Alberto Barandiaran: "La de la experiencia es la batalla que tiene por ganar la cultura vasca"
- Fecha17 de Septiembre
- Temática Artes visuales, Artes escénicas, Música, Audiovisual, Literatura, Archivos y bibliotecas, Museos, Patrimonio, Artesanía, Otros, Videojuegos, Diseño
Kazetaritzaren eremua atzean utzita, Nafarroako Gobenuko Hezkuntza Departamentuan ari da azken urteetan Alberto Barandiaran (Altsasu, 1964). Dena den, euskal kulturarekiko engaiamenduari eutsi dio lanbide berrian ere, eta transmisioaren alorrera bideratzen ditu ahaleginak. Zeregin horretan, Musikariak Ikastetxeetan programa lantzen aritu da azken ikasturteetan, beste hainbatekin batera. Orain, irakasgai berri bat abiatuko dute, euskal kultura ezagutarazi, eta batez ere, ikasleak horren bueltan sortzera bultzatzeko.
Esaten da gaur egungo gazteek ez dutela euskal kultura ezagutzen. Ados al zaude?
Beti aipatzen da transmisioaren garrantzia, eta aipatzen da hedabideen lana edo kultur eragileena, baina hezkuntzaz ez da hainbeste hitz egiten. Iratxe Retolazak eta Amaia Serranok lan bat egin zuten: haiek irakasle izango diren horien irakasle dira. Eta ziotenez, irakasle izango diren horiek –eta askotan, kulturarekin lotura zuzena izango dutenak–, unibertsitatera iristean ez dakite ia ezer euskal kulturaz. Iaz, Azpeitian, jardunaldi batzuk egin ziren, eta gonbidatu gintuzten, Musikariak Ikastetxeetan programa aurkezteko.
Zergatik?
Kezka berdinarekin lotuta dagoelako. Duela hiru bat urte, euskal musika hezkuntzan sustatzeko ikastaro batean, ondorio bat atera zen: zergatik ez ikasleak musikariekin harremanetan jarri? Orduan antolatu genuen programa, arrakasta handiz. Iruñerrian D ereduan ikasten duen gazte batek –eta ez dago alde handirik Iruñea, Donostia, Gasteiz eta Bilboren artean–, 18 urterekin, zer ezagutzen du? Euskal kulturarekin harremana badu, batez ere musikarekin izango du: maite du, konpartitzen du, joaten da kontzertuetara. Esan genuen: goazen ezagutzen dituzten artistak haiengana eramatera.
Hor omen dago programaren arrakastaren giltza.
Hezkuntzak ezagutza eman behar du, baina azala, sentsazioa eta esperientzia ere eman behar ditu. Noski, egon behar dira edukia eta ebaluazioa, baina bestea ere bai. Euskal kulturak eta euskarak irabazteko duten espazioa hori da, esperientziarena. Euskarak oso zaila du ingeles edo espainiar musikarekin lehiatzea, ez bada sentimenduen eta esperientziaren bidez. Hemengo gaiez ari dira hemengo musikariak, idazleak, bertsolariak. Hori da engantxatzeko modua. Lortzen bada gazte horrek esperientziaren bidez lotura bat sortzea, bihurtuko da kontsumitzaile, eta akaso sortzaile ere bai.
Zerk huts egin du hezkuntzan, transmisio hori kolokan egoteko?
Hezkuntza gauza arautua da, batzuetan zurruna, eta batzuetan hezkuntzaren kontra egiten da, helduek ezarritako zerbait delako. Hor interesa piztea ez da erraza. Ez da beti asmatzen edukiak plazaratzen, ezagutzatik kontsumora pasatzen, eta hori etengabeko gogoeta da hezkuntzan. Arazoetako bat da euskal kultura ez dagoela bloke gisara kontsideratua curriculumean.


