Iñigo Roque Eguzkitza: "Lo de los inmigrantes portugueses ha sido una realidad negada en el País Vasco"

  • Iñigo Roque Eguzkitza:

  • Fecha21 de Agosto
  • Temática Literatura

Iñigo Roquek Manuel Tiagoren hiru ipuin hautatu eta euskaratu ditu;

XX. mendearen bigarren erdian milioi bat inguru portuges gure mugetan gaindi Frantziarako bidean eraman zituzten kontrabandoan. Asko izan ziren, halaber, bertan lan egiten gelditu zirenak, gehienak baldintza kaxkarretan. Portugesen muga-pasaren argi-ilunetan murgildu zen Álvaro Cunhal (1913-2005), Manuel Tiago ezizenez, Fronteiras lanean; Katakrak argitaletxeak euskarara ekarri ditu bertako hiru ipuin, Bost egun, bost gau izenburupean bilduta. Lanak, alta, ez du kronika bat izan nahi, ez du giza eskubideen aldarri bat izan nahi. Klandestinitatearen itzalpean, elkar ezagutu gabe eta interes desberdinek bultzatuta une zehatz batean elkarren beharra duten pertsonaien arteko harremanean jartzen du begirada. Iñigo Roque Eguzkitza arduratu da ipuinen aukeraketa eta itzulpenaz, eta Amets Arzallusen hitzaurrearekin osatu da bilduma.

Tiagoren liburu hau XXI. mendeko prosa narratibo portuges nagusi-tzat hartu izan da, liburuaren gibelsolasean aipatu duzun bezala.

–Hori nik uste Krabelinen Iraultzaren garaian esan zen zerbait izan zela. Egilea militante komunista zen eta errealismo sozialista deitu zenaren bidetik idatzi zuen lana. Alde horretatik, bada estilo baten erakusgarri eta badauka asmo ideologiko oso argi bat. Baina beste irakurketa asko ere baditu. Bere sinplean, liburuan esaten ez denak balio gehiago du esanda dagoenak baino. Gibelsolasean ere aipatzen dugu nola Nafarroan bazegoen portuges trafiko handia, garai batean... Horretaz ere ikertu eta idatzi izan da baina beharbada ez behar bezainbeste. Badago Pablo Antoñanaren liburu bat, La cuerda rota, non portugesak ia-ia zama bezala tratatzen zituzten: behorrak nola pasatzen ziren iparraldetik hegoaldera, ba portugesak hala hegoaldetik iparraldera. Portuges horien ahotsa agertzea inportantea iruditzen zitzaigun, beraiei hitza emanez gainera.

Euskaldunok gure buruari lausotu diogun historiaren zati bat dela erranen zenuke?

–Emigrazioari dagokionez klasismo handia egon da beti, ez zaio berdin hartzen Ameriketako Estatu Batuetatik saskibaloian aritzera datorrenari edo portuges igeltsero bati. Garai batean, Erribera aldean uzta biltzera joaten ziren portuges jornalari asko zeuden, Bizkaiako enpresa handietan ere asko aritu dira lan-baldintza kaxkarretan... Bada errealitate ukatu bat Euskal Herrian egon den etorkin portugesekin, beraiekin eduki dugu harremana zalantzagarria izan delako. Ez gara sobera ongi portatu.

Historiaren pasarte horretaz lotsa-tzen gara?

–Bai, eta kontrabandista edo mugalariaren irudia oso erromantikoa da. Mundu ilun bat da, egon dira portuges pasan jardun dutenak, bidean asko hil egin dira... Hamaika lagun kotxe baten maleteroan ekartzea, pentsa zer izango zen. Liburuak, nolabait, zor hori kitatzen du. Egia da bertan kontatzen den muga-pasa, muga-pasa klandestino bat dela, militante komunista gaztetxo bat protagonista delarik. Mundu ilun hori protagonista gazte ameslari baten bitartez ager-tzen zaigu. Pasatzailea, aldiz, beste era bateko gizaseme bat da, instintu txar guztiak pizten dituena. Kontraste horrek ematen dio txinparta kontakizunari. Giro itogarri hori hemen Pirinioetan ere ez zen oso desberdina izango. 

Leer información completa en el sitio web de la fuente