Obra martxan jarriko duen mekanismoa topatzea da beti zailena: konturatu nintzenean galderak egitea lanbide dutenak zirela kasu honetan bortxaz galdekatuak, giltzarri bezala funtzionatu zuen paradoxa horrek.
Zer gogoratzen duzu 'Euskaldunon Egunkaria' itxi zuten garaiaz?
–ETAren entornoaz hitz egiten zen etengabe, dena ETA zenaren hipotesi zentzugabe hark disparate juridikoak ekarri zituen.
Nola sentitu zenuen?
–Zentsuraz harago zihoan zerbait bezala: mutilazio bat. Ahots kordak moztu izan balizkidate bezala. Ezin sinetsizkoa izan zen, kafkianoa. Ohiko kolaboratzaile izan nintzen bertan eta benetan proiektu zabala zen euskal kulturarentzat, eredugarria zentzu askotan.
'Egunkaria kasua'-n gertatutakoak fikzioaren beste hizkuntza batzuetan (nobela, telesaila, filma€) lantzeko aukera eskaintzen duela uste duzu?
–Jakina, bere garaian izan zen fikziozko luzemetraia bat egiteko proiektua, eta telesail gisa ere fun-tzionatuko luke.


