Maider Legarreta: «La escuela no ofrece nada para aprender música»
- Fecha17 de Marzo
- Temática Música
Kantari, eta Kantua ikasten Maider Legarreta Musikenen. Estresatuta ere badabil aldi honetan, estu hartzen baitituzte irakasleek bertan ari diren ikasle bakanak. Hala ere, tartea egin digu, The Road albuma kaleratua duen Kantu ikasle kantariak
Kantaritzat definitzen zaituzte, “Maider Legarreta, abeslaria”, oraindik musika ikasketak egiten ari zaren arren.
Ikasketak egiten ari naiz, baina txikitatik egon naiz ni musika ikasten. Kantua ikasten, berriz, orain dela bost urte hasi nintzen. 4 urterekin sartu nintzen musika ikasten. Lehenengo, 6 urte nituela, trikitia jotzen hasi nintzen –eta jotzen segitzen dut–, baina gero, gitarra ikasten ere hasi nintzen, eta pianoa, eta kantua... Musikenen sartzeko, ordea, espezializatu egin behar nintzen: jazz modalitatea aukeratu nuen eta, horren barruan, kantua ikasten nabil.
Lau urterekin, musika ikasten sartu zinen, edo gurasoek sartu zintuzten?
Bietatik apur bat. Amak pentsatzen zuen musika hezkuntza oso inportantea dela ume txikientzat, burua garatzen laguntzen duela, beste perspektiba batzuez jabetzen. Musikak bizitzako beste arlo askotarako ere balio duela pentsatzen zuen. Aitari, berriz, beti gustatu zaio musika, eta ados zen ni musika ikasten hasteko, eta horrela hasi nintzen, lau urterekin musika eskola txiki batean. Gero, bost urterekin, Galdakaoko musika eskolan hasi nintzen.
Trikitia, lehenengo.
6 urterekin hasi nintzen. Soinua jotzen dut, eta panderoa ere bai; eta kantatu ere bai, jakina. 11 urterekin, trikiti piezak konposatzen hasi nintzen, letra eta guzti, eta maketa moduko bat ere grabatu nuen sasoi hartan lagun baten etxean. Musika eta hitzak nireak izan ziren maketa hartan. Ikusten, pentsatzen eta sentitzen nituenak ipini nituen pieza haietan: naturari buruz, Euskal Herriari buruz… ari nintzen kanta haietan. Eta instrumentalak ere baziren pieza batzuk. Korrika txikiaren musika bat ere egin nuen, eta zenbait eskolatara zabaldu zen.


