Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Industria paisaiak

EAEko industria-paisaien azterketa hauek Euskal Autonomia Erkidegoko Paisaia Industrialen Inbentarioaren testuinguruan kokatzen dira: Euskal Kultur Ondarearen Zentroak (Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila) 2011ko ekainetik dihardu horretan. Aipatutako inbentarioa Paisaia Kulturalaren ikerketa- eta lan-ildoan txertatzen da, europar kultura-erakundeek jada hasitako bidetik.

Paisaiaren Europako Hitzarmenak, Europako Kontseiluak 2000an sinatua eta 2008an berretsia, honela ulertzen du paisaia: lurraldearen edozein zati, biztanleriak hautematen duen moduan, zeinaren izaera natur- edota giza- faktoreen ekintzaren eta elkarreraginaren emaitza den. Bide beretik, 2007an, Kultura Ministerioak Ondare Industrialaren Plana argitaratu zuen; bertan, ondare industrialaren kontzeptua jaso zen, non industria-jarduerek sortutako espazioak ere barne hartzen ziren.

Euskal Autonomia Erkidegoko paisaia industrialen ikerketa eta inbentarioan, modu zehatzagoan aztertu da paisaien hautaketa bat: ordezkaritza orekatua bilatu da, bai EAEko lurralde historikoak zein industria-sektore ezberdinak eta kronologiak kontuan hartuta. Hori guztia, horietako bakoitzak Euskal Autonomia Erkidegoko industrializazio-prozesuaren baitan lortutako garrantziaren arabera. Hautaketa horren aurretiko lana izan da paisaia industrialen tipologiak identifikatzea, horien bilakaera zehaztu duten –eta, era berean, nabarmendu dituzten– harreman fisiko eta produktiboak aztertuta. Tipologia horiek ondorengoak dira, besteak beste: ibai-paisaiak, fabrika-paisaiak, trenbide-paisaia linealak, meatze-paisaiak, paisaia iragankorrak eta hiri paisaiak.

Bi dimentsiotan aztertu dira paisaia horietako gehienak: alde batetik, marko fisiko gisa, eta bestetik, ondare-eremu desberdinek eratutako paisaia gisa. Irakurketa bikoitz horren helburua izan da paisaia ardatz jarraitu bat kontsideratzea beti, zeinaren inguruan garatu behar den osatzen duten elementu eta eremuen inguruko ezagutza. Eremu horiek osotasun gisa ?hau da, ondare-interesaren arabera, elementuen arteko loturaren arabera eta elementuok inguruarekin (paisaia-hirigintza) duten loturaren arabera? hartzeak kultura-ondarea ulertzeko moduan aurrera egitea ahalbidetzen du, baita gizartean nola hautematen diren ulertzerako orduan ere.