45. Los Husos kobazuloa (GUARDIA)

6. ETAPA: SANTA CRUZ DE CAMPEZO • LAGUARDIA

Nola hasi zen Neolitoa Toloño mendilerroan

Toloño mendilerroa Kantabria mendilerroaren baitan dago. Mendilerro hori Arabako Errioxa eta Arabako gainerako lurraldea bereizten dituen muga naturala da; hortik datorkio eskualde horri mahatsa hazteko hain egokia den mikroklima. Iparraldean pagadiak ditu, eta hegoaldean erliebe malkartsu eta harritsua, nongo mendietan Historiaurrearen azken zatian okupatutako harpeak dauden, hala nola Peña Larga, San Cristobal eta Peña Pardakoak, bai eta Los Husos I eta II haitzuloak ere. Okupazio horretan eragin zuten, batetik, babesean egoteko orografia egokia izatea, eta bestetik, bidegurutze batean egotea.

Arabako Errioxa hainbat bidek bat egiten zuten gunea zenez, hainbat lekutako eragina jaso zuen: Mediterraneokoa, Ebro haranetik barrena zetorrena, Mesetatik iristen zena eta Kantauri kostaldekoa. Neolitoak Historiako iraultzarik garrantzitsuenetako bat ekarri zuen, jatorrizko biztanleen bizimodua erabat aldatu zuena: nekazaritza eta abeltzaintzaren hasieraren ondorioz populazioa egonkortzen ari zen, gizartea sedentarioago eginez. Arabako Errioxako lehen okupazio neolitikoak K. a. VI. milurtekoan gertatu ziren, Mediterraneo aldetik Ebro ibarrean gora artzainak iritsi baitziren: elementu berritzaileak ekarri zituzten, hala nola etxekotutako ardi-abeltzaintza edota kardial motako dekorazio-motiboak zituen zeramika. Hasieran, okupazioak aldi baterakoak izan ziren, eta pixkanaka egonkor bihurtu ziren. Peña Largan, mendilerroaren hego isurialdeko kota altuena duen harpean, okupazio-maila zaharrenaren aztarnak aurkitu dira (Neolito Zaharra). Beraz, Neolitotik hasita Brontze Arora arte, Toloño mendilerroan harpeetako kokaleku txikiak garatu ziren (kasu batzuetan erromanizazio garaira arte: Los Husosen, kasu baterako).

Horrez gainera, Kantabriako mendilerroaren oinean beste prozesu kultural bat gertatu zen Neolito amaieratik Brontze Beteraino (K. a. 1000 urte inguruan): hileta megalitoen eraikuntza, Euskal Herriko dolmen-multzo garrantzitsuenetakoa osatzen duena.

Los Husos I eta II harpeak

Bi kobazuloak Peña del Leon gailurraren azpian daude, ia haranean. Funtsezkoak dira Euskal Herriko Historiaurrean, izan ere, bertan ikusten dira lehen aldiz etxe-abeltzaintza finkatua eta zereal-laborantzaren zantzuak. Iberiar Penintsularen iparraldeko Historiaurreko aztarnategi garrantzitsuenetako bat da.Aurkitutako aztarna zaharrenak VI. milurtekoaren erdialdekoak dira: batetik, behien, ardien eta ahuntzen hezurrak agertu ziren, eta animalia horiek jaten zituzten pertsonekin batera bizi zirela ikusi zen. Bestetik, zerealak landatzen zituzteneko lehen zantzuak ageri dira. Milurte horren amaieran, gizarte hartan abeltzaintza ondo errotuta zegoela ikusten da, Los Husos II delakoan aurkitu ziren egitura batzuek (ukuiluak) adierazten duten bezala. Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Errioxan aurkitu diren aztarna zaharrenak dira.

Bi harpeen barruan Kalkolito garaian ehorzketak egin ziren, giza hondakinak harkaitzen azpian kokatuz. Brontze Arotik, kanpai formako zeramiken agerpena nabarmentzen da; Kantabriako mendilerroko harpeetan mota horretako zeramika ez da hiletekin lotzen, baizik eta bizilekuarekin edo jarduera ekonomikoren bat egiteko lekuarekin.

Partekatu

Azken aldaketako data: