Departamento de Cultura y Política Lingüística

Festival Internacional de Teatro de Vitoria-Gasteiz: Entrevista a Marta Monfort

  • Marta Monfort (a la izquierda) con Ana Pimenta (a la derecha)

Marta Monfort Ayestaranek, Gasteizko Antzerki Sarearen programazio arduradunak, denbora luzea darama aurten 41 urte beteko dituen Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren ibilbidea jarraitzen. Berarekin hitz egin du Kulturklikek aurtengo edizioari eta etorkizuneko erronkei buruz.

"Lau hamarkada ametsei ateak zabaltzen". Zer amets sorraraziko dizkie Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak aurten ikusleei?

Udazkenero bezala, emozioz beterik dator programazioa. Publikoak Antzerki Jaialdian konfiantza handia dauka, eta bere eskaintza ezagutzeko irrikaz dago beti. Aurten, berriro ere, ikusle aktiboak eskatzen ditu Jaialdiak, hots, eserlekuan edo aretoan antzezlanez gozatzera mugatu ordez, beren inplikazioa, iritzia eta erantzuna behar ditugu. Solasaldietan parte hartzera gonbidatzen ditugu, eta zenbait sormen tailer ere eskainiko ditugu. Horrez gain, ezohiko espazioetan ere hainbat lan antzeztuko dira (Off Lokal), eta eszenatoki gainean talde artistikoekin esperientzia konpartitzeko parada ere egongo da (Azken trena Treblinkara antzelana, Janusz Kòrczak-i eingako omenaldia). Bertoko, Estatuko zein nazioarteko aurtengo lan eszenikorik onenak ikusteko aukera eskaintzea da, batez ere, Jaialdiaren xede eta balio nagusia.

Oso ikuskizun ezberdinak, genero guztietakoak, antzerki klasikotik abangoardisteneraino. Eskema hori mantentzen al da? Ba al dago nabarmentzea merezi duen adibiderik?

Gasteizko Antzerki Jaialdiak nazioarteko begirada eta proposamen abangoardistak jasotzen ditu, batik bat. Betiko ezaugarriak mantenduko dira aurten ere. Estreinaldiez, egungo antzerkigile ospetsuen antzezlanez eta bertoko sortzaileen lanez gozatzeko parada egongo da.

Zer ekarpen egiten dio Jaialdiak hiriko arte eszenikoen sormen sareari?

Lehen aipatutako helburuez gain, bertoko sormena sustatzearen eta indartzearen aldeko apustua egin izan du beti Jaialdiak. Zentzu horretan, hemengo konpainiei zenbait proposamen eskaintzen dizkie, lan berriak sortzeko. Era horretan, Jaialdia beren lanak aurkezteko erakusleiho bihurtzen da Arabako konpainientzat, gero tranpolin gisa lanak Estatuan zehar mugitzeko. Halaber, gure ustez, Jaialdian parte hartzeak prestigio handia ematen die.

Egongo al da nabarmentzen ari diren egileei eskainitako atzera begirako saiorik?

Badago lan bat, Lindsay Kemp-en Kemp Dances, nolabait iraganari begiratzen diona; Lindsay Kemp erreferentzia garrantzitsua da Jaialdiarentzat. Lindsay Kemp-en balioak Jaialdiarenak dira: berrikuntza, arriskua, emozioa...

Eta tokiko konpainiak sustatzeko ahalegin berezirik?

Bai, aurten bertoko 10 konpainiak parte hartuko dute. Estreinaldiak eta eskolentzako saioak egongo dira. Oso bereziak dira bi ekitaldi horiek: Off Lokal-ek mikroantzerkia delakoa egiteko espazioa eskaintzen die Gasteizko konpainiei; Enred@ados-ek, bestalde, Baratza aretoarekin elkarlanean, ikusleak aktoreengandik hurbil egoteko aukera emango du, eszenatoki gainean berakiekin istorioa konpartitzeko aukera, alegia (Usteak ustel).

Izango al da antzerkiari buruz eztabaidatzeko eta hausnartzeko gunerik?

Bai, arte eszenikoen jardunaldiez eta solasaldiez gain, bisita gidatuak eta aktoreentzako zenbait tailer ere izango dira. Solasaldiak bereziki interesgarriak izaten dira, zuzendariek eta aktoreek aukera izaten baitute ikusitako lanari buruz publikoarekin eztabaidatzeko.

Zein dira etorkizuneko erronka nagusiak?

Batez ere, publikoaren berotasuna eta sortzaileen inplikazioa mantentzea da xede nagusia; erronkak, aldiz, diru gehiago eta azpiegitura modernoagoak lortzea. Horrela, orain ekarri ezin ditugun konpainiak gonbidatu ahal izango ditugula pentsatzen dugu (Toenlgroep, Robert Lepage, eta abar).