Izapidetze elektronikoa
91/2023 Dekretuak (ekainaren 20koa, herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa) bere 68. artikuluan ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren Administrazio Instituzionaleko organo guztiek nahitaez erabili behar dituztela Administrazio Elektronikoaren zerbitzu eta azpiegitura komunak, baita Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek ere zuzenbide publikoari loturiko prozeduretan.
Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritza honen ustez, oso garrantzitsua da administrazio elektronikoaren zerbitzu komunak erabiltzea; izan ere, aipatutako lege-nahitaezkotasunaz gain, zerbitzu horiek behar bezala erabiltzeak herritarren eskubideak bermatzen ditu administrazio publikoarekiko harremanetan, eta bitarteko homogeneoak ematen ditu bere espedienteak izapidetzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren organo eta organismo guztietan. Horrek interakzioa errazten du, eta, aldi berean, baliabide publikoen erabilera efizientea sustatzen du, premia komunak ebazteko irtenbide desberdinak ugaritzea saihesten baitu.
Hauek dira zerbitzu eta azpiegitura komunak (68.5 art):
- Zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboa.
- Erregistro elektroniko orokorra.
- Postontzi elektroniko orokorra.
- Iragarki-taula elektronikoa.
- Gaitutako funtzionarioen erregistroa eta ahalordeen erregistro elektronikoa.
- Herritarrentzako karpeta: Nire karpeta / Mi carpeta.
- Artxibo elektroniko bakarra.
- Ordainketa-pasabidea.
- Ziurtagiriak egiaztatzeko plataforma eta beste identifikazio-sistema batzuk.
- Datu-bitartekaritzarako zerbitzuak.
- Dokumentuen autentikotasuna eta osotasuna egiaztatzeko zerbitzua.
- Izapide-kudeatzailea.
- Berariazko ereduen kudeatzailea.
- Prozedurak hasteko eskabideak masiboki aurkezteko sistema.
- Jakinarazpen-sistema.
Zerbitzuen sortzea eta digitalizatzea
Zerbitzu publiko eta administrazio-prozedurak sortu eta digitalizatzeko, ikuspen korporatiboa eta zeharkakoa erabiliko da, zerbitzu eta prozedura horien efikazia eta efizientzia bermatzeko eta politika publikoen ebaluazioan eta kontu-ematean lagungarri izan daitezkeen datuak eskuratzeko.
Izapidetze elektronikorako plataforma komuna erabiltzea eskatuko du, eta alta ematea Zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboan.
Zerbitzu eta prozedurak sortzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:
- Zerbitzua herritarrekin batera diseinatzeko aukeraz
- Prozedura sinplifikatzea eta administrazio-kargak gutxitzea
- Administrazioaren beste jarduketa batzuekiko gainjartzea desagertzea
- Hizkuntza argia erabiltzea eta dokumentu normalizatuak erabiltzeko aukera
- Zerbitzua modu proaktiboan emateko aukera, interesdunak eskatu beharrik izan gabe.
- Orobat erabiliko dira gidak, izapidetzeko oinarrizko ereduak, eta gainerako baliabideak, laguntzen dutenak sortutako kanal elektroniko korporatiboak erabiltzen; adibidez, egoitza elektronikoan eskaerak eta gainerako izapideak egiteko eredu eta formulario elektronikoak.
Azkenik, zerbitzu elektronikoek honako alderdi hauek izan beharko dituzte kontuan:
- Datu-bitartekaritzarako plataforma euskal sektore publiko instituzionaleko entitate eta administrazioentzako plataforma komuna da, datuak beren artean eta gainerako administrazioekin elektronikoki partekatzeko, eta, modu horretan, herritarrek berriro aurkeztu beharrik ez izateko dagoeneko administrazioen esku dauden datu eta dokumentuak.
- Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan eskuragarri daude izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskabide-formulariora. Informazio-fitxa hori helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/XXXXXXX (XXXXXX prozedura-kodea).
- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-eletronikoak.
- Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da. Helbidea: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
- Eskatzaileek obligazioak (adibidez, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak) betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, dagokion deialdia kudeatzen duen organoak, salbu eta modu arrazoituan kontra egiten badio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Kasu horretan, egiaztapen horiek aurkeztu beharko dira.
Horri dagokionez, gogoratu aurretik automatikoki egiaztatu behar dela zer dokumentazio dagoen dagoeneko administrazioaren esku, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan adierazitakoa betez, modu horretan murrizteko herritarren karga administratiboak administrazioarekin egiten dituzten izapideetan:
28.2. artikulua. Interesdunak ez daude beharturik jada diharduen administrazioaren esku dauden dokumentuak edo beste administrazioren batek eginak direnak ekartzera. Diharduen administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskuratu ahalko ditu, interesdunak aurka egin ezean. Ezin izango da aurka egin, dokumentua aurkeztea nahitaezkoa denean zehatzeko edo ikuskatzeko ahala baliatzeko. Administrazio publikoek elektronikoki eskuratu beharko dituzte dokumentuak, beren sare korporatiboen bitartez edo datu-bitartekaritzarako plataformei edo hartarako prestatutako beste sistema elektronikoren bati kontsulta eginez. - Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Egoitza elektronikoko iragarki-taula helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/.
- Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (izapidetze elektronikora behartuta daudenek hala egin beharko dute), egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/.
- Herritarren arretarako organo eskudunak Zerbitzu publikoen erabiltzaileei buruzko datu-base korporatiboa sortuko du; herritarrekin harremanetan jartzeko datuak jasoko dira han, eta zerbitzu publiko eta prozedura guztietarako erabiliko da.