Arantza Saez de la Fuente: "La profesión de diseñadora de moda me ha permitido trabajar desde la creatividad"
- Fecha30 de Enero
- Temática Otros
Modako estilista-diseinatzaile gisa hasi zuen bere ibilbidea Arantza Saez de la Fuente Calvok (Bilbo, 1966). Gainera, marrazketa artistikoan, olioan, akuarelan, ehungintzako materialarekin egindako eskulturen sorkuntzan eta argazki-narratiban ere trebatu da. Jaiotzez Bilbokoa den arren, Etxebarrin bizi da Saez de la Fuente eta bere lanaz aritu gara berarekin.
Artea zure bidea dela esan daiteke. Hala esan dezaket, bai. Artea beti izan da nire bokaziozko pasioa, eta txiki-txikitatik interesatu zait bide horretan trebatzea. Hala ere, bidea ez da erraza izan. Administrazioko teknikari espezializatu gisa titulua lortu nuen, baina moda diseinatzailearen lanbidea izan da sormenetik lan egiteko aukera eman didana.
Somenetik abiatuta, hortaz. Artearen adar ezberdinetan trebatu naiz. Modaren estilista-diseinatzailea ikasi nuen Bilboko Diseinu Eskolan (IADE), eta profesional handiekin trebatzeko zortea izan nuen. Arteari dagokionez, IADEn jaso nuen prestakuntza oinarria izan zen gainontzeko adarretan trebatzeko. Izan ere, edozein objektu, musika, perfume, giro, paisaia eta abarretan inspiratzen irakasten ziguten, testurak lantzen genituen, eta diziplina artistiko desberdinak ikasi genituen.
Artearen zein adar jorratzen duzu gehien? Egun, diziplina guztiekin egiten dut lan, instalazio artistikoak sortzeko. Dena den, agian pintura da gaur egun gehien erabiltzen dudan diziplina, bai teknika mistoan bai argazkigintzan.
Pinturan, zein eskoletan trebatu zara? Oso txikia nintzen aita ikusi nuenean olio-pintura erabiltzen. Horrekin ehundura ezberdinak lortzen zituen eta baserrien maketak marrazteko erabiltzen zituen. Urte batzuk geroago, senide batek olioz margotzeko lehen jarraibideak erakutsi zizkidan, eta 1995ean Santutxuko pintura- eta marrazketa-akademia batean izena eman nuen. Urtebete geroago, 1996an, Justo San Felices artistak eta bere emazteak, Carmen Mateosek, Galdakaon zuten pintura estudioan hasi nintzen olioa margotzen. Hala ere, produktu kimikoekiko alergia batek eragotzi zidan diziplina horretan jarraitzea. Ordea, Euskal Akuarelisten Elkartea ezagutu nuen Bilbon, eta horren bidez, akuarelaren teknikan espezializatu nintzen. Akuarelista handien eskola magistral ugaritara joan nintzen urteetan.
Eta, Munduko hainbat tokitan erakutsi ahal izan dituzu zure pintura lanak. Hala da. 1996tik aurkeztu ditut nire lanak toki ezberdinetan. Hala nola, Etxebarriko, Basauriko, Galdakaoko, Bilboko, Eibarko, Barakaldoko, Burgoseko, Elxeko, Alacanteko edota Carmauxeko (Frantzia) Kultur Etxeetan; Bilboko, Getxoko, Barakaldoko, Iruñeko, Bartzelonako, Jáveako, Baionako, New Yorkeko edota Zuricheko Arte Galerietan; Marbellako, Londreseko edota Miamiko Arte Azoketan; eta Milaneko Castello Visconteo eta Abbiategrasso jauregian edota Cracoviako Arte Jauregian.


