Jon Basaguren: «Hay que darle a cada canción lo que pide»
- Fecha15 de Diciembre
- Temática Música
Euskaltegiko jarduna erabat alboratu ez duen arren, buru-belarri bueltaka dabil musikaren ardatzean Jon Basaguren (1984, Gasteiz). Alde batetik, gauero ekartzen dizkigu zirkuitu komertzialeko zein autoekoiztutako nobedadeak Euskadi Irratiko ‘Zidorrean’ saioan. Bestetik, Izaki Gardenak taldearekin ‘Aurri gara’ diskoa kaleratu berri du
Zer esan nahi du ‘Aurri gara’ horrek?
Elhuyar hiztegiaren arabera espainolez ruina esan nahi du ‘aurri’ hitzak. Iaz, euskara klaseak ematen nituela, klasean landu genuen testu batean ‘Mesopotamiako aurriak’ azaldu zen. Aditz lokuzio bezala ere ikusi genuen: ‘aurri izan’. Marabilla bat zela pentsatu nuen!
Erortzear den eraikina da Izaki Gardenak?
Kar, kar, kar! Ez, ez! Hiztegian ere azaltzen zuen, eraikin bat egiterakoan oraindik hormak eginda ez daudenean eta hezurdura besterik eraikita ez dagoenean, horri ere deitu dakiokeela aurri. Egia esan, izena erabaki genuen garaia oso arraroa izan zen…
Beraz, momentu pertsonalarekin lotura dauka sorkuntza lanak.
Aurreko diskoan oso arrazionala izan zen dena, eta honetan, ordea, oso inpultsiboa. Hitza topatu eta horrela deitu behar zela sentitu nuen, oraindik kanten hitzak idatzi gabe nituen arren. Aurri gara ez da zentzu ezkorretik ulertu behar, gizakiak babesgabe egoteari lotuta baizik. Babesgabe egotea ospatu nahi du diskoak. Erraz eta azkar har dezakegu min, eta, era berean, min horretatik asko ikasi dezakegu.
Inpultsiboki hartu zenuen erabakia, eta taldekideek ez zuten kontrakorik adierazi.
Noski ezetz –ironiaz–. Nahiko garbi utzi genuen taldean nik hartuko nituela erabakiak. Taldekideak oso pozik daude kontu horiekin ez dutelako bururik hautsi behar! Beste talde batzuetan ibilitakoa naiz, eta Izaki Gardenak sortu genuenean, bada, sortu genuen nire kantak egiteko, eta horregatik nik hartzen ditut erabakiak.


