Karlos Gorrindo: "A medida que escribía el libro, las emociones se agitaban en mi interior. He vivido una experiencia similar a una catarsis"
- Fecha12 de Junio
- Temática Literatura
Funanbulistaren beldurra (Erein) nobelarekin itzuli da Karlos Gorrindo. Oraingoan gernikar idazleak bere bizitzako atal luze bat hartu du hizpide. Hamasei urtetik gora egin zuen preso Gorrindok eta sasoi hartako esperientzietatik abiatu da, denborak ematen duen talaiatik begiratuta, kontakizuna lehen pertsonan ehuntzera.
“Preso egon denaren gogoa kartzelara itzultzen da beti”, idatzi zuen Sarrionandiak. Zurekin egon zen preso. Eta zure gogoa ere hara itzuli da liburu honetan, zure kartzelaldia kontatzen duzu eta. Zergatik?
Ez beti. Baina urte mordoa bertan igaro eta gero, ezinbestean itzultzen zara bertara, zure bizi esperientziaren zatirik gogorrena han igaro duzulako. Josebaren poema bat da zuk aipatzen duzun zati hori. Bost urte izan ginen batera hainbat kartzelatan: Carabanchel, Puerto, Herrera… Joseba beti izan dut gogoan, ni idazle hargatik naizelako hein handi batean. Nire liburu askotan agertzen da era zuzen edo zeharka kartzelaren aipamena. Ebitaezina izan da nire bizitza literarioan. Oraingo honetan, aldiz, zuzen-zuzenean oratu diot zezenari adarretatik. Denbora igaro behar izan da, haatik, langintzan honetan hasteko. Denboraren joanak ematen duen objetibotasun puntu hori bilatu nahi izan diot testuari, nahiz eta zaila izan objetiboa izatea nobelan norbera denean protagonista nagusi. Urteetan izan ditut lagunak atzetik kartzelari buruzko liburua idatzi behar nuela esaten. Neure esperientzia kontatu behar nuela… Eta nik egokiera inoiz ez bilatu. Agian neure burua prest ikusten ez nuelako ibili naiz luzamendutan.
Urte asko egin zenituen preso. Bizipen eta esperientzia ugari. Liburuan zelan jaso dituzu? Zer daukate testigantzatik eta zer literaturatik?
Uste dut nire azken liburu honek dena duela literaturatik. Idatzizko adierazpen oro da literatura. Liburuaren lehen bertsioa idatzi nuenean eta lagunei irakur zezaten eman, iritzi kontrajarriak jaso nituen. Batek esan zidan kronika kartzelarioa zela, besteak, bazuela nobela historikotik zerbait baino gehiago, harik eta Josebak hauxe esan zidan arte: “Testigantza liburu bat idatzi behar duzu, Karlos”. Baina nire asmoa ez da izan soil-soilik testigantza liburu bat idaztea. Atxagak esan berri du, beraren azken liburuaren aurkezpenaren abaroan, berak bi esku erabili dituela libura idazteko: “Batarekin oroimena/testigantza baliatu dut idazteko, eta oroimenak huts egin didanean, beste eskuarekin irudimena baliatu dut idazten jarraitzeko”. Nik, Atxagak bezala, antzeko prozesua bizi izan dut neure nobela taiutzean. Jack London idazle amerikarrak nobela asko idatzi zituen beraren esperientzia bitala oinarri zuela: Letagin zuri, Pirataren ibilaldia (nik neuk euskarara ekarria) eta beste hainbeste.
“Norberaren egiak besteenekin osatzen dira”, berriro ere Sarrionandiak, hitzaurrean. Zein dira liburuan dakartzazun egiak?
Neure egia. Egia txikiak, egia absolutua osatzen dutenak. Mikel Antzak dio egia ez dela existitzen. Egia fikzio bezala baino ezin dela kontatu. Hortaz, literaturaren bitartez baino ezin da egia kontatu. Edo ez. Norberaren esperientzia bitalaz kontziente izan eta hori kontatzea egiaren kontzeptutik hurbilen dagoena dela uste dut. Nire liburu honetan egia txikiak dakartzat, gezurrik bat bera ere ez, nik bizi izandako esperientziatik ondorioztutako nobela da irakurleak esku artean duena. Gainera, nire asmoa ez da izan nobelak garatzen duen harian irakurleak sinestea edo ez. Nobela honekin nik ez dut moralizatu nahi izan. Kontzientziak ikuspegi morala du, jakina, eta egiak zer esanik ez. Nik bizi izandako esperientzia kontatu dut nobela honetan, literaturaz jantzia, eta gogoko ditudan abestiez apaindua.


