Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

30. Mollarriko kargategia (Zarautz)

2. ETAPA: DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN • ZARAUTZ

Iragan handiko irla txikia

1906an Compañía Minera Asturiana enpresak Mollarriko mea-zamalekua eraiki zuen Zarautzen. Izan ere, lerro zuzenean handik 11 km-ra, Andazarraten (Asteasu) zeuden meategi batzuen jabe zen, eta minerala atera ondoren, aireko tranbia baten bidez itsasertzeraino garraiatzen zuten. Hiru arrazoi izan zituzten zamalekua kokapen horretan jartzeko: lehenik, mea garraiatzeko merkantzia-ontzi handiak hartzeko egokiak ziren portuak (Pasaia, Donostia edo Getaria) urrun zeuden; bigarren, gertuko portuak ez ziren fisikoki egokiak lan horretarako (Orio eta Zarautz); hirugarren, irlaren egokitasuna eta haren ekialdeko senadia. Mollarriko instalazioak zenbait urtez erabili ondoren, 20. hamarkadan bertan behera utzi ziren. Industria-jarduera bizi hura eten zenean, Mollarrik lehengo izaera ezatsegina berreskuratu zuen: antxeten bizileku eta lanperna-arrantzaleen eta kontrabandisten paradisu.

Zarauzko arrantzaleek Kantauri itsasoaren haserrealdiei aurre egiteko arazo ugari dituen herriko kai txikia baliatu behar izan dute; deigarria da nola ez duten inoiz eraiki beren beharrizanei erantzuteko portu-azpiegitura egokirik Mollarriko irlan, ez zamalekuaren aurretik ez ondoren. Agian, Talaimendiko labar malkartsupean kokatuta egoteagatik baztertuko zuten kaia eta etxebizitzak irla inguruan jartzeko ideia. Edonola ere, Zarauzko arrantzaleek irla horrek portu gisa dituen aukerak baliatu izan dituzte iraganean. Gaur egungo izena, Mollarri, portu-lanekin erlazionatuta dago eta 1906ko zamalekuari dagokio. Toponimoa bera, halaber, oso berria da, XX. mende erdialdera arte Mallarri edo Mailarri esaten baitzitzaion. Izen hori Umailarri hitzetik dator, eta azken hau XVI. lehen erdiko Umailako Harria izenetik. Izen hori gaur egun indarrean dirauen ohitura batekin lotu daiteke: Zarauzko portuko erabiltzaileek Mollarri irla erreferentziazko elementu gisa darabilte, hondoko itsasoa dagoen ikusteko edota ekaitza denean olatuen tamaina neurtzeko.

Mendetan zehar Mollarri irla eta hark babesten duen senadia Zarauzko balea arrantzaleek babesleku gisa erabili zuten balearen ehiza-denboraldian, neguko hilabeteetan: batetik, leku horretan txalupak haizetik babestuta zeuden, bestetik, Talaimendiko labar ertzeko talaian talaiariak egoten ziren. Zarauzko hiribilduak Mollarriko balea-ehizako jarduera horiek idatziz arautu zituen 1637an (Ordenanzas sobre Ballenas).

Industria-ondare erromantikoa

Mineral-zamalekuaren hondarrak kostaldeko paisaia zakar baten erdian kokaturik daude Mollarri irla eta lurraren artean, antzinako piraten elezahar batetik ateratako gazteluen aztarnak bailiran. Lurreko aldean, labarreko sakan batean, merkantzia-ontziak iritsi arte minerala gordetzeko biltegi zahar baten hormak ageri dira. Eraikin handia da, hareharrizko harlangaitzezkoa, eta hainbat silo ditu minerala gordetzeko. Mea bagonetatan kargatzeko, siloetan ate txiki batzuk zeuden, gotorleku zahar batean kanoi-zuloak itsasora begira egoten diren moduan. Labarraren oinetan, olatuek kolpatzen dituzten harkaitzetan finkaturik, harlangaitzezko ostiko handiak altxatzen dira, irla eta lurra lotzeko kablea eusteko zutoinak bertan kokatzeko balio zutenak; gaur egun erdi hondoratutako gaztelu zahar baten dorreak gogorarazten dituzte. Mollarriren ekialdean kai bat dago, eta zamalekuaren garaian minerala zuzenean merkantzia-ontzien sotoetara zeraman egitura metalikoa han kokatzen zen.

Partekatu

unesco