Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

86. Muxika dorrea (Muxika)

6. ETAPA: GERNIKA-LUMO • BILBAO

Herrixkatik jauntxoen nagusitasunera

Muxikako San Roman ermitaren inguruan, jauntxoen jauregi bat dago, lekuaren izena zeraman leinu batena izan zena. Dirudienez, Muxikako antzinako oinetxea du jatorria, eta, dokumentu idatzirik ez dagoenez, ezkutuan geratu zaigun une batean, Euskal Herriko leinu nagusietako batekin lotu zen: Abendañotarrekin. XIV. mendearen hasieran, familia horrek Aramaioko (Arabako herri berean), Urkizuko (Diman) eta Muxikako etxeak gutxienez kontrolatzen zituen . Hurtado García Abendañokoak, bere hiru seme-alabetako bakoitzari, ondasun horietako bat utzi zion.

Adar horietako bakoitza hazten joan zen eta botere handiagoa lortu zuen. Horretarako, mekanismo erabilienetako bat ezkontzena izan zen, jaunen ondarea eta eragina handitzeko balio baitzuten. XIV. mendearen amaieran, oinetxearen oinordekoa, Maria Alonso Muxikakoa, Gonzalo Gomez Butroekoarekin ezkondu zen, Bizkaiko oinaztarren buru nagusiarekin. Muxikatarren estrategiaren aldaketa horren ondorioz, Aramaioko eta Urkizuko Abendañotarrak, euren senideak, eurekin gerran sartu ziren, aurkako bandokoak, ganboatarrenekoak, baitziren.

Gerra gaizto horren historia ez da Europako beste leku batzuetan gertatzen direnen oso bestelakoa. Badirudi interes kontrajarriak dituzten familien arteko liskarrak kuartelik gabeko borroka bihurtzen direla, interes materialengatiko gatazkak leinuaren ohorearen defentsarekin eta iraganeko laidoengatiko mendekuarekin nahasten dituena.

Horrela, bandoen arteko borroka odoltsuak ohikoak izan ziren XV. mendearen zati handi batean, hala nola Otxandion eta Arrasaten 1410ean eta 1448an (bi herrien sutea eraginez) eta Mungiako 1437ko eta Elorrioko 1468ko guduetan. Hala ere, XV. mendearen erdialderako Trastamaratarrek bakegintzaren eta jauntxoen indarkeria amaitzearen aldeko jarrera hartu zuten. Garai berrien ikurra, Butroe-Muxikatarrak eta Abendañotarrak 1470ean Mungiako guduan elkarrekin borrokatu ziren eta Haroko kondea garaitu zuten, Bizkaiko Jaurerría bereganatu nahi zuena.

Bake garaietarako jauregia

Butroe-Muxikatarrek jauregi handi bat eraiki zuten Behe Erdi Aroko dorrea zegoen tokian. Eraikin zaharretik oraindik paretaren bat geratzen dela dirudi (2,5 metro baino gehiagoko zabalera duena). Oinplano angeluzuzenekoa da, luzanga, eta kanpoaldeko murruz hesitutako patio bat du albo batean atxikita; harlangaitzekoa da, eta baoak eta ertzetako kateak harlanduzkoak dira. Itxura opakua eta itxia izaten jarraitzen du kanpoko fatxadetan, baina ez patiokoan.

Sarrera, kanpoaldeko itxitura-horman irekitzen den ojiba-bao batetik egiten zen, eta, behin patioan, zuzenean areto handi ireki batera igotzen zen, arku eskartzanoko leihoek argiztatzen zutena. Beheko pisuan baoak oso aldatuta daude, baina antzinako leiho germinatu bat identifikatzen da, hori ere arku eskartzanoan. Eraikinaren estalkia ez dator bat aurreko sistemarekin, hegalkina handiagoa baitzuen eta besoetan bermatzen baitzen, barneko fatxada zeharkatzen duen mentsula-ilara baten gainean zegoen habe baten gainean.

Partekatu

unesco