Gorka Arrese: "Los últimos 15 años han sido los mejores de nuestra literatura, pero lo mejor está por venir"
- Fecha27 de Abril
- Temática Literatura
Lehen beti topatzen genuen Zarautzen, lanerako aitzakian. Azken aldian, ordea, Donostian elkartzen gara Gorka Arreserekin, laneko larritasunetik urrun. Erretiroa hartuta dago-eta. Kontuz, 53 urte baino ez ditu, egingo ditu beste gauza batzuk. Beste gauza asko, seguruen. Baina ia ezinezkoa zirudiena iritsi da: Gorka Arrese jada ez da Susa argitaletxeko editorea. Otsaileko egun eguzkitsu batean harrapatu dugu elkarrizketa hau egiteko, eta, bide batez, hemen agertuko ez ditugun kontuez jarduteko. Zer da, izan ere, editore-idazle harremana, sekretuz betetako zerbait ez bada?
Arraroa egiten zait elkarrizketa hau zurekin egitea, Gorka; orain arte idazlea eta editorea izan gara, orain ordea kazetaria eta elkarrizketatua.
Zu eta biok lagunak gara. Literaturaz solas egin izan dugu ia beti, baina baita ere liburuen azalei buruz. Susarako azal mordoa egin duzu zuk, hogei bat bai. Asko gustatu zait zurekin lan egitea, ondo pasatu dugu. Beraz, mesedez, ez egin gaur galdera zailik.
Ados!… Argia-n ibili zara, Egunkaria-n, Susan… euskararekin lotutako saltsa askotan alegia: edo euskara oso txikia da, edo zu oso handia zara.
Zorte handia izan dut. Gure kulturako une historiko txiki batzuk bizitzea tokatu zait 1985etik hona, adiskide onak izan ditudalako bidean. Ez naiz euskaltzale porrokatua, literaturzalea naiz funtsean. Eta nik ez dut gauza handirik egin, idazleei lagundu besterik ez. Konstantzia eta doitasuna, hori eskaintzen saiatu naiz.
Euskaltzaindia bakarrik falta zaizu.
Aukeran, nahiago ez; hor ezingo nuke lagundu. Traketsa naiz euskaraz, beti ikasten! Baina badut amets bat: euskalduntze masibo baten ahalegin politiko eta sozial bat ezagutzea laster. Ez dut ulertzen nolatan ez dugun halakorik abiatu oraindik.
Dagoeneko kontatu duzu zergatik utzi duzun, baina uste dut merezi duzula aitor dezadan, publikoki aitortu ere, azken momentuan zenuen idazleen kartera akaso inoiz inolako euskal editorek izan duen onena izan dela: Harkaitz Cano, Koldo Izagirre, Uxue Alberdi, Kirmen Uribe, Eider Rodriguez, Iñigo Aranbarri, Jose Luis Otamendi, Mikel Peruarena… Oso argi eduki behar da hartu duzun erabakia, hori guztia uzteko.
Aizu, uste dut pixka bat… nola esango nuke… oldarkor etorri zarela, ezta? Edo bihotza hunkitu nahi didazu. Ba, bai, sekulako pena daukat; pena ez, inbidia daukat, ez naizelako gehiago editorea izango. Horixe da egin dudana urte luzetan. Asko disfrutatu dut, asko ikasi dut, poz handiak izan ditut, itxaropena daukat idazle horiek beren lan onenak hurrengo urteetan emango dizkigutela. Gure literaturaren historia osoko urte onenak azken hamabostak izan dira nire ustez, baina ez dugu ahaztu behar onenak etortzeko daudela, eta editorialki urte horiek landu behar dira indar dinamiko berri eta biziago batzuekin. Aurten beteko ditut 53 urte; zazpi berehala igarotzen dira, eta sartuko naiz 60etan. Tokia egin behar zaie editore gazteei, gauza berriak gerta ahal daitezen, ausartak izan gaitezen 20etako hamarraldian, aurrerapen garrantzitsuak egin behar dira-eta datozen hamabost urteetan.


