Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Herri kirolak TRAINERU-ESTROPADAK

| Pilota | Traineru-estropadak | Aizkolariak  Harrijasoketa
| Segalariak Idi dema | Bola-Jokoa | Sokatira | Beste zenbait joko eta kirol

Traineru-estropadak

Arraunari buruzko Plan Estrategikoa (pdf, 2 Mb)

Trainera

Itsas bazterreko gizonak bere besoen indarra behar izan zuen historian guztian zehar, haizearenaren osagarri gisa, kaletara hurbiltzeko. Eta hortik dator arrantza-txalupen arteko lehia, emozioz beteriko kirol honen jatorria, traineru-estropadak, alegia. Traineru bateko tripulazioa hamahiru arraunlarik eta norabidea ezartzen duen patroi batek osatzen dute.


 

 

TRAINERUETAKO ARRANTZA-USADIOA



Patroia izaten zen, normalean, ontziaren jabea, bai eta arraunena, sareena eta arrantzarako beharrezkoa zen edozein tresnarena ere. Ahozko kontratu bidez erreklutatzen zuen tripulazioa, alderen baten borondatez amaitzen zena. Arraun-ontzietako ordainsaria arrantza-produktuaren banaketa proportzionala izaten zen, eta ez soldata finkoa. Arrainaren salmentatik lortutako guztirakotik garnata, jakiak eta edozein motatako hornigaiak erosteagatik sortutako gastuak likidatzen ziren. Ondoren, %25a sare eta trainerurako gordetzen zen, eta gainerakoa tripulatzaileak beste zati egiten zen.


Hasiera igoLEHIAKETAKO TRAINERUAK. ARRAUNKETA-ESTILOA


Arrantza-traineruak 1916 arte estropadetan erabilitakoak izaten jarraitu zuten. Baina urte hartan Vicente Olazabalek traineru estilizatu bat egin zuen Mutrikun Getariko tripulazioarentzat, 400 kiloko pisukoa, "Golondrina" izenez bataiatu zutena.

Garai berean, arrantzarako bapore-ontziek behin betirako zokoratu zituzten arraun indarrez mugitutako itsas zabaleko ontziak. Lehiaketarako baino ez ziren traineruak egiten hasi ziren. Arrantza garraiatzea beharrezkoa ez zenez, traineruen diseinua aldatu egin zen. Erruna eta pisua gutxitu ziren, nahiz eta arrantza-traineruaren 12 metroko luzera "klasikoari" eutsi zitzaion. Gaur egun Arraun Federazioak estropada ofizialetan erabilitako ontzien ezaugarriak ezartzen ditu, eta ondokoak dira, hain zuzen:

a) Elkarzuten arteko gehienezko luzera .................................... 12 m.
b) Zuaker nagusiaren beheko gutxienezko erruna ................... 1,72 m.
c) Arraunik eta osagarririk gabeko ontzien gutxieneko pisua ... 200 Kg.

Ontzien eta arraunen eboluzioak arraunketa erabat aldatu du. Joan den mendeko kalera astun baten arraunketak ez du inolako antzik gaur egungo traineru estilizatu batenarekin. Lehen arrauna luzea eta ontzia astuna zen, eta horrenbestez arraunketa gerri-jokoa zen, mantsoa, sakona eta jarraitua. Pisua gaur egungo ontziek dutenera gutxitzearekin batera, besaurre-jokoak gerri-jokoa ordezkatu zuen. Erritmoa azkartu egin zen eta palada laburtu.

Arraunketa-erritmoa itsasoaren egoeraren arabera aldatzen da. Ur harroetan palada motzak arraunkada asko galtzea eragingo luke. Arraunketa ur bareetan baino sakonagoa izaten da orduan.


Hasiera igoTRIPULAZIOAK ETA PATROIA


Joan den mendeko estropadetan traineruaren oinarrizko tripulazioa arrantzera irteten zen bera izaten zen normalean, nahiz eta lagun zaharrenak ordezkatu egiten zituzten, lehian parte hartzen ez zuten beste koadriletako arraunlariak jarriz. Garrantzi handiko lehiaketetan benetako selekzioa egiten zen, errefortzu gisa herriko trebeenak aukeratuz. Honela, Ondarroa eta Donostiaren arteko estropadan, 1890eko abenduaren 2an, Carrilek bere arrantza-ontziko edo "konpainiako" sei arraunlari ordezkatu zituen, Donostiako beste hainbat patroiek utzitako onenak jarriz. 1910 eta 1920 artean baporeak arrauna arrantza-ontzietako trakzio-indar gisa behin betirako zokoratu zuenean, traineruko tripulazioa estropada ofizialetarako prestatzeko entrenatzen hasi zen. Arrantza-sardetara arrauna egitea ez zen jada eguneroko lana, eta horrek etengabe sasoi-puntu onean egotea ahalbidetzen zuen.

Lan-orduetatik kanpoko entrenamenduak lan-ordutegia zuten lur lehorreko enplegatu gazteen mesederako ziren. Arrantzaleak, baxurakoa izanda ere, bizimodu alderraia zeraman, portutik egunsentia baino lehen irtenda ordurik eta egunik gabeko jardunaldi nekagarrirako, betiere itsasoaren, mareen eta arrain-sarden menpe. Arraunketa-jardunean hasi ondoren, "lehorrekoa" arraunlari ona izan zitekeen, eta pixkanaka-pixkanaka arrantzaleen proportzioa gutxitu egin zen traineruetan.


Hasiera igoESTROPADA-EREMUAK. TRAINERUETAKO ARRANTZA-USADIOA



Traineru-estropada ospetsuenak Donostiako Kontxakoak dira, iraileko lehenengo bi igandetan antolatzen direnak. 1879 egin ziren lehen aldiz eta jarraitasuna izan dute ordutik hona. Bilbon, tarteka antolatu dira, eta eszenatoki ohizkoenak Nerbioiko itsasadarra izan da. Tripulaziorik ezagunenak ondokoak dira: Orio, Hondarribia, Pasai Donibane, Zumaia, Pasai San Pedro eta Donostia, Gipuzkoan. Eta Bizkaian, Santurtzi, Kaiku, Zierbena, Ondarroa, Urdaibai...