Miren Artetxe: "Los jóvenes de las escuelas de bertsolaris sienten que están desarrollando su identidad juvenil en euskera"
- Fecha23 de Junio
- Temática Artes escénicas
Bertso-eskoletan aritzen diren Ipar Euskal Herriko hamalau gazteren hizkuntza ibilbideak ikertu ditu bere tesian Artetxek. Gazte identitatea eta euskaraz aritzearen arteko lotura hertsia nabarmendu du
Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak: gazte identitateak, hizkuntza mudantzak eta legitimizazio prozesuak izenburupean doktorego tesia aurkeztu du Miren Artetxe Sarasola (Hendaia, Lapurdi, 1985) EHUko irakasle eta ikerlariak. Soziolinguistika zale, bertso udalekuetan begirale gisa aritutako hilabeteak zein bertso giroko antolakuntzan murgildutako urteak baliatu ditu, belaunaldi berriek, gazteak direnean euskaraz aritzeko hautua zergatik egiten duten aztertzeko. Gazte identitatea eraikitzeak eta kolektibo izaerak berebiziko garrantzia dutela ondorioztatu du.
Non du abiapuntua ikerketak?
Betiko galdera alderantziz formulatzea interesatzen zitzaidan, pentsatu partez, zergatik ez den hitz egiten euskaraz, pentsatzea zergatik hitz egiten den euskaraz. Tesia hasi nuenean, bertso udalekuetako begirale aritzen nintzen eta Ipar Euskal Herriko bertso mugimenduan pixka bat sartuta nengoen. Eta, beraien egunerokotasunean euskaraz egiten zuten gazte pila bat testuinguru soziolinguistiko oso deserosoan zeudela konturatu nin-tzen, alegia, erdaldunean. Horri begiratzea interesgarria izan zitekeela pentsatu nuen.
Bertso-eskolan aritzen diren gazteak aukeratu dituzu ikerketarako. Arrazoi bereziren batengatik?
Gazteen hizkuntza ibilbidea begiratzea interesatzen zitzaidan baina ez makro ikuspuntu batetik. Komunitate jakin batean gazte horiek euskaraz hitz egitea zerk eragiten zuen jakin nahi nuen. Halaber, jarduera baten inguruan osatutako talde bat aztertzeak metodologikoki eta teorikoki heldulekuak ematen dizkit.
Bertso-eskolak praktika komunitateak direla diozunean zertaz ari zara?
Praktika komunitateak jarduera baten inguruan elkartzen diren taldeak dira eta talde horretako partaideek erregularki esperien-tziak elkarbanatzen dituzte, elkarrekiko lotura bat daukate, eta praktikaren inguru horretan, egiteko moduak, sinesmenak, ideiak, zailtasunak eta bestelakoak elkarrekin eraikitzen dituzte. Izan daiteke futbol talde bat, koadrila bat, lantalde bat, auzoko jubilatuen parkeko taldetxoa. Edozer da praktika komunitate bat. Praktika komunitate bat, baina ez dator bat hizkuntza komunitatearekin. Hizkuntza komunitatea zuk, nik, nire amonak, nire bizilagunak€ osa dezakegu. Baina ez dakit zer konpartitzen dugun hizkuntza bat jakiteaz gain. Hau da, hizkuntza komunitatea hizkuntzarekiko bakarrik erabiltzen da. Horregatik, bertso-eskolak praktika komunitate bezala aztertzeak bai teorikoki, metodologikoki eta praktikoki beste helduleku batzuk eskaintzen ditu.


